Karin Fouz. Dantzaria

«Sozialki kostatzen zitzaidana dantzaren bitartez lortu dut»

Gazte alde egin zuen etxetik dantzari ibilbideari ekiteko, eta, joan-etorriz betetako bide baten ondoren, Pragatik Donostiara itzuli da; oraingoz, fisioterapeuta lana berrartzera. Ezin dantza alboratu, baina. Gipuzkoako Dantza Saria jasoko du gaur.
YOUN SIK KIM

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko apirilak 27
«Dantzari arraroa naiz», dio Karin Fouzek (Donostia, 1987). 14 urterekin hasi eta 21 bete arte bete-betean aritu zen dantzan, harik eta, lesio baten ondotik, utzi egin behar izan zuen arte. Fisioterapia ikastera jo zuen Bartzelonara orduan. «Hainbeste denbora igarotzen nuen fisioarenean, zela lesioengatik, zela masajeak jasotzeko, gustatzen zitzaidan». Ikasketak amaituta, indartsu sentitu zen berriz, eta dantzara itzuli. Txekian eman ditu azken lau urteak, Pragako Konpainia Nazionalean. «Dantzari izatearekin batera, askotan aritu naiz entseguen ostean kideei laguntzen; 84 ginen eta beti zegoen zerbait, baten bizkarra, besteak sorbalda atera zuela...». Dantza klasikoan aritu da batez ere, baina ez bakarrik, «bertan goxo ez geratzeko».

Beste bi urtez geratzea eskaini zioten Pragan, baina etxera itzultzea erabaki zuen ekainean. Aurtengo Gipuzkoako Dantza Saria jasoko du gaur, Donostiako udaletxean. Eta, bihar, Viktoria Eugenia antzokian egingo du dantza, Dantzaren Nazioarteko Egunean.

Deitura horrekin, denek esango dizute: «Donostiarra?».

Bai! Ama Tolosan [Gipuzkoa] jaioa da, baina familia suediar batekoa, eta handik dator izena. Aita erdi euskalduna erdi galiziarra da. Baina, bai, txikitatik ari naiz jatorria azaltzen...

Eta nola heldu zinen dantzaren mundura?

Ba, neurri batean eskoliosia nuelako. Esan zidaten balleta eta igeriketa onak zirela postura zuzentzeko, eta hala hasi nintzen. Beti gustatu zitzaidan margotzea, musika... baina dantzan ez nintzen hasi lilura berezi batengatik. Halere, beti gustatu zait. Beti izan naiz oso lotsatia, isila; eta dantza izan da neure burua adierazteko modua. Irekitzen lagundu didana da. Sozialki kostatzen zitzaidana dantzaren bitartez lortu dut.

Mugimenduaren bitartez adierazteak ekarri zaitu honaino?

Baietz uste dut. Inoiz ez dut pentsatu dantzaririk onena edo famatua izatea. Niri, soilik, asko gustatzen zitzaidan musika, eta dantzarekin banekien ongi adierazten. Mundu guztiak esaten zidan «polit» mugitzen nintzela. Baina ez dut helburu gehiago izan, dantza disfrutatzea baino ez.

Donostiatik Zaragozara egin zenuen, eta handik Londresera. Nola joan zen bidearen zati hori?

Zaragozara joatea nahiko gogorra izan zen, lagunak, gurasoak... hemen utzita. Baina joan nahi nuen: hemen ikusten nuen jendea dantzan, baina ez punta-puntakorik... Orduan ez zegoen Youtubeko hainbeste bideo. Zaragozara ikastaro batera joan nintzen, eta ikusi nituenean neska batzuk hanka jasotzen..., nik orduan ez nekien hainbeste jaso zitekeenik ere. Hori ikustean izan nuen argi dantza egin nahi nuela.

Eta Londreserako aldaketa?

Eskola batean aritzetik konpainia batean sartzerako jauzia izan zen. Zu iristen zara ia ikasle gisa, eta han jende profesionalarekin aritu behar duzu bat-batean; aldaketa handia da. Eskolatik irteten zara dena oso zuzen ikasita, baina gero hori garatu egin behar da; ja ez da soilik urratsak zuzen egitea, horrekin zerbait transmititzea baizik. Oholtza gaineko izua eramaten ere han ikasi behar izan nuen.

Irlandako Balletean dantza egin duzu, Bartzelonako David Campos eskolan, Mallorcakoan... Zer topatu zenuen haietan?

Arrasto sakonena utzi didana English National Ballet izan da, Londreskoa. Konpainia handi batean sartzearen presioa hor sentitu nuen aurrenekoz. Beltxargen aintzira egiten genuen Royal Albert Hallen; agertoki biribil bat da, eta nire lehen lan kontratua izan zen, puntako dantzariekin. Bat iristen da pentsatzen nahiko ona dela berean, eta berehala ikusten duzu zenbat dagoen ikasteko. Irlanda, Bartzelona eta Mallorcakoak konpainia txikiagoak dira, eta, gutxiago ginenez, denetarik egin behar zen; horrek ere eskarmentu handia eman zidan. Gero Pragakoan sartu nintzenean, konpainia oso handia topatu nuen berriz, baina gertatuago nengoen.

Kanpora irtetea beharrezkoa da dantzari gisa bide bat egiteko?

Baietz uste dut. Zaragozara joan nintzenean, aitak esan zidan: «Hori da aurrerantzean etxetik gertuen egongo zaren tokia». Euskal Herrian babes handiagoa ematen zaio kulturari, baina estatuan ez hainbeste. Ni [Gipuzkoako] diputazioko laguntza bati esker heldu nintzen Londresera.

Atzerriarekin batera, zer dakar dantzari izateko hautuak?

Hein handi batean, hemengo bizitza tradizionalari uko egitea; baita bizitza sozialari ere. Astelehenetik larunbatera lan egin, eta igandean hain zaude nekatuta, indarrak berreskuratzeko erabiltzen duzu. Eta gustura, ez zaizu inporta goizero dantzara joatea, baina badu beste alde hori: Gabonak lanean, lagunak urrun...

Kasik gogorragoa mentalki fisikoki baino?

Askotan bai. Beti prest-prest egon behar duzu, lesioak izaten dira... Hain zaude mugan beti.

Zeren araberakoa da lan egonkortasuna?

Futbolarien parekoa da, gutxi-asko. Pragan, esaterako, denboraldia abuztuan hasten genuen, uztailera arte. Urteko kontratuak egiten dizkizute, eta gero berritzen dizute edo ez. Oro har, nahiko ezegonkorra da, eta badago lekua ez galtzeko presio hori.

Eta alde ederretara etorrita, zer eman dizu dantzak?

Dantzariarena oso bizitza polita da. Bidaiatu, jende mordo bat ezagutu, mundu guztiko lagunak egin... Nik lanean, dantzan, ikaragarri ondo pasatzen nuen. Ez zara aspertzen. Gogorra da, baina merezi du. Orain faltan hartzen dut.

Erabaki zaila izango zen uztea.

Bai. Orain, hainbeste presio izan gabe, deskantsatuago nabil. Baina faltan sumatzen dut egunero dantza egitea, antzokiak, aldagelak... bizitza hori. 32 urte beteko ditut, eta oraindik beste bi urte gehiago dantzan jarrai nezakeen, edo gehixeago. Baina hemen familia nagusi egiten ari da, bikotekidea ere hemen, fisioterapia alboratua nuela... Ni gustura nengoen han; Pragakoa bigarren etxea nuen. Baina, tira, fisioterapia ere gustatzen zait, orain horretan nabil lanean, eta saiatzen naiz ahal dudanean dantza egiten. Hilabetez utzi nuen, eta, egiaz, falta benetakoa da. Bat-batean, gorputz guztia hasi zitzaidan mintzen.

Saria jasoko duzu gaur. Zer garrantzi du aitortzak?

Batzuk ez gara famatuak, ezta beharrik ere, baina dantzak ekartzen duen ahalegin guztia aitortzeak balio handia du. Baina, nigatik baino gehiago, etxe- koengatik poztu nau sariak. Eurei honek ekarri dien guztia aitortzeak balio handiagoa du. Ni umea nintzen, gustatzen zitzaidana egiten nuen eta pozik nenbilen, baina ardurak gurasoek eraman dituzte.

Aurrera begira, non gustatuko litzaizuke ikustea zeure burua?

Oraingoz lur hartzen ari naiz. Fisioterapian zentratu nahi dut, baina ohartzen naiz beti dudala dantza deika. Biak uztartzea ona litzateke; dantzariei laguntzea lesioak saihesten, edo ballet klaseak ematea fisioterapiarekin uztartuta... Badakit dantza % 100 uztea ezinezkoa izango zaidala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna