Mundu bat bere erara omenduz

Kepa Junkera & Sorginak taldeak 'Trikitixaren historia txiki bat' disko-liburua aterako du udazkenean.Kantu berriak eta tradizionalak bilduko ditu, eta soinu garaikidea bezain «tribukoa» izango du

Kepa Junkera eta Sorginak taldeko kideak, Junkeraren estudio-etxearen kanpoaldean, Busturian (Bizkaia), sustapenerako argazki batean. GAIZKA PEÑAFIEL.
Igor Susaeta.
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Orain gutxi, hizketan ari ziren batean, Antonio Carmona Ketama Espainiako taldeko kideak esan zion Kepa Junkerari (Bilbo, 1965) izugarri gustatzen zaizkiola fandangoak: «Berak hitz egin izan dit Abichuelaz, Guitoz, eta mundu hori [flamenkoarena] ongi ezagutzen ez dugun arren, badakigu zer edo zer pertsonaia horiei buruz, elkarrizketak-eta irakurri dizkiegulako. Bada nik nahi dut berak ere [Carmonak] jakin dezala nortzuk ziren Auntxa, Sakabi, Maurizia...», azaldu du Junkerak. Ezagut ditzatela, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere, 35 urteko ibilbidean irakasle, lagun eta bidaide izan dituenak, alegia. Horretarako, eta datorren urteko efemeride borobila baliatuta —50 urte beteko ditu trikitilariak—, Trikitixaren historia txiki bat disko-liburua kaleratuko du, udazkenean, Sorginak 15, 16 eta 17 urteko zazpi emakumez osatutako taldearekin batera, miresten duen jende guztia, «mundu bat», trikitiarena, omentzeko intentzioarekin. Doinu berriak sortu ditu propio proiekturako, eta beste hainbat kantu tradizionalekin ondu du «16 edo 17 abestiko» lana; oraindik ez daki zenbat izango diren zehazki. «Modu nahiko librean, nire sortzaile ikuspegitik, interpretatu ditut piezak, eta soinu garaikidea bezain tribukoa dauka», nabarmendu du Junkerak.

Diskoan omenduko dituenak, bizi ikuskera zein ofizio bat edukitzen lagundu diotenak, hiru multzotan banatuko lituzke. Aurrenekoan daude haren aitona, Roman Urraza pandero jotzailea, eta Kontxi Urraza ama. Bigarrengoan bere lagunak sartuko lituzke: «Jose Mari Santiago, Motriku, Iñaki Zabaleta, Basurtu auzoko Beti Jai Alai eskola, non alboka eta txistua jotzen ikasi nuen...». Eta hirugarrengoan, «Euskal Herrirako leihoa» ireki ziotenak, «Gipuzkoa eta Bizkaiko landa ingurunetako jendea»: Maurizia, Leon, Rufino Arrola, Joakintxu, Sakabi, Auntxa, Epelde, Laja, Landakanda, Iturbide, Martin Zendoia...

Oraindik ez du diskoa osatuko duten piezen izenik eman —bere estudio-etxean grabatu du, Mikel F. Krutzaga soinu teknikariak nahastuko du, eta Boa diskoetxeak plazaratu—, baina muinera jotzen ahalegindu dela dio. «Instrumentuaren gainean konposatu ditut kantuak eta birsortu trikitiaren melodia klasikoak, niretzat esanahi berezia daukaten horiek, baina nire erara». Aurreratu du, adibide gisa eta hartu dituen lizentzia horien erakusgarri, laneko kantu batean bospasei kantu nahastu dituela, esaterako.«Bat-batean uztartzen dut Laja eta Landakandaren melodia bat nire melodia batekin, eta badator, badoa, badator berriro...». Argi utzi nahi du, halere, diskoak oso present duela nolakoa den trikitiaren soinua eta zer-nolako garapena eduki duen 150 urtean, harik eta Junkerak bere ikuspegi propioa eman dion arte. Laja, Epelde, Sakabi eta Auntxarenak dira bere disko kutunak, baina ez da horien modukoa izango. Trikiti eta panderoan, bere horretan, oinarritutako lan bat gauzatu zezakeela uste du; baina bere ekarpena egin nahi izan dio mundu horri; haratago joan, haren hitzetan. «Horregatik da nire historia txikia; proiektuak ez dauka trikitiaren historia edo antzekorik kontatuko duen zerbait izateko asmorik»

Halere, iruditzen zaio betiko trikitiaren kontzeptua apur bat alda daitekeela diskoan; «batez ere estrukturalki». Urteetan esperimentatu duenaren emaitza da haren iritziz, eta ekarpen eraikitzailea eta begirunetsua, berea, egin nahi dio trikitiari. «Ez da derrepentean, arratsalde batean, bururatu zaidan zerbait. Erromeriak, kontzertuak, proiektu paraleloak... Dena izan zait baliagarria mintzaira soil hori bilatzeko orduan».

Prozesuan gozatu egin du, eta horretan, diskoan txertatu zitzakeen «hainbat gauza» etortzen zitzaizkion gogora. «Trikitiaren munduak, batez ere, oso ondo ulertuko du. Musika dibertigarria da, oso alaia; ez da jakintsuentzako musika ere [umorez], baina mundu, pertsonaia, horien ironia baliatu dezakezu sortzerakoan. Epelderekin zaude, esate baterako, eta ironia, haiek daukaten umore hori, hor dago». Alderdi hori musikara eraman nahi izan du keinuen, xehetasunen, bidez. Lan berezia da Junkerarentzat, bai oso bizigarria dela iruditzen zaiolako, bai «sustraietara itzuli» dela pentsatzen duelako; «betiere ukitu garaikide bat emanez».

Keinuetako bat «perkusio munduari» egin nahi izan dio, pandero jotzaileei. «Batean Motrikuk, Leturiak, Imanolek, Iturbidek eta Landakandak jo dute panderoa». Aurretik osatu dituen beste lan batzuetan ez bezala, honetan ez ditu ez bateria, ez baxu eta ezta piano doinuak ere sartuko, adibidez; baina «oso biluzia» izanagatik indar handia duelakoan dago.

Sorginak taldeko kideek presentzia eta «freskotasuna» ematen diote proposamenari. Junkerak Gaizka Peñafiel trikitilari lagunari aipatu zion zein ideia zeukan buruan, eta proiektuarekin bat egingo zuten emakumezko gazteak bilatzeari ekin zioten: «Haiek ez zeukaten oso argi zein zen gure asmoa, baina segituan animatu ziren. Ni hasi nintzenean bezala izan da; 15 urterekin Lajak deitu izan balit bezala». Abestu eta panderoa jo dute diskoan. «Trikitiaren urrezko aroa bizi ez baina erritmoarekiko jakin-mina daukan jendea nahi nuen». Zuzenekoetan dantzatu ere egiten dute: «Alternatiba bat eman behar zitzaien, ez zedila soilik trikitia eta panderoa izan. Zerbait taldekoagoa, oholtzakoa, egin nahi nuen, ikuskizun baterako gaia emango zuena. Hori ere erronka bat da niretzat». Haren kalkuluen arabera, hamar bat kontzertu eman dituzte elkarrekin, eta «txora-txora» eginda dago taldekideek duten gogoarekin, barreiatzen duten indarrarekin eta transmititzen duten ilusioarekin.

Liburua, Joxean Agirrek

Liburua dibulgaziokoa da, Junkeraren iritziz. Joxean Agirre kazetari eta idazlea ari da idazten, eta trikitiaren historiatik abiatuz, testu generikoa eta oso hunkigarria izango da, musikariaren aburuz. Pertsonaia historikoei erreferentziak, haiei egindako elkarrizketak... «Irekia da. Bartzelonako pertsona batek, adibidez, irakurri ondoren zera esan dezala: 'Ño, zein interesgarria, nolako pertsonaiak!'. Irakurleak sentitu dezala kuriositatea, eduki dezala Auntxa, Epelde edo Zumarragako Trikitiaren disko bat entzuteko gogoa». Euskal Herriko Trikitixa Elkartea lan handia egiten ari dela pentsatzen du, baina diskoak ontzen eta jotzen osatu duen ibilbideari esker Euskal Herritik kanpo ere hark publiko bat baduela dio, eta horregatik, agian, omendu nahi duen mundu hori bide horretatik errazago erakuts dezakeela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.