'Kuirpunk' doinuen eztanda

Perlata eta La Soga del Muerto taldeetako partaideek dena ematen dute oholtzara igotzen diren bakoitzean. Argi daukate jotzeak ematen dien askatasunaz bizi behar dituztela kontzertuak, beti arduraz bizi beharrean.

Vulpess taldeak 80ko hamarkada hasieran emandako kontzertu bat. BERRIA.
unai etxenausia
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun

Zer da punka, musika estilo bat ala zerbait gehiago? Egun, ba al daude punk kulturaren benetako jarraitzaileak? Arropa higatu eta doitua, botak, ile tindatua... Horiek dira punkak, ala saltzen duten punkaren irudi komertziala besterik ez da hori?. Baliteke askotan punk batek itxura hori izatea, baina ez beti. Zaila izan daiteke esatea zer den punk musika eta nor den punka. Asko izan dira punkaren inguruan idatzi dutenak, eta ezberdinak izan ohi dira bakoitzaren ondorioak. Hala ere, batzuek beste modu batera planteatzen dute, eta, izan daitekeena definitu beharrean, zer izan beharko litzatekeen planteatzen dute. «Ez dut uste punka hilda dagoenik. Baina geroz eta argiago daukat, XXI. mendean, Euskal Herrian, punkak (hardcoreak, rockak) ezinbestez behar duela feminismoa», idatzi zuen Miren Aranguren Etxarte idazle eta musikariak BERRIAko iritzi artikulu batean. Ez ote dira emakumeak izango Mendebaldeko kultura kapitalista eta patriarkalean punkaren ordezkaririk garrantzitsuenak?

 

70eko hamarkadan sortu zen punka Erresuma Batuan, hiriko gazteen protesta gisa; gizartearen konbentzionalismoaren eta krisi ekonomikoaren aurrean. Urte batzuk geroago iritsi zen Euskal Herrira, 80ko hamarkada hasieran. Krisi garaiak ziren, eta hainbatek musikan islatu zuten beren haserrea eta ondoeza. Punk doinuekin egin zuten salto agertokira hainbat emakumek ere; Vulpess taldea izan daiteke talderik adierazgarrienetako bat.

«Koloretako gandor edo narruzko jaka batekin doan bat punk modura identifikatu daiteke. Eta, gero, zer?», hasi dira hizketan Arrasateko (Gipuzkoa) Perlata taldeko Maialen Oleaga Nuño (ahotsa eta baxua) eta Ane Garai Arrieta (ahotsa eta gitarra). Berehala erantzun dute biek batera, zalantza izpirik gabe: «Transformazio pertsonal eta kolektibo askatzaile baten alde egin behar du punkak».

2015ean sortu zuten taldea, eta, aldaketak izan badituzte ere, hasieratik ari dira biak –Txerra Bolinaga Rip taldeko bateria jole ohia hasi berri da taldean–. Perlata ez da musika talde bat bakarrik; barruan daukatena edo interesatzen zaizkien gaiak zenbait arte formatutan lantzeko eta azaleratzeko modu bat dela aipatu du Oleagak. Halere, zaila egiten zaie «punka zara?» galderari erantzutea. «Batzuetan bai, punk jarrera eta punk erabakiak ditugu. Modu naturalean ateratzen dira askotan; eta lanketa bat eginda, bestetan. Bestalde, ordea, inposatutako arauen menpe dagoen gizarte honetan bizi garenez, geu ere erortzen gara tranpa eta inkoherentzietan, noski», gehitu du gitarra joleak.

Kostatu zitzaien lehenbizikoz eszenatoki batera igotzea, eta beste gauza asko ere ez ziren errazak izan. Haien talde erreferente ia guztiak gizonek osatzen zituzten. Inguruko emakumeengandik jaso zuten, ordea, aurrera jarraitzeko babesa. Hainbat izen aipatu ditu Oleagak: «Sagra, Pili, Jesusi, Olatz, Maite... Babesa eurengandik jaso dugu, mutilek zeukaten botere horri aurre egin ahal izateko eta ausardiaz janzteko».

«Gizonez inguratuta nengoen, eta amorrua sentitzen nuen. Nik ere sortu nahi nuen; borrokatu nahi nuen, nigatik eta emakumeengatik. Nahi nuena egin nahi nuen, besteek bezala. Eta kito». Afryka Rubio Martin Portugaleteko (Bizkaia) La Soga del Muerto punk taldearen sortzaile eta abeslariak beste garai batzuk bizi izan ditu, eta punkaren hastapenetako partaide izan zen Euskal Herrian. Taldea 2000. urtean sortu bazuen ere, 1977tik dabil beste talde batzuetan abesten. Horrekin batera, gainera, bere benetako punk nortasuna adierazteagatik zein emakume izateagatik epaitzen dion gizartearen aurka borrokatzen da egunero.

Aldatu dira gauzak

80ko hamarkada oroitu du Rubiok. Hamabost urterekin, etxetik Madrilera joan zen bizitzera, haren familiak ez zuelako bere punk izaera onartzen. Gogoan du ere etxean ez zela «ezer» bere anaiarekin alderatuta, eta horregatik egin zuela ihes. Garai horiek zailak baziren ere, pozik oroitu ditu. Halere, gauza bat argitu du: punkaren mundua «matxista» zela. Orain dagoen punka, berriz, ez da lehengoa. Rubiok aipatu du lehen dena zela berria: «Gaur egun, punkak lasai bizi dira beren etxeetan, gandorrak orrazten dituzte, eta kolonia erabiltzen dute. Orain, dena dago erakusleihoetan; lehen, kalean bizi ginen». Are, uste du gaur egun gurasoek gehiago ulertzen dituztela seme-alabak.

Perlatako kideek uste dute punka oinarrian berdin mantentzen dela. «Egun itotzen gaituen hori hor zegoen lehen, hor dago, eta hor jarraituko duenez, punka beti izango da horri kontra egiteko modua», nabarmendu du Garaik. Hala ere, badaki garai bakoitzak gizarte eredu eta arau konkretu batzuk dituela, eta formak edo moduak aldatu direla: janzkera, musika estiloak, erlazionatzeko moduak...

Izan ere, ohartarazi dute oraindik ere asko ez direla eroso sentitzen punk kulturan. Oleagaren eta Garairen iritziz, arrazoi nagusietako bat da zis gizon heterosexual zuriek egiten dutela oraindik ere «punk konbentzionala», eta, ondorioz, horiek dutela boterea. Baxu joleak salatu du ez direla «identitate guztiak kontuan hartzen», eta horregatik ez direla espazio seguruak. Hain justu, hori da haientzat egungo punkaren kontraesan handienetako bat: zis gizon heterosexualez osatutako taldeetan, «erradikaltasun hori nonbait galtzen da bidean».

Hausnartzeko hainbat galdera planteatu ditu Oleagak. «Indarra proiektatu arren, gauzak aldatzeko balio du? Zer rol hartzen dute? Zeri buruz hausnartu eta abesten dute? Norena da punk mugimendua eraldatzearen ardura?». Gitarra joleak hartu du hitza ondoren: «Pribilegioak alde batera utzi nahi ez dituenak boterea dauka. Ondorioz, aldaketak oso txikiak izaten dira, ia ikusezinak. Punkaren bidez ez badugu botere hori apurtzen, punka bera bihurtu daiteke botere eremu».

Punk askatzailea

Punk eredu horri aurre egin nahi dio Perlatak, eta kuirpunk-a da haiek hartu duten bidea. Queer hitza ingelesetik dator, eta LGTBI kolektiboko pertsonak iraintzeko erabiltzen zen: arraroa edo ohikoa ez dena esan nahi duela azaldu du Garaik. Haiek ere kolektibo horren parte dira, eta errealitate hori ikusarazi eta esplizituki azpimarratu nahi izan dute beren taldearen nortasunean. Beraz, ingeleseko hitz hori «euskaratu» dute, eta kuirpunk gisa definitu dute Perlata, besteak beste.

Askatasunarekin erlazionatzen dute kuirpunk-a: norma, sexu, genero edota punk eszenan dauden musika egiteko modu arautuak apurtzeko balio du. Hor kokatzen dute beren burua. Oleaga: «Gizarteak eta punk eszenak dituzten arauak eta biolentziak transformatzeko gai da guretzat [kuirpunk-a]. Era askatzailean abesteko modu posible bakarra da».

Hain zuzen, sentsazio hori bilatzen dute oholtzara igotzen diren bakoitzean. Ondo edo gaizki jotzeaz harago, punkak ematen dien sentsazio askatzaile hori sentitu nahi dute. Biek bat egin dute esatean barruan dutena «askatzeko eta gozatzeko» igotzen direla oholtzara.

Nazkatuta daude «nesken talde bat» direla entzuteaz: «Kudeatu behar diren zama eta ardura asko dakartza horrek», nabarmendu du Oleagak. Garaik uste du berdina pasatzen dela musikaz kanpo dauden beste eremu batzuetan. Eszenatokia beti arduraz bizi beharrean, askatasunez gozatu nahi dute oholtzan; izan ere, uste du kuirpunk-ak bide hori irekitzen diola nahi duen edonori: «Etorkizuna ez-binarioa eta eszena kuirpunk-a izango da, edo ez da izango».

Rubiok ere sentipen hori bilatzen du agertokian. Hainbeste urte eta gero, kantari eta oihuka jarraitzen du, aske, eszenatokian dena ematen. Halere, nabarmendu du punka izateaz gain askoz ere gauza gehiago ere badela: «Amona izan berri naiz, baina dena egin dezaket. Ama naiz, amona, txakurra ateratzen dut... Dena daukat, eta dena naiz. Ilusioz eta gogoz jarraitzen dut».

Etorkizuna zalantzazkoa da, baina Rubiok argi dauka indibidualismoa alde batera utzi eta punkak zein gizarteak eskuzabalak izan behar dutela: «Gazteek elkartu eta borrokatu egin behar dute. Egin dezatela nahi dutena, eta islatu dezatela nahi duten moduan». Oleagak bat egin du Rubiok esandakoarekin. «Ezarritako etiketa denak alde batera utzi, eta nahi dutena egin behar dute».

Perlatako kideek kezkaz ikusten dute oraina, eta uste dute punk mugimenduan hartzen ari diren «azaleko erabakiak» eta ematen ari diren pausoak ez direla nahikoak. Jaialdietan neska talde bat edo bi kartelean sartzea eta «ezer gehiago ez egitea». Guztiek batera beste gauza bat eraiki behar dela iritzi dute Oleagak eta Garaik.

Gizonezkoentzat izan dira Perlatakoen azken hitzak. Barruan daukatena begiratzeko eta aldatzeko garaia dela uste dute, eta «hegemoniatik kanpo dauden gorputz disidenteek» eman dituzten pauso guztiak eman behar dituztela. Argi esan dute: «Pilota haien teilatuan dago orain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.