Arantxa Urretabizkaia. Idazlea

«Ez dut atzera begira bizi nahi»

Zaharren bizitzak sinplifikatzeko joerak gogaitu egiten du idazlea, 75 urte betetzear dela. 'Azken etxea' nobela kaleratu berri du, eta liburuak adineko pertsonaia ezohiko bat du ardatz.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Hondarribia
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hitzorduetara ordua baino lehen iristen diren horietakoa dela dio—«batzuetan gehiegi»—, eta hala topatu du kazetariak zain, Hondarribiko (Gipuzkoa) Arma plazan jarrita, Mikaela Elizegiren oroitzapenak liburuxka orriztatzen. «[Pello] Eltzaburuk eman zidan». Literaturian izan zen harekin lan berria sinatzen, iragan hilean, Zarautzen (Gipuzkoa); «jende gutxi, baina arratsaldepasa polita», haren hitzetan. «Beste urte batean joan nintzen, udaberri gaizto baten ondoko lehen eguraldi ederra zen, eta pentsatu nuen: 'Nor etorriko da orain mahai inguru bat entzutera halako egunarekin?'. Ba, jende dezente etorri zen. Beti esaten dut: literatura da gehiengoari batere ez eta gutxiri asko inporta zaion zerbait».

Azken etxea (Pamiela) du lan plazaratu berria Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947), eta nobelara itzuli da harekin, 3 Mariak (Erein) azkenengotik hamabi urte igaro diren honetan, eta haren ondoko bi lanak saiakera eta kronika uztartuz idatzi ostean: Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela, 2014) eta Bidean ikasia (Pamiela, 2016). «Uste dut biak salbuespenak izan direla», dio, ordea; berea, izan, fikzioa delako ustean. «Gure ama hil zenean, 3 Mariak idazten ari nintzen, eta berehala etorri zitzaidan gogoa amaren gauza batzuk kontatzeko; batzuk, ez haren bizitza, ezta nirea ere». Hortik abiatuta ondu zuen Zuri-beltzeko argazkiak. Eta Hondarribiko alardeari zor zion lana izan zen ostekoa. «Zintzilik nuen. Urteetan, kale hauetatik joan eta puta!, cabrona!... halakoak esanez iraintzen nindutenean pentsatzen nuen: 'Nik hau kontatuko dut, badut tresna, eta zuk ez'. 70 urte bete behar nituen, eta pentsatu nuen unea zela».

40 urtetik gorako ibilbidea du idazleak —«sekula ez nuen pentsatuko»—, eta, hala ere, lan berri bat argitara eman osteko tentsioa aldiro berritzen dela dio. Gauza batek lasaitu du oraintsu, aldeko bi kritika irakurri izanak publikatu eta gutxira. «Horrek utzi dit estomagoan... nola esan, ez nago baraurik». Idaztea beretzat «sena eta intuizioa» dela baitio, egunerokoan den «pertsona arrazionaletik» urruntzeko leku bat. «Konbentzitua nago idazle batek ez dakiela zer egin duen, zer egin nahi izan duen baizik. Inprimatuta daukat Patrick Modiano idazle frantsesak Nobel saria eman ziotenean irakurri zuen diskurtsoa, eta oso hitz ederrekin esplikatzen du hori bera. Lehengo egunean, Juan Jose Millasi entzun nion liburu bat aurkezten hasten denean ez duela jakiten zer esan: promozioaren azkenerako, egin dizkioten galderen arabera, jakiten duela zer esan». Idazlea txoria dela, alegia, eta ez ornitologoa.

Orain arteko hegaldi horretan, liburu bat amaitu orduko sumatu izan du hurrengoan nondik egingo zuen tira. Ez oraingoan, ordea. «Etxean esaten nuen: 'Ez zait ezer bururatzen', eta semeak esaten zidan ea ezin daitekeen bizi idatzi gabe. Eta nik baietz, baina okerrago». Azkenean, lagun bati entzun zion zerbaitek ekarri zion ideia: beste lagun bat azken bizitokiaren bila ari zela jakiteak.

Hor tira egiteko abiapuntua. Hendaia (Lapurdi) aldean azken urteak igarotzeko etxe bat erosiko du protagonistak, baina ez du bizitza «arrunta»izan, eta ez ditu egiteko «arruntak» gauzatu beharko amets hori konplitu aurretik. Zirimolan azalduko zaio iragana, eta izango da inguruan haren mugimenduak susmopean hartuko dituenik ere. Noir tonuetara hurbildu da, bada, idazlea, ilunpeko giro eta leihoz bestaldeko zelatari eta guzti. «3 Mariak-en amaieran ere badago hori. Patricia Highsmithen tanta bat sartu nahi izan nuen. Hori polita da, nora zoazen ondo jakin gabe idaztea».

Pandemiaren aurretik abiatu zuen liburua Urretabizkaiak; nahiko aurreratua zuen ordurako, baina itxialdiak guztiz eten zion idazketa erritmoa —«ez nuen ezer egin»—, eta, berrartu zuenean, ikusi zuen pentsatua zuen egiturak ez ziola eusten: «Protagonistak igarotako etxeen bidez kontatzen zen garai bakoitzean gertatutakoa: gurasoen etxea, Paris, geroago agertuko zen Buenos Aires... Baina ikusi nuen ezetz. Adin bat ezkero, badirudi tokatzen zaigula iraganari bueltak ematea, eta nik ez dut hori egin nahi. Ez dut atzera begira bizi nahi, eta ez naiz horrela bizi. Eta liburuan berdin: ez nituen protagonistak atzera begira jarri nahi».

Jarrera hori islatzen du, zuzenean, sarrerako lehen aipuak. Rita Levi-Montalcini: «Ezin dugu bizi zahartzaroa gaztaroa gogoratuz, baizik planak eginez gelditzen zaigun denborarako, egun bat izan edo hilabete bat edo urteak izan, eta beti gazte-denboran egin ezin izan genituen proiektuak burutzeko esperantzan».

Hortik orainaldiko aditz forma ere, buruhausteak buruhauste. «'Egin du' esateak badu iragan puntu bat euskaraz, eta pixka bat bortxatu egin behar izan dut hori, baina argi nuen: orainaldi hutsa nahi nuen». Beste erabaki formal inportante bat, elkarrizketa bakar bat ere ez sartzea, hirugarren pertsonan eta ikuspuntu askotatik kontatzean. «Pertsonak gara istorioak entzun eta kontatzen ditugulako, eta, luzaz, ahozkoak egin du hori. Gero, inprenta etorri zen, gauzak aldatu ziren, eta ikus-entzunezkoekin ere izugarri aldatu da. Literaturak beste zerbait bilatu behar du. Edo nik behintzat beste zerbait bilatu nahi dut».

«Espezialista bihurtu naiz!»

Zaharrak dira liburuko pertsonaiak, oro har. Eta ez da berria haien inguruko interesa idazlearengan. «Espezialista bihurtu naiz!». Hitzaldiak ere eman izan baititu, eta, funtsean, hau adierazi: «Zahartzeko modu tradizionala desagertu dela ia, eta zahartzeko modu berri bat asmatzen ari garela; zantzuak badaude han-hemen, baina eredu oso bat ez, eta aukeratu dezakegu: ez dago modu bakar bat zahartzeko». Ikusten ditu gaiaz pentsatzeko saiakerak, baina kontatu du, halaber, Euskal Herriko azken jardunaldi feministetan hutsune hori sumatu zuela: «Ez zen zahartzaroa aipatu ere egin, eta zahar batzuk baginen han». Errespetuz baina keinu ironikoz beterik erantsi du: «Esaten dizute: 'Zuk orain deskantsatu, eta disfrutatu'. Baina bazterrera bidaltzen zaituzte deskantsatzera, erabakiak hartzen diren lekuetatik urrun».

Dikotomia bat ere indar betean sumatzen du idazleak: gazte berdin on, zahar berdin txar. «Norbaitek esaten badizu liburua gustatu zaiola, esango dizu gazte batek bezala idazten duzula. Hortik dator patetismoraino itxura mozorrotzeko premia ere». Hori ere bada liburuaren gaietako bat egilearentzat, itxurarena. «Gauza izugarria da, emakumeekin batez ere. Lotsatu egin behar al dut hemendik hilabetera 75 urte bete behar ditudalako? Zerbait gaizki egin dut?».

Iratxe Retolazak egin ditu liburuaren edizio lanak —«lehen aldiz izan dut mamiari buruzko edizio prozesu bat»—, eta besteen begiradek nortasunetan zer eragin duten aztertzea Urretabizkaiaren obran konstante bat dela aipatu zuen hark aurkezpenean. «Izango da», pentsakor orain idazleak. «Nik besteen begiradari oso kasu gutxi egiten diot egunerokoan. Alardearena pasatu eta gero, milioi bat gutxiago. Baina gero literaturan azaltzen bazait... auskalo zer zikinkeria daukadan burmuinean».

68ko Maiatzaren bueltan ezarri du gaztaroaren gorazarrearen hasiera idazleak, eta ageri da garai hori kontakizunean. Orduan helduko da protagonista lehenengoz Parisera, eta mende erdiren bueltan itzuliko da, orduan ere maiatzean. «Ni gaztea nintzenean, helduaroa zen bizitzaren gailurra. Gazteak ginen prestatzen ari ginenak helduarora ailegatzeko, eta meritu asko egin behar genuenak pertsona osoak kontsideratuak izateko. Baina, 68aren inguruan, nire belaunaldiak asmatu zuen ezetz, gailurra gaztaroa dela, eta horren ondoren dena dela amildegirako bidea. Eta hor bizi gara».

Belaunaldi nekatu batez

Besteen begiradak soilik ez, norbere iraganak nortasunean nola eragiten duen pentsatzeko bidea ere eman dezake Azken etxea-k. Protagonistak iragana «lurperatu» nahi du, baina nora arte da hori posible? «Hori da agian promozioaren amaieran jakingo ditudan gauzetako bat», Urretabizkaiak. «Badakit ez nukeela protagonista bezala zahartu nahi. Eduki nahiko nuke diru pila hori, baina ez galerian Larhuni begira gelditzeko». Eta zaharrei buruzko beste uste bat ere gaitzetsi du: «Gaztetan errebelde izan dena urteen poderioz galduz joaten dela. Alegia, ezkerrean hasi eta eskuinean bukatu. Baina hori ez da naturaren lege bat. Zahar errebeldeak ere badaude, eta nik bat izan nahi dut». Maria Merce Marçalen Dibisa poema sonatua oroitu du: «Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana,/ klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa.// Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra». Eta moldaketa bat proposatu: «46 urterekin hil zen [Marçal], baina pixka bat gehiago bizi izan balitz aurkituko luke beste arrazoi bat errebelde izateko: zahartzaroa».

Identitatearen mugei buruzko galderetara itzulita, horiek dimentsio kolektiboago batetik ere irakur daitezkeela iradoki zuen Ibon Egaña kritikariak liburuari egindako iruzkinean —«Eleberri hau ari da, zeharka bada ere, erbestea, klandestinitatea edo utopiaren gainbehera bizi izandako belaunaldi nekatu batez, eta belaunaldi horrek azken urteak soseguz pasatzeko eskubideaz»—; bat etorri da idazlea, hainbatetan lehen lerroan egondakoak direla orain «amona-aitona entrañableetara» mugatu ohi direnak maiz. «Jubilatuen manifestazioetan, esaterako: hor daude sindikatu eta alderdi politiko klandestinoak sortu zituztenak, ikastolak, abortuaren eskubidea lortu zutenak, antisorgailuen alde borroka egin zutenak... ez dira zaharrak bakarrik, eta haien artean desberdinak dira. Badute gauzak elkarrekin egiteko esperientzia, badute ahotsa, eta erabili nahi dute».

Gehitu du, gainera, aurreko belaunaldiekin alderatuta desberdinak diren zaharrak ikusten dituela inguruan, eta hori ere ez dela askotan aipatzen. «Jendeak esaten du ez dela aldatu, eta 'ze putada' pentsatzen dut nik. Ni izugarri aldatu naiz, eta espero dut aldatuko naizela. Nik etxean borroka egin behar izan nuen, esaterako, galtzak janzteko, nire izeba batek ilea motz eramateko... Eta gero badatoz batzuk, eta ez bakarrik gizonak, eta esaten dituzte esaten dituztenak. Ikustekoa da besteen borrokan lortutakoa nola aprobetxatzen den, gauzak zerutik erori izan balira bezala».

Urretabizkaiak hainbeste maite dituen lorategietako bat atontzen agertuko da protagonista azkenetan —spoiler-a litzateke haren berri xeheago aritzea—. Eta agertuko da, halaber, aspaldiko lagun bat azkenengoz bisitatzen, Bordelen, non itzulingururik gabe ahoskatuko duten elkar ikusiko duten azken aldia izango dela hori. Samurtasun gordinez, edo alderantziz. Gauzak bere hartan izendatu eta onartzearen alde egin du idazleak. «Zahartzaroa tabua bada, hala da heriotza ere. 'Joan zaigu', esaten dute. Nora demontre joan zaigu? Ni asko molestatzen nau horrek. 'Hil da'».

Eleberri osoan afektuei leku egiten dieten pasarte nabarmenetakoa ere bada hori, eta bi lagunak atzerrian bizi izan direlako izan daitekeela iradoki du egileak. «Euskal Herrian askoz itxiago hezi gaituzte alde horretatik. Nik gizona erdi sudaka daukat, eta horrek sendatu nau, pixka bat [barre batean hasi da]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.