KRITIKA. Musika

Itzalen samurtasuna

Julia Siciliano piano jotzailea, artxiboko argazki batean. V. VALENTIN.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

'Ensemble Siciliano'

Pianoa: Julia Siciliano.Biolina: Dmitri Makhtin. Biolontxeloa: Kyril Zlotnikov. Egitaraua: L. van Beethovenen 7. Sonata piano eta biolinarentzat,Op. 30, 2. zb, eta 2. Trioa, Op. 1. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailak 9.

Ludwig van Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena ospatzeko, ehunka kontzertu antolatu dira munduan zehar, eta hedabide espezializatuetan arreta berezia jartzen ari dira bere obra gaurkotzen. Donostia Musika elkarteak ere omenaldia egin nahi izan dio Bonneko jeinu ilunari, urtarriletik hasita eta abendura arte bi integral oso-osorik eskainiz, denak Viktoria Eugenia antzokian: batetik, pianorako sonatak; bestetik, trioak eta piano eta harietarako sonatak.

Beethovenek hamasei urteren buruan idatzi zituen biolin eta pianoarentzako bere hamar sonatak. Zazpigarrena 1802an amaitu zuen, bere bizitzako garairik ekaiztsuenean. Urte berean idatzi zuen Heiligenstadt-eko testamentua, bere buruaz beste egiteko pentsamenduak izatera bultzatu zuen gorreria hobetzeko itxaropena galduta. Indartsua da sonata irekitzen duen Allegro con brio, eta Julia Sicilianok sen onez gidatu zuen gai nagusiaren erritmo sarkorra, garapeneanBeethovenen barne-mamuei tokia utziz. Dmitri Makhtin biolin jotzaileak fraseatze samurrez eraman zuen Adagio cantabile-aren arnasa. Scherzoa bi instrumentuen arteko elkarrizketa basati eta ederra suertatu zen.

Beethovenen Op. 1 osatzen duten Trioak Cari von Lichnowsky printzearen etxean aurkeztu ziren, 1793an, Joseph Haydn bertan zela. Lotsatia da bigarren honen hasiera, pianoa eta biolina oin-puntetan sartzen direla dirudi, Makhtin eta Sicilianoren egitean gozo. Largo mugimenduan, Kyril Zlotnikov biolontxelo jotzailaren espresio-imintzioek bere kideen dotorezia lausotu zuten ia. Scherzoaren erritmo hirutarrean, hiru instrumentuek izan zuten luzimendurako aukera; banakotasuna galdu gabe, eta plano desberdinak errespetatuz, oreka distiratsua lortu zuten, amaierako Presto kitzikagarria zehaztasunez gidatuz.

Osagaiak hain kalitate handikoak izanik, ez zegoen arrazoi sendorik antzokiaren leku erdiak hutsik geratzeko. Formatu txikiko kontzertuekiko zaletasuna sortu eta hedatzeko, ez ote gara gu gor, itsu eta mutu egongo?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.