Leire Bilbao. Poeta

«Ama egin ondoren, beste hizkuntza bat erabiltzen da, ordura arte ez erabilia»

Uraren sinbologia sorkuntzarekin lotu izan dela aprobetxatuz, Bilbaok sortzearen hainbat adieraz hitz egiten du 'Etxeko urak' poesia liburuan: amatasunaz dihardu, baina baita hizkuntzaz eta literaturaz ere. Kate baten begia den ni poetikoa du ardatz.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Uraren sinbologia oinarri hartuta ondu du Leire Bilbaok (Ondarroa, Bizkaia, 1978) hirugarren poesia liburua: Etxeko urak (Susa, 2020). Amatasuna eta sorkuntza literarioa jorratzen dira lau ataletan banatutako emarian: Urak bota-n, «ume bat jaiotzen da, baina baita ama bat ere, eta hura hasten da hizketan»; Listua hizkuntzaz ari da, «hitzekin sortzen den munduaz»; Marea-n, «alboetara begiratu eta beste ama batzuekin elkarrizketa» du ni poetikoak; azkenik, «kontu domestikoek» ardazten dute Harraska. «Kontu txikiek perspektiba handia ematen digute askotan».

Izenburutik hasita, uraren irudiak liburu osoa zeharkatzen du. Batzuetan, itogarria dela dirudi, baina besteetan, askatzailea. Dualismo hori dago oinarrian?

Liburuan badaude amatasunaren pozak eta minak, baina gehiago da urak historian zehar izan duen sinbologia garrantzitsua probestu nahi izan dudala. Andreen sinbologia moduan hartu izan dute edo, hobeto esanda, sorkuntzarena edo iturburuarena. Ondarroan etxeko urak ditu esamoldea dago, etxe batetik edan duela eta zainetan bertatik jasotakoa daramala esateko.

Liburuan amatasuna da sorkuntzarik agerikoena, baina sorkuntza literarioaz ere ari zara. Biak uztartu nahi izan dituzu?

Keinu hori egin nahi nuen. Lehenengo ataleko urak zikinagoak dira, gorputzetik botatzen direnak, baina bigarren atala, Listua, hizkuntzaz eta sorkuntzaz ari da. Hizkuntza gutxitu batean mintzo garenok ahalduntzea erreibindikatzen dugu. Eta sorkuntza bera ere badago, listutik, hitzetatik egindakoa, eta horregatik aipatzen dira hainbeste erreferente literario hirugarren atalean.

Ni poetikoak hizkuntza berri bat ere sortzen du ama bihurtzean. Euskararekin lotura izateaz gain, andreen ahalduntzearekin ere badu lotura? Ez soilik amatasun fisikoari dagokionez, baita hizkuntza sortzeari edota izendatzekoari dagokionez ere.

Denetatik apur bat. Izendatzen ez duguna ez da existitzen. Izenak dakar izana, izendatu behar dugu. Kasu honetan, ama egiten denean beste hizkuntza bat darabil, orain arte ez zerabiltzan hitzak, eta hitz horiek izendatu egiten dute, munduan beste era batean kokatzen zaituzte; norbere burua beste era batera eraikitzen da. Horrez gain, azalaren azpiko hizkuntza ere badago. Saiatu naiz hizkuntza nahiko fisikoa egiten, eskuekin heltzekoa, eta horregatik dago hainbeste gorputz, azal, odol... Horiekin sortu dut hitzen lurraldea, idazketa.

Idazketa berri horrek molde berririk ere behar al du? Hor daude kaligrama, erosketa zerrendaren moldeaz egindako olerkia edota Gure ama otoitza.

Bai. Liburu honen aldarrikapen bat da ama izateko modu asko daudela, eta, beraz, poesia idazteko modu asko daudela. Poesia hitzaren jolasa denez, azken finean, jolastu egin nahi nuen. Neure buruari esan nion amatasunetik idatziz gero, gai hori epizentroan egonez gero, saiatu behar nintzela jolas ezberdinak egiten, baliabide ezberdinak erabiltzen. Erosketak egiten ari gara une oro etxea beteta dagoenean; errezoari buelta eman nion errezo ez erlijiosoa egiteko, amaren garrantzia planteatzeko, emakumeak baitira sorkuntza ematen dutenak eta ez jainko maskulino bat. Ironia ere badago. Argi nuen gai bakarrekoa izan behar zuela, baina gai horri kolore ezberdinak topatuz.

Ni poetikoak gorpuztutako ama katebegia da ama guztiek osatutako katean, baina bere amarengandik urrundu nahi du, ezberdina izan. Gatazka dago hor?

Bai, badago. Jaiotzen garenean alaba edo semea gara, amari askatu zaion pieza bat. Uste dugu pieza aske bat garela, baina ama izatean konturatzen gara berriz lotzen garela pieza horri, nora arte garen katebegi etengabeko sorkuntza horretan, eta zenbat gauza imitatzen ditugun oharkabean. Oihu edo marru bat dago, ama hori konturatu delako katebegia dela, baina horregatik ez dio oihu egiteari utziko.

Amen arteko kateaz gain, sortzaileen genealogia antzeko bat ere badago. Adibidez, andrazko idazleen arteko elkarrizketak irekitzen du hirugarren atala.

Atal bakoitza elkarrizketa batekin hasten da: lehenengo eta bigarren ataletan, ama izan nahi ez zuen emakume horrek elkarrizketa du orain ama den bere buruarekin; hirugarrenean, emakume idazleak sorkuntzaz ari dira. Amatasunaren sorkuntzarekin hasi eta hitzen sorkuntzara pasatzen da. Biribiltasun horretara goaz erreferentzietatik edaten dugulako; kasu honetan, beste emakumeek egindakotik eta erakutsitakotik. Gure barrutik iragazi eta hor jarraitzen du ur kate eta sorkuntza horrek. Berriro uraren sinbologia: iturri bat dago.

Ni poetikoaren hitzak intimoak dira, baina badirudi ezin dela guztiz bakarrik egon sorkuntza lan hori egiteko. Beti dago norbait inguruan, elkarrizketa batean dagoelako edo amona agertzen zaiolako, esaterako. Egoera positiboa edo negatiboa da?

Ez dut ez positibo ez negatibotzat irudikatzen. Hala gertatzen da, flysch bat bezala geruza bat bestearen gainean dago. Badago bere barruan elkarrizketa poetiko intimo bat, baina horregatik ez dio besteekin erlazionatzeari uzten. Amona, ama... hilda dauden beste amekin ere hitz egiten du bere baitan deiadarka dituelako. Hala ditu baita beti irakurri dituen autoreak ere: Adrienne Rich, Sylvia Plath, Anne Sexton... Hainbat elkarrizketa daude, bere buruarekin dituenak gehi kanpokoekin dituenak. Azkenean, sorkuntza, fisikoa zein literarioa, kontu oso intimoa da. Zaintzea egokitzen denean, intimitatea hausten da.

Transmisioaz ere ari zara?

Bai, noski, katebegiarekin lotuta dago. Badakigu zer jaso dugun historian, eta pentsatu behar dugu jaso dugun hori nola nahi diegun eman ondorengoei; horretan iragaztea tokatu zaigu, ur horiek bideratzea.

Olerki batean diozu: «Ume batek amarengan/ larre berri bat sortzen du.// Eta larreak bazkatzeko dira». Transmisioa bizkarroikeria da, hein batean?

Asmoa zen leku berri bat sortzen dela adieraztea. Ni ama baten alaba naiz, eta dena jaso dut ama horrengandik; gehiago jaso dut eman dudana baino, neurekoiki. Baina nire seme-alabekin, alderantziz: badakit guztiz eman egin behar dudala, bazka nazatela; zerbait instintiboa da.

Sakrifikatu beharko zaren ziurtasuna, alegia.

Bai, badakizu sakrifizioa egin beharko duzula, eta prest zaude, gainera. Badago beste poema bat esaten duena: «Ustekabeko lekuetara/ hegaldatu dira nire adarrak/ lurjabetu sustraiak/ eta hala ere badaki nire zurtoinak/ noizbait erauzi egingo dutena.// Hedatzen eta askatzen naiz/ sahatsa bezala lurrerantz/ makurtzen bizitzaren aurrean.// Zure jaiotzak zuhaitz bat merezi zuen./ Ez naiz aizkoraren beldur». Badaki erauzi egingo dutela, eta onartu eta men egiten du; hori da, azken finean, katebegiaren destinoa. Eta horrek ere badauka zerikusirik bazkatze horrekin.

Zahartzearekin ere badu zerikusirik? Ama denean, ni poetikoari ageriago egiten baitzaio zahartze prozesua.

Zahartzea bainoago, gehiago gustatzen zait gorputzaren eraldatzea. Ama egiten zarenean, ezagutzen ez zenituen bide berriak sortzen dira gorputzean, ibiliagoa, maiztuagoa bihurtzen da; ez zatarragoa ezta itsusiagoa ere. Gorputzean idatzi egiten da: umea azal bigun garbiarekin jaiotzen da eta zilbor hestea moztean o bat marrazten diote; hori da gorputzean egiten dioten lehen letra. Denborarekin, irteten dira esku ahurretako zimurrak, gorputzeko orbainak... eta haurdunaldian gorputza guztiz eraldatzen da. Hor transmisio bat dago, gorputzean idazten ari garelako, gorputza kaligrafiatzen, idazketa fisiko bat egiten.

Idazketa estiloari dagokionez, ahalik eta hitz gutxien erabiltzen saiatzen zara, ezta?

Bai, dena kondentsatzeko joera daukat. Poemak ez dira bereziki luzeak. Ahalik eta gehien esaten saiatzea ahalik eta gutxienarekin: hori da asmoa. Eta irudiak ikus daitezen. Nik irudiekin pentsatzen dut, eta nahi dut irakurleak ere irudien sekuentzia bat ikus dezala.

Nola osatu duzu liburua?

Hainbat poema hartu eta liburu batean batu beharrean, aurretik egin dudan bezala, nahiago nuen atalak sortu, eta horiek jario edo lotura bat izan zezaten. Urak aukera asko zabaltzen zizkidan, zirrikitu guztietatik sartzen baita.

Zirrikituak aipatuta, hasieratik zenuen finko zein ertz jorratuko zenituen, edo zirrikitu berriak topatzen joan zara prozesuan?

Hasieran gauza batzuk argi neuzkan, noski. Erabakita nuen amatasunaz baino amatasunetik kontatuko nuela, bizitzea tokatu zaidan leku horretatik. Atalak nahiko berez etorri ziren, eta gero intuizioz joan nintzen zarratzen, biribiltasuna ematen. Uste dut intuitiboki jakin arren, batek buruan duen hori papereratu behar duela argi ikusteko.

Forma poetikoak zer ekarpen egiten dio amatasunaren eta sorkuntzaren gaiari, gainerako generoek egiten ez diotena?

Ez nire liburuak, baizik eta poesiak, erantsi ahal dio esan ezin litezkeen gauzak. Edo beste molde batean esan ditzake. Hau da, poesiak beti ematen dizu aukera jolasteko, anbiguotasunerako, intimismorako edota fikziozko lehen pertsona bat sortzeko. Baita arriskatzeko ere. Pintatzean bezala, hitzekin irudiak egitea izan daiteke. Pinturaren historian ere, lehen emakumeak beti ziren marraztuak, eta orain dela mende batzuk pintzelak hartu eta beste errepresentazio bat egiten hasi ziren. Literaturan ere gizonezkoak izan dira luma eskuetan izan dutenak.Orain amatasunaren beste perspektiba hori ematen ari da, beraz, badago zer kontatu genero ezberdinetatik. Poesiak irudi berriak sortzeko askatasuna ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.