India izango da herrialde populatuena munduan

Txinako biztanleriak behera egin du azken urteotan, eta, adituen arabera, egun gutxi barru haren postua hartuko du Indiak. Munduan biztanle gehien dituen herrialdea bilakatuko da: 1.428 milioi lagun.

Jendetza Madras hiriko kaleetan, Indian, iaz. IDREES MOHAMMED / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Munduan biztanle gehien dituen herrialdea izan da Txina 80 urtez. 1950. urtean hartu zuen Asiako erraldoiak lehenengo postua—552 milioi biztanle zituen orduan, eta 1.425 milioi ditu egun—, eta horri eutsi dio ordutik. Baina aurrea hartu dio Indiak; izan ere, zenbait adituk iragarri dute munduan biztanle gehien dituen herrialdea bihurtuko dela egun gutxi barru: 1.428 milioi biztanle izango ditu.

Kopuruz handia izateaz gain, herrialde gaztea da India. Izan ere, 25 urtetik behera dituzte hango herritarren %40k—650 milioi lagun inguruk—, eta 28 urtekoa da biztanleen batez besteko adina. Zerrendan atzetik dituen herrialdeetan, ordea, kontrakoa da joera: Txinako biztanleek 39 urte dituzte batez beste, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetakoek —hirugarren postuan dago, 339 milioi biztanlerekin—, berriz, 38.

Horiek hala, gero eta herrialde zaharragoa da Txina, eta gero eta gazteagoa India. Hain justu, 900 milioi herritarrek baino gehiagok dute lanean aritzeko adina; eta, adituen arabera, 2047. urtean Indian jaioa izango da mundu osoko bost langiletik bat. Halere, Munduko Bankuak 2021ean emandako datuen arabera, emakumeen %19 bakarrik daude lanean han.

Emakume ia guztiak izaten dira ama, eta, hain justu, ugaltze tasa baikorra da Indiako hazkundearen gakoetako bat. Tasa hori bi puntukoa da egun; batez beste bi haur ditu emakume bakoitzak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, tasa hori mantentzen bada, eta migraziorik egon ezean, belaunaldi bakoitzak berea zehazki ordezkatuko duen beste bat izango du datozen urteetan.

Halere, Indiako ugaltze tasa nabarmen jaitsi da azken bi hamarkadotan. Izan ere, 1992an hiru eta lau haur artean izaten zituzten hango emakumeek, eta 1950ean, berriz, bost eta sei artean. Gaur-gaurkoz, 20 urterekin izaten dute lehen haurra Indiako landa eremuetan bizi diren emakumeek; 22rekin, berriz, hiriguneetan bizi direnek. Horiek hala, adituek uste dute Indiako biztanle kopuruak gora egiten jarraituko duela datozen hamarkadetan, eta ez duela behera egingo, gutxienez, 2066. urtera arte.

Datu zehatzik ez

Dena den, estimazioak baino ez dira adituek aurkeztutako kopuruak. Izan ere, 2011n jaso zituzten Indiako erroldako datuak azkenekoz, eta orduan ere zenbaketatik kanpo gelditu ziren 27,8 milioi herritar inguru. Berez, hamar urtean behin eguneratzen dute errolda. Ohiko egutegiari jarraituz, 2021ean ziren egitekoak, baina, COVID-19aren pandemia tarteko, horiek atzeratzea erabaki zuen Narendra Modi lehen ministroa buru duen gobernuak.

Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duten errolda. Gobernuak herrialdeko hedabideei adierazi dienez, teknologiaren bidez hobetzen saiatzen ari dira datuak jasotzeko prozedura. Baina oposizioak uste du 2024ko hauteskunde orokorrak egin arte itxarongo dutela, «politikoki korapilatsuak» diren kontuak saiheste aldera, hala nola langabezia tasaren datuak.

Batek gora egin duen heinean, ordea, behera egin du besteak. Txinako Estatistika Institutu Nazionalak jasotako datuen arabera, 60 urtean lehendabizikoz behera egin, eta 850.000 biztanle galdu zituen Asiako erraldoiak 2022an. Gainera, jaiotza tasa ere nabarmen apaldu da azken hamarkadan. 2021ean 1,2 puntura jaitsi zen herrialdeko ugaltze tasa, eta horrek ere eragina izan du biztanleriaren beherakadan.

Bada, Indiako hazkunde demografikoari erreparatuta, beren hornidura kateak Txinatik Indiara lekualdatzeko asmoa adierazi dute munduko telefono konpainia handienetako batzuek, hala nola Samsungek, Applek, Xiaomik eta Lenovok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.