Albistea entzun

Jaien itzulera, kolokan

Herrietako festak itzuliko zirela zirudien, baina koronabirus kasuak ugaritu egin dira, eta bertan behera utzi dituzte hainbat. Herri batzuetan, ordea, lehenago edo geroago izan, jaiak ospatzeko aukera izan dute, betiere osasun neurriak gogoan izanda. Gehienek garaian garaiko egoerara egokitu dute egitaraua.
<b>Ormaiztegi. </b>Hilaren 26an bota zuten Ormaiztegin txupinazoa.
Ormaiztegi. Hilaren 26an bota zuten Ormaiztegin txupinazoa. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko azaroak 30

Bazirudien oraindik izurrite garaian egonda ere normaltasunaren ataria urrats batera zegoela, lehengora itzultzeko aukera egongo zela, eta, besteak beste, herrietako festak ere ospatuko zirela. Hainbat ziren dagoeneko egitarauak zehaztuta zeuzkaten udalak, batzordeak eta herrietako eragileak, itxaropentsu, baina ustelak erdi ustel.

Gorantz ari dira birusaren kasuak azken egunotan, eta agintariak erabakiak hartzen hasiak dira. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, murrizketak ezarri ditu, eta litekeena da laster gehiagoren berri ematea. Nafarroan, COVID ziurtagiria behar da ekitaldi eta establezimendu batzuetara sartzeko joan den larunbatetik, eta baita Ipar Euskal Herrian ere. Ondorioz, bertan behera utzi dituzte zenbait festa, batzuek egoera hobeago batean ospatzeko aukera izan badute ere.

Izurriterik ez balego, San Andres eguneko jarduerak egingo lituzkete gaur segur aski Euskal Herriko zenbait herritan. Azokak eta jai giroa izango lirateke nagusi, baina, birusaren eraginak bultzatuta, hainbat udalek bertan behera utzi dute herri askotan tradiziozkoa den egun hori. Horren adibide dira, besteak beste, Eibar eta Azkoitia (Gipuzkoa). Bi herrietako udal arduradunek hartu dute erabakia, besteak beste datuek «okerrera» egin dutela iritzita, eta azpimarratuta egoera honetan ez litzatekeela «egokiena» izango festak ospatzea. Hala ere, leku batzuetan, osasun neurriak gogoan izanda, aurrera egitea erabaki dute.

Ormaiztegin (Gipuzkoa), hilaren 19an ekin zieten Ander Deuna jaiei, eta gaur amaituko dira, kontzertu berezi batekin. «Egitaraua diseinatzerako orduan, zuhur aritu ginen, azken asteetako igoera gogoan izanda; Eusko Jaurlaritzako neurriak etorri zirenerako itxita geneukan, eta zegoen bezala eraman dugu aurrera», adierazi du Jon Enrique Galartza alkateak. Jarduera horiek antolatzeko, ordea, zenbait neurri izan dituzte gogoan; besteak beste, birusaren transmisioa areagotu zezaketen jarduerak ez antolatzeko hautua egin zuten. «Barruko ekintza guztiak kendu genituen; urtero egiten diren bi herri bazkari, adibidez. Horrez gain, kontaktu handia dakarten eguneko kontuak ere ez genituen sartu». Hala ere, gainontzean, kaleko jarduerekin aurrera egitea erabaki zuten, hala nola txarangekin eta kontzertuekin.

Batzuek, lehenago

Herri horiek eta beste batzuk bete-betean harrapatu ditu jada aditu batzuen arabera seigarren olatua izan daitekeenak, edo haren lehen arrastoak, bederen. Beste batzuek, ordea, horren aurretik izan dute festak ospatzeko aukera.

Irurtzunen (Nafarroa), azaroaren 11tik 14ra egin zituzten jaiak, San Martin egunarekin batera. Kultur zinegotzia da Agurtzane Garijo, eta antolaketa izan du gogoan: «Egoera hobea zela jakinik, zerbait xumea egin nahi genuen, beste batzuetan baino gauza gutxiagorekin». Beraz, erabaki zuten «kontu handiz» egitea aurrera, eta koronabirusarengatik neurrietako batzuk hartuta. «Eguraldi eskasarekin frontoian egin izan diren jarduerak kalean egin ditugu aurten, seguruagoa izan zedin; azoka, adibidez».

Zollon (Bizkaia) eta Miarritzen ere (Lapurdi) sanmartinak ospatu zituzten garai berberean. Txutxi Ariznabarreta Arrankudiagako alkatea da —Zollo udalerri horren parte da—, eta adierazi du herritarren artean erabaki zutela zer egin jaiekin, bilera ireki batean. «Ospatzea pentsatu genuen, baina zuhurtziaz; kartelik gabe, publizitaterik gabe, eta ahoz ahokoarekin». Ez zuten neurri berezirik hartu, eta egitarau xume bat antolatu zuten. Frederic Cano, berriz, Miarritzeko herriko etxeko animazio zerbitzuko zuzendaria da, eta azaldu du jaiak bi urteren ostean egin arren ez dela aldaketa handirik egon. «Ez da gauza handirik aldatu, COVID-19ari aurre egiteko neurri horiengatik ez bada: osasun ziurtagiria».

San Martin egunez gain, Nafarroan ohikoa izaten da herrietako feriak ospatzea, eta horiek egiteko aukera izan zuten leku batzuetan. Tafallan, urriaren 22an, 23an eta 24an ospatu zituzten, baina ordu hartan birusak eragindako egoera hobea zen. Udalak berak ere sorpresaz hartu zituen iritsi zitzaizkien berriak: «COVID-19aren neurriak gogoan izanda antolatu genuen egitaraua, hala nola azokan jarraitu beharreko norabidea markatuta, baina, guztia zehaztua genuenean, Nafarroako Gobernuko agindua iritsi zen; neurriak bertan behera utzi zituzten, indargabetuta», jakinarazi du Jacinto Goñi jaietako zinegotziak. Hori dela eta, programazioa zabaldu zuten, eta, besteak beste, aukera izan zuten zezenketak eta entzierroak egiteko.

Herritarrentzako jaiak

Ospakizunak ospakizun, gehienak bat datoz jaiak ez direla «arruntak» izan. «Formatu txikian egin ditugu, eta hori nabaritu egin da; herriari eta herritarrei begira antolatu ditugu aurten, eta baita urtero etortzeko ohitura dutenei ere», nabarmendu du Ariznabarretak. Ondorioz, ohi baino jende gutxiago etorri da Zolloko sanmartinetara, baina joan direnek eskertu ei dute: «Batek baino gehiagok esan zuen betiko sanmartinak itzuli zirela; tira, beti-betikoak ere ez ziren, baina bai...».

Canok ere herritarrak aipatu ditu, jai hauetan izan duten presentzia nabarmentzearekin batera. «Jendea izugarri laketu da, eta usaian bezalako jende kopurua jin dela erranen nuke. San Martingo besta hauek miarriztarren artekoak dira, herrikoiak, aisagoa da ezagunak ikusteko, udan baino adibidez, turistaz lepo izan ohi baita». Gainera, erantsi du herriko etxeak asmoa duela auzoak berriz dinamizatzeko, eta orain bere nahia dela horietako bakoitzak urtero besta hauen antzerako pare bat izatea.

Tafallan ere, beste herrien eran, garrantzia eman nahi izan diote herriari, lehentasuntzat ezarriz, baina Goñik ohartarazi du aurreikusi baino jendetsuagoak izan direla festak, kanpotik jendea iritsi zelako. «Inoizko feriarik onenak izan ziren; izugarria zen zenbat jende zegoen, eta herria biderkatu egin zen». Garijok, berriz, aipatu du Irurtzungoa herritarrek antolatutako egitarau bat izan zela, baina beste urteetan baino indartsuagoa. «San Martin egunean, normalean, ez dugu horrenbeste jarduera antolatzen, baina, udarako jaiak egon ez zirenez, garrantzia eman nahi izan genion; jaiak antolatzeak sekulako poztasuna eta alaitasuna dakar herritarrentzat, eta are gehiago garai hauetan».

Badago giro gogoa

Udaletako ordezkariek bat egiten dute Garijok esandakoarekin; uste dute herritarrek badutela jaiez gozatzeko gogoa, eta baten batzuek baita beharra ere. «Jendeak gogoa duela nabaritzen da, elkartzeko eta momentu alaiak bizitzeko, herriaren jai giroa errekuperatzeko eta elkarrekin uneak konpartitzeko, goizaldeko ordu txikietan bada ere», esan du Ariznabarretak. Tafallako zinegotziak, berriz, erantsi du «parrandarako eta bizitzeko» nahia dagoela, baita Galartzak ere. Hala ere, azken horrek «zuhurtzia» ere aipatu du, herritarrei halako egunez gozatzeko gonbita egitearekin bat. Hark bota du azken puntua: «Etorriko dira beste garai batzuk!».

Beraz, azken hitz horiek gogoan izanda, ikusi egin beharko da zer gertatzen den datozen egunetan datuekin eta osasun agintariek har litzaketen neurriekin. Bien bitartean, kolokan geldituko dira ospatzeko dauden festak, besteak beste intzidentzia tasen menpe, eta, seguruena, ez da erabakirik hartuko datak hurreratu arte; hor daude, adibidez, aski ezagunak diren batzuk, santalutziak, santomasak eta Gabonak, baina, oraingoz, ordea, badirudi ez dagoela ezer erabakita, eta itxaron egin beharko dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Agirrek esandakoak egia direla frogatu dut»

Amaia Igartua Aristondo

Aurreneko lehendakariaren erbestea eta jazarpena kontatu ditu Niebelek argitaratu berri duen liburuan: 'A la caza del primer lehendakari'. Dokumentazio lan sakon baten emaitza da obra.
 ©BERRIA

Makina bat sortzaile

Iker Tubia

Adimen artifiziala erabiliz olerki liburu bat argitaratu du Beñat Erezuma ingeniariak. Teknologia hori kultur sorkuntzan sartua da, dagoeneko, eta adituek uste dute lagungarri izan daitekeela artistentzat. Hala ere, gizakiaren eskua beharrezkoa da sorkuntza prozesua burutzeko.
<em>Vampire academy</em> telesaileko eszenak grabatuko dituzte zazpi egunez Donostiako Miramar jauregian. ©URTZI URKIZU

Banpiroak Miramarren dira

Urtzi Urkizu

Universal Erriberrin ari da grabatzen 'Vampire academy' telesaila, eta asteon Donostian da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.