AEBetako hauteskundeak. Demokratak. Maria Elena Lopez. Miami-Dadeko Alderdi Demokratako idazkariordea

«Trumpek beldurrarekin jokatzen jakin du»

Lopezen esanetan, demokraten aurkako gorrotoa bultzatzeko baliatu dituzte errepublikanoek azken hiru urteak, eta ondorioz asko dira komunistatzat dituztenak.

ARANTXA ELIZEGI EGILEGOR.
arantxa elizegi egilegor
Coral Gables
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Lau urte zituela heldu zen AEBetara Maria Elena Lopez. Gurasoekin iritsi zen, Kubako Iraultzatik ihesi. «Nire gurasoek, orduko immigratzaile askok bezala, uste zuten Castrorena bi urteko kontua izango zela, eta laster itzuli ahalko zirela». Kubatik ihesi egindako askok bezala, errepublikanoen alde egin zuen hasieran Lopezek, baina 2008an demokraten aldera lerratu zen. «Alderdia aldatu egin zen aurreko urteetan, eta eskuinera jo zuen. Ez nuen gustuko ikusten nuena».

Coral Gablesen hartu duBERRIA Miami-Dade barrutiko Alderdi Demokratako idazkariordeak. Izan ere, pandemia medio, ez dute kanpainarako bulego finkorik ireki, eta, horren ordez, ekitaldiak bultzatu dituzte.

Zer moduz doa kanpaina?

Lanean ari gara. Pandemiarekin ez da erraza. Izan ere, kaleko lana da guztia. Lehen, bulegoak zabaltzen genituen, eta jendea bertara joaten zen edo etxeetan biltzen ginen kanpaina egitera. Baina, orain, ezin dugu halakorik egin. Boluntarioei ikastaro labur bat ematen diegu, eta kalera bidaltzen ditugu.

Floridan, gainera, batez ere iparraldean, errepublikanoak dira gehienak. Sinesgaitza dirudien arren, migratzaileak, batez ere Kubatik etorritakoak, errepublikano itsuak dira. Ezin da haiekin hitz egin. Horma bati aurre egitea bezala da. Benetan uste dute [Joe] Biden sozialista dela.

[Donald] Trumpek kanpaina gogorra bultzatu du azken hiru urteotan, eta ondo egin duela aitortu behar zaio. Sinetsarazi die bere aldekoei guk, demokratok, haurrak hiltzen ditugula abortuaren alde gaudelako. Pentsarazi die sozialista-komunistak garela, ezkerreko diktadoreen pare, alegia. Eta sinetsarazi die ekonomiak berarekin hobera egin duela. Baina presidente bat boterera heltzeak ez du ekonomia goitik behera aldatzen, eta, bera agintera heldu zenean ekonomia egoera onean bazen, [Barack] Obamari esker zen, ez Etxe Zurira sartu zelako.

Zuk ere errepublikanoen alde egin zenuen hasieran, baina.

Bai hala da. Kubatar migratzailea izanik errepublikanoa izatea da ohikoena. Baina bi alaba ia bakarrik hazi ostean, ohartu nintzen alderdiak eskaintzen zidana ez zitzaidala interesatzen. Errepublikanoek eskuinera egin dute azken urteetan, eta emakumeok alde batera utzi gaituzte.

Hala ere, ezin dira zaku berean sartu Kubatik etorritako migratzaile guztiak. Batetik, 1960 baino lehen etorritakoak ditugu, zeintzuek arrazoi ekonomikoengatik ihes egin zuten handik. Asko Tampara joan ziren, han zigarroak egiteko enpresa handiak zeudelako.

1960ko hamarkadan etorri zirenak Fidel Castrorengandik ihesi etorri ziren. Kubatar zuriak ziren, eliteko kide izandakoak, eta askok uste zuten bi urteko kontua izango zela. Gehienak turista gisa heldu ziren, eta hoteletan hartu zuten tokia. Pentsa! Baina Bahia de Cochinoskoa gertatu zen, eta Castroren agintaldia luzatu egin zen, Kuba Errusiaren satelite bilakatuz. Orduan etorri ziren haiek jarraitu zuten Kubara noiz itzuliko zain. Ez zuten ahaztu uhartean utzi zutena. Belaunaldi hori errepublikano gogorra da. Oraindik ere uste dute [John F.] Kennedyren errua izan zela Kuba Castroren esku geratu izana, eta ez diete demokratei sekula barkatuko, besteak beste, askok senide eta lagunak galdu zituztelako.

1980ko hamarraldikoa da hurrengo taldea. 135.000 kubatar heldu ziren AEBetara, Marielgo portuan barrena. Talde horretan, denetarik heldu zen, hasi kriminaletatik eta lan bila zetozenetaraino. Sobietar Batasuna erori ostekoa da azken taldea. Urte haietan gose handia zegoen Kuban, eta askok AEBetara jo zuten bizimodu hobearen bila. Castroren menpe bizi izandako gurasoen seme-alabak ziren, hiru belaunaldi zeramatenak komunismopean. Talde hori, 1960ko hamarkadan etorritakoak ez bezala, demokrata zen, alderdi horrek eman zielako AEBetan sartzeko baimena. Baina talde horretako ehuneko handi bat errepublikano egin da azken urtean, pertsona bakar baten erruz [Maximo Alvarez]. Pertsona hori bera kubatar migratzailea da, eta show bat du Youtuben.

Nola ikusi duzu Trump?

Trumpek beldurrarekin jokatzen jakin du. Klase ertaineko amerikar zuriari sinetsarazi dio migratzaileen eraginez gutxiengoa izango dela, eta AEBak ez direla gehiago izango lehen zirena. Hispanoei, berriz, esan die euren herrietan bizi izan zuten komunismoa helduko dela hona ere, demokratek irabazten badute.

Zuk diozun moduan, duela 50 urte AEBetara etorritako migratzaile horiek aspaldi utzi zioten migratzaile izateari, amerikarrak dira orain.

Ez, migratzaile dira oraindik ere. Talde itxietan bizi dira. Nikaraguarrak nikaraguarrekin, kubatarrak kubatarrekin. Tokiz aldatu arren, euren herrietan bizi izaten jarraitu dute, komunitate itxietan. Kubatarrak burbuila batean bizi dira, eta ez dira ohartzen Trump migratzaileak kanporatzeaz ari denean haietaz ere ari dela. Bestalde, beti gertatzen den zerbait da, migratzailea etortzen denean, ez duela nahi beste migratzailerik etortzerik.

Kubatar-estatubatuar asko beldur dira Bidenekin Kubaren aurkako bahimendua amaituko dela.

Eta zer? Bahimendua hainbat urtez egon da indarrean, eta ez du ezertarako balio izan. Fidel Castro hil zen, eta haren anaia dago orain agintean. Kontrako prozesua behar dugu. Kuban bizi den jendeak ikusi behar du zer dagoen bere mugetatik kanpo, eta horretarako modua ateak irekitzea da, ez ixtea.

Zer da Bidenek proposatzen duena komunitate horientzat?

Batetik, gure barrutian oinarrizkoa den osasun asegurua hobetzea; bestetik, Kubarekiko harremanak hobetzea. Ironikoki, Trumpek ez du ezer egin Kubaren alde. Gizon hori bera izan zen duela hamar urte Castrorekin harremanetan izan zena, hirugarren baten bitartez, han hainbat hotel eraiki ahal izateko. Eta hotel horien helburua ez zen kubatarren bizi baldintzak hobetzea, bere irabaziak handitzea baizik.

Atentzioa ematen du kanpaina zein gogorra den. Irainak eta erasoak egunerokoak dira.

Trumpek kargua hartu zuen egun berean hasi zuen erasoaldia. Oraindik gogoan dut nola esan zuen mexikarrak bortxatzaileak zirela. Orduantxe hasi zen gorrotoa. Baina ez da egia migratzaileak, paperik gabekoak, lapurretara datozela; hain zuzen, paperik ez dutenez, deportatu egin ditzaketelako legea urratzen badute.

Baina Obamak ere, agintean egon zenean,jende asko deportatu zuen, aurreko agintaldietan beste batzuek baino gehiago.

Hori egia da, eta hori oker handia izan zen. Baina Obamak kanporatzen zituenak deportazio agindua zuen jendea zen. Ez diot ondo egin zuenik, baina ez dugu ahaztu behar Obamak deportatutako horiek hegazkinez itzuli zirela beren herrialdera, gizaki gisa tratatu zituzten. Orain oso bestela egiten dute.

Nik migratzaileei laguntzen zien gune katoliko batean lagundu nuen, bi urtez. Bi logelako etxe bat zen. Logela bat gizonentzat, eta besteaemakumeentzat. Arropa eta janaria ematen zieten, eta egunero ilara luzeak egon ohi ziren sartzeko. Ordu hartan, atentzioa eman zigun ikusteak haurrak oso arropa estuekin heltzen zirela zentrora, askotan galtzak moztu egin behar genizkien, ez zegoelako beste modurik haiek kentzeko bainatzeko garaian.

Galdetu egin genuen zergatiaz, eta arduradunetako batek azaldu zigun bortxatu ez zitzaten egiten zutela. Lau eta bost urteko haurrez ari gara. Hori da egun migratzaileek jasan behar dutena. Animalien gisara tratatzen dituzte. Migratzaileentzako guneetan ilara luzeak egin behar dituzte, eta, gehienetan, esku hutsik bidaltzen dituzte, arazo teknikoak daudela edo beste edozein aitzakia erabiliz.

Pandemiari lotuta inoizko krisi ekonomikorik gogorrena jasaten ari dira AEBak. Miamin bertan negozio txiki asko itxita daude.

Bai, hala da, eta ironikoena da Trumpek dioela ekonomia ondo doala. Krisi ekonomikoaren gogorrena oraindik nabaritu ez izanaren arrazoia da ez direla hasi jendea bere etxetik bidaltzen.Egia da jende askori eman diotela aukera hipoteka gelditzeko, baina jende hori ez da ohartzen hau dena pasatzean berriz ordaintzen jarraitu beharko duela, lanik izan ez arren.

Osasun krisia hasi zenetik, janaria banatzen duten guneen aurrean jende ilara luzeak ikus daitezke. Jendea goizaldeko lauretan hasten da jartzen. Egia da bazela laguntza sistema bat jendeari negozioekin jarraitzen laguntzeko, baina diru horretatik gehiena enpresa handiek eraman dute.

Kontua da bankuaren nolabaiteko onespena behar dela laguntza horiek jasotzeko. Baina, noski, milioiduna bazara, beti izango duzu harreman hobea zure bankuarekin, hilean mila dolar baino gutxiago irabazten badituzu baino. Noski, milioi asko zituzten enpresariek bankariekin harreman hobea izanik, lehenago eskatu zituzten laguntzak, eta eurentzat izan ziren guztiak; besteak esku hutsik geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.