Sustrai Colina Akordarrementeria. Bertsolaria

«Ez naiz konformatuko bertsotan oso ongi egitearekin bakarrik»

Irungo eta Baionako finalaurrekoetan kantatu ondotik, finalean da Sustrai Colina. Bertsotan oso ongi egitearekin konformatu gabe, «ahalik eta modu osoenean» oholtzaratu nahi du barruan duen bertsolaria.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Markina-Xemein
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bertsolari Txapelketa Nagusiko seigarren finala du Sustrai Colinak (Urruña, Lapurdi, 1982). Izena eman zuen lehen urteaz geroztik, final guztietan kantatu du. Aurten ez da edonola konformatuko, ordea. Ariketa guztietan utzi nahi du bere sinadura, gauzak gertarazi nahi ditu, eta jendeak espero ez duen tokian agertu. «Publikoa harritu, hunkitu eta interpelatu nahi dut». Bide jostari eta arriskutsuak erabili ditu orain arte jokatu dituen bi saioetan; hain zuzen, horretarako tresnak eman dizkiolako bere buruari.

Aurten ere finalean. Zer moduz zaude?

Gogotsu. Egun nahasiak dira, baina, era berean, egun politak. Saiatzen naiz fokua nigan eta abenduaren 18an jartzen, eta bitarteko egun hauek ere ahal bezain ongien bizitzen. Egon nahi dudan toki batean nago, eta hau ere bizi egin behar da. Badakit emozio gama osotik pasatuko naizela finalera bitarte. Pasatuko naiz beldurretik, pasatuko naiz grinatik, baina gero antsietatea sartuko zait. Gaur sentituko naiz oso txiki, eta bihar sentituko dut posible dela. Horrela da, onartu behar da, eta horri kontra egiteak, niri behintzat, ez dit ekarpenik egiten, eta indarra xahutzen dit. Finalari begira, nork bere helduleku mentalak bilatu behar ditu egin nahi duen hori egiteko.

Eta zuk zer egin nahi duzu aurten?

Nahiko nuke ausart joan, eta, ausart joan nahi dudala esaten dudanean, esan nahi dut neure buruari baimena eman nahi diodala barruan daukadan bertsolari hori ahal bezain modu osoenean erakusteko.

Adibidez?

Bada, etortzen bazait ideia bat a priori zoro samarra dena, ez dut baztertu nahi finalaren testuinguruan gaudelako; alderantziz. Saiatu nahiko nuke gosez ateratzen ofizio eta ariketa guztietan. Sentitu nahi dut kantatuko dudan hurrengo bertsoa dela inoiz kantatuko dudan bertsorik onena; aldarte hori bilatzen badut etorriko direla egin nahi ditudan gauza horiek. Txapelketa, bertso kalitateaz gain, egoera animiko bat ere bada. Oholtzan egongo garen zortziok erakutsita daukagu gure bertso kalitatea. Orduan, nola egin bertso kalitate hori onetik oso onera edota oso onetik bikainera eramateko? Bada, uste dut aipatu dudan egoera animiko horretan dagoela diferentzia. Beraz, horren bila eta horri eutsiz nahiko nuke kantatu.

Oso puntuazio altuak lortu zenituen Irungo eta Baionako finalaurrekoetan. Nola joan ziren zuretzat?

Orain ezin dizut esan gaizki joan zirenik [barreak]. Desberdinak izan ziren bi saioak. Martxan datorren tren batera igotzea beti da arazo bat, ikusten duzulako besteak mingaina bero datozela, eta zu ez. Kezka horiekin guztiekin iritsi nintzen Irungo saiora. Egun horrek bazituen osagai batzuk poz handi bat ematen zidatenak. Historiako lehendabiziko finalaurrekoa izango zen bost emakume zituena, eta, agian, baita gipuzkoar bakarra zeukana ere. Saioan zehar, uste dut, utzi nituela gauza on batzuk, eta besteetan kostata aritu nintzela. Nire gorputza erantzuten ikusi nuen, eta etxera itzuli nintzen txapelketari beste begi batzuekin begiratzeko aldartean, pentsatuz: «Tira, banago».

Baionako saiora, trenera igo beharrik ez neukalako, lasaiago joan nintzen, eta neure burua kortse horretatik askatzera derrigortuz. «Hau txapelketa da, oso ongi, baina hau beste zerbaitetaz ere badoa», pentsatu nuen. Badoa emozioez, badoa jendeari zerbait esateaz eta badoa Euskal Herria zeharkatu eta finalaurrekoaren sarrera 17 euro ordaindu duenari zerbait emateaz. Beraz, uste dut horregatik ere atera zitzaidala ganbarako hori. Saiatu nintzen Irunen ikusten ez nituen bide jostari eta arriskutsuak bilatzen.

Ganbarakoan lortu duzu puntuaziorik altuena aurreko bi saio horietan. Ariketa horretan uzten duzu Sustrai Colinaren sinadura?

Nire sinadura, txinpartetan utzi baino gehiago, amaierara arte iraungo duen su batean utzi nahiko nuke. Gauzak gertarazi nahiko nituzke, eta ez dut beti agertu nahi jendeak espero nauen tokian. Jostari agertu nahi dut. Euskal Herriko final batean libre kantatzea ez dakit posible den, baina posible balitz, horixe egin nahi dut. Bost urte hauetan jendeak plazan ikusi duen Sustrairen panoplia guztia saio batean agertu nahiko nuke. Ez dut inoiz etsi nahi, ez dut edozerekin konformatu nahi. Harritu, hunkitu eta interpelatu nahi dut publikoa. «Tipo hau mikrofonora hurbiltzen denean, ez dakit zer egingo duen, baina zerbait gertatu daiteke»: hori nahi dut jendeak pentsatzea ni mikrofonora hurreratu orduko. Uste dut nire aurtengo firma hortik doala.

Horrek guztiak lanketa bat behar du derrigor.

Bai, tira, saiatu naiz neure buruari tresna batzuk ematen. Batzuk atera dira, eta beste batzuk ez. Saiatu naiz gaien aurrean kokatzen. Izan ere, gauza asko gertatu dira bost urte hauetan, txapelketa bera ere urtebete berandu dator, oso indartsu datorren beste belaunaldi bat dator, eta horrek, nahi ala ez, erreferentzietara egokitzea eskatzen du. Hor lan egin dut.

Bestalde, saiatu naiz nik zer nahi dudan pentsatzen, zer gertatzea nahiko nukeen pentsatzen; hau da, neure buruari zer egin behar dudan galdetu beharrean, zer egin nahi dudan galdetzen. Ez dut pentsatu nahi zer ote den posible eta zer ez; pentsatu nahi dut nola egingo ote dudan posible izan dadin. Horrek lanketa bat dauka atzean, noski. Orain arte kantatuko ez nituzkeen gauza batzuk kantatzera ausartu nahi dut.

Zer gauza, adibidez?

Bada, adibidez, orain arte, segur aski, nire buruan ez zen posible izango hildako baten larrutik kantatzea; orain posible da. Hortik doa txapelketa honetarako egin dudan lanketa.

Baliabide teknikoez ez ezik beste baliabide batzuez hornitzea, orduan.

Hori da. Beste baliabide batzuk, bai mezuz eta bai formaz. Gero hori zenbateraino igartzen den ez dakit, hala ere. Batzuetan ez zaizu ateratzen nahi duzun bezala, baina nire seigarren txapelketa da hau, eta egin nahi ditudan gauza batzuk oso argi dauzkat:ez naizela konformatuko bertsotan oso ongi egitearekin bakarrik. Horrez gain, zerbait esan nahi dut. Kontzertu batera noanean, tipo birtuoso batek ez nau hainbeste txunditzen. Oso ongi, gitarra oso ongi jotzen du, eta zorionak, baina agian ondoan daukan musikariak okerrago jotzen du baina lortzen du jendea txunditzea. Ulertzen da?

Ulertzen da, bai.

Bada, horixe bilatzen dut. Birtuosismoa bai, baina emozio baten mesedetan. Oinarrian, bertso oso onetik gora eraman nazakeen zerbait. Bertso oso-oso on bat atzean mezurik ez duena ez zait interesatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.