Albistea entzun

Jose Antonio Sainz Alfaro. Donostiako Orfeoiko zuzendaria

«Uste dut orfeoiak izandako jarraitutasuna dela azpimarragarriena»

Donostiako Orfeoia 125. urteurrena ospatzen ari da. Sainz Alfaro zuzendariaren arabera, bidean mugarri garrantzitsu «ugari» egon dira, eta harrobiaren garrantzia nabarmendu du.
MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko azaroak 8 - Donostia

Historian arrasto sakona uzten ari da Donostiako Orfeoia, eta beste mugarri bat ezarri du: 125 urte bete ditu aurten. 1897an sortu zen, eta ibilbide oparoa du, nazioartean ere prestigioa lortzeraino. Urteurrena ospatzeko, hainbat kontzertu berezi eman dituzte, eta gaur izango dute hurrengoa: Donostiako Orfeoiak eta Luis Cobosek, Europako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Musika munduan zehar lana aurkeztuko dute Kursaalean. Gustura dago Jose Antonio Sainz Alfaro (Donostia, 1956) orfeoiko zuzendaria —1987tik dihardu gidari—.

125 urte bete ditu aurten Donostiako Orfeoiak. Zer sentipen dituzu?

Data jakin batzuk daude, non publikoari, gizarteari, esaten diozun: «Honaino iritsi gara». 125 urte ez ditu edozein enpresak edo koruk betetzen. Alde horretatik, mendeurren handia izan genuen Anoeta estadioan kontzertua emanda: gutxi gorabehera 25.000 pertsona joan ziren. Gero, 110. urteurrena izan genuen belodromoan. Eta kasu honetan, 125. urteurrenean, Luis Cobosekin kontzertua emango dugu; sona handiko musikaria da.

Nolakoa izan da orfeoiaren ibilbidea?

Korua ahots apalekoena zen hasieran, hirian zebiltzan abeslari multzo txiki batek osatua. Lehen aldiz Arrasatera [Gipuzkoa] joan zirenean, euskal jaietara, hango esperientzia gustatu, eta Donostiako Orfeoia eratu zuten. Gero, 1909an, emakumeak sartu ziren. Euskal musikara dedikatzen zen korua zen hasieran, eta beste alor batzuetara eboluzionatuz joan zen ondoren. Koru sinfonikoa da egun. Milaka pertsona pasatu dira hemendik, eta, gaur egun, 200 kide inguru ditugu.

Zer nabarmenduko zenuke?

Uste dut orfeoiak izandako jarraitutasuna dela azpimarragarriena. Koruak ez dio inoiz utzi lan egiteari, existitzeari, eta lau zuzendari egonkor baino ez ditu izan. Secundino Esnaola ia 30 urte egon zen; Juan Gorostidi izan zen gehien egon zena, 35 urte inguru; eta Antxon Aiestaran beste hogei urte. Orfeoiaren 125 urteko historian horren zuzendari gutxi egoteak jarraitutasuna eman dio. Gainera, uste dut zuzendari bakoitza aurrekoa zegoen puntuan oinarritu dela, eta horrek eman du segitzeko aukera. Normalean, afizionatuenak diren instituzio hauetan, alderdi teknikoa bezain garrantzitsua da alderdi soziala; kohesionatuta dagoen talde bat izatea.

Donostiako Orfeoiak ehun obra sinfoniko-koral baino gehiagoko errepertorioa du, eta 200 grabaziotik gora. Oparoa da?

Dudarik gabe. Esan dezakegu mundu osoan gehien interpretatutako errepertorioa ezaguna dela orfeoiarentzat, eta kantatu duela. Gero, obra asko daude eskapatu egiten zaizkigunak, baina eguneratuta gaude gehien interpretatu den guztian.

Orfeoiaren emanaldietatik ba al da nabarmenduko zenukeenik?

Mugarri garrantzitsu ugari daude; esaterako, Salzburgoko jaialdia. Musikaren gunea bezalakoa da. Baita Berlingo Filarmonikoa ere, hiru aldiz egon gara han. Gogoratzen dut kontzertu bat ere Sevillako erakusketan. Zerrenda osoa idatzita ikusi eta hautatu behar baduzu, ezin duzu; batak besteari irabazten dio. Baina Salzburgokoa azpimarratuko nuke.

Amateur izaera mantendu arren, profesionala da dedikazioa?

Bai, dudarik gabe. Baina dedikazioa baino gehiago, prestazioa esango nuke. Orfeoiari ez zaio interesatzen amateurra edo profesionala den; funtzionatzea interesatzen zaio. Orfeoiak, profesionala izan gabe, funtzionatzen du zirkuitu musikaletan. Eta gainera, zuzendari garrantzitsuekin.

Zein izan da maila mantendu eta aurrera egiten jarraitzeko gakoa?

Beti aurrera begiratu, kantari onak mantendu eta gazte abeslariak sortzea. Harrobirik ez balego, beste modu batean egongo ginateke.

Eta nola lantzen dituzue ahots teknikak? Edo nola lortzen duzue denen arteko oreka?

Teknika bokala dago. Irakasle batek pertsona bakanak hartzen ditu, eta horiei lagundu egiten die mailaz igotzen. Gero, edonork egin ditzakeen bokalizazioak daude, kolektiboak. Eskaeraren eta toki kopuruaren arabera, gazteen alde egiten dugu; urtero pasatzen dira gazteen korutik helduenera. Baina linea hori da; harrobia eta iraunkortasuna.

Garrantzia ematen diozue formakuntzari, beraz?

Dudarik gabe. Batzuetan ikusten duzu gazte bat, 17 urterekin, orfeoian kantatzen. Baina, noski, 4 urte zituenetik ari da; musika tailerra, haurren korua... Oso garrantzitsua da. Badaude beste kasu batzuk ere, jendea kanpotik etorri eta funtzionatu egiten duena. Musika magiaz beteta dago. Ezin da jakin zergatik, baina batzuek badituzte ezaugarri batzuk; inoiz notarik ikusi ez, eta prest daude bi egunetan.

Nola dago musika hezkuntza?

Ondo prestatutako irakasleak daude, baita ikasleak ere. Arazoa eskoletan dago. Demostratuta dago musika oso onuragarria dela, eta ez da kontuan hartzen hori. Horrek guztiak kalte egiten dio formakuntza integralari. Oso gaizki sumatzen dut musikarekin kontaktua izateko hasierako fase hori. Azken batean, kantatzea ekintza natural bat da, oinez ibiltzea bezala. Gure gurasoek kantatu egiten ziguten, eta egungoek, gehienek, ez dute kantatzen. Sistema politikoak guztiz abandonatuta dauka musika.

Zergatik gertatzen da hori?

Esan dezakegu egun dena negoziora bideratuta dagoela. Bizitzan benetan garrantzitsuena dena aisia da, horrek egiten dizu bizitzea; aisia da betetzen zaituena. Eta negozioak ahalbidetu dezakeena da aisiarako baliabideak izatea. Alabaina, egoera dagoen bezala... Egungo ekonomia mundua oso konplexua da, eta herrialde garatuetan ere biztanleriaren erdia edo hiru laurden bizirik irauteaz kezkatuta daude. Badago esaera zahar bat: ez da aberatsagoa gehien duena, gutxien behar duena baizik. Gauza asko galtzen ari gara askok ez dutelako musikarako sarbide edo formakuntza hori; historia zer den entzuteko, zer den musika klasikoa. Egun ez da musika entzuten, harekin bizi zara.

Horrek transmisioa oztopatzen du? Eta afizioa?

Bai, galtzen doa. Musika klasikoak gauza magiko bat du; bat entzuten eta negarrez ari da, eta aldamenekoa zurrungaka dago. Musika klasikoak atentzioa eskatzen du. Entzuten egon behar duzu. Eta bakea iritsi ahal zaizu. Egungo musika beste modu batekoa da: zarata, mugimendua, jendea, kontzertua, saltoak... Ez dago geldirik egoteko denborarik, kontenplaziorakorik. Uste dut gizakiak galdu egiten duela musikaren zati inportante bat, gozarazi eta hazten lagunduko lukeena.

Zuzendari zarenetik, ahots gazteen alde egin duzu. Zergatik?

Ez nuke esango horien alde egin dudanik, baizik eta harrobia bultzaka datorrela.

Azken urteetan orfeoiaren nazioarteko itzala handitu egin da. Garrantzitsua da?

Bai. Aurretik ere bazetorren zerbait da. Kontuan izan behar da lehen egunkari bat ireki eta kulturan orri bat edo batere ez zetorrela. Egun, bi, hiru, lau edo bost datoz, ekintzen arabera. Kultur albisteek eta garapen kulturalak, aisiarenak, eraman du berri gehiago egotera, leku gehiagotara iristera eta hori guztia. Gero, bidaiak daude; bikoiztu egin dira. Eta garrantzitsua dena: urtez urte hona etorri diren itzal handiko zuzendariek komentatu egin dute besteekin; horiek egin dute orfeoia ezagun.

Eta bidean, izan duzue instituzioen laguntzarik?

Ez da nire ardura horretaz hitz egitea, baina laguntza ematen dutenek jakingo balute orfeoia zer den, noraino iristen den, oso lagundua izango litzateke. Agenda hartzen baduzu, orfeoiaren historia, zer egin duen... entitate bakarra da toki denetan egon dena, inportanteenekin eta Olinpo musikaletan.

Orfeoia koru pribatua da, eta aurten gure 125. urteurrena da. Egiaz, entitate musikal guztiek, edo erakundeek, beharko lukete esan: «Eskaini egingo diegu urte hauetan hemen egotea gurekin, hona etortzea, bestera...». Baina errealitatea da orfeoiak bilatu eta antolatu egin behar duela bere urteurrena. Eta entitate ez-pribatuek, koru nazional edo orkestra batek, esaterako, bere aurrekontuak eta beste dituzte, eta edozer muntatu dezakete. Hor, bai, badituzte laguntzak.

Zer helburu ditu orfeoiak aurrerantzean?

Gure helburua kantatzen jarraitzea da, ahal dugun toki onenetan. Badago kontu bat oso interesgarria dena guretzat: martxoan izango dugun emanaldi bat, Bartzelonako Familia Santuaren tenpluan. Beste dena, ohiko munduan: Madrilera joatea, Parisera... deitzen diguten toki guztietara joatea. Eta hemengoa inoiz deskuidatu gabe, hori ere asko interesatzen zaigu.

Urteurreneko omenaldia izango duzue gaur. Berezia izango da?

Luis Cobos munstro bat da. Musika klasikora jende asko gerturatu du. Esperientzia handia du, oso erakargarria da, eta oso gustura gaude.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte-liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du «Berpiztu» lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak hartu du parte argitalpenaren aurkezpenean

 ©Joanes Etxebarria

Jean-Louis Davant: «Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.