Albistea entzun

Emakumeen Nazioarteko Eguna

Emakumeen ahotsei so

'Baina zer ari zaigu gertatzen? Pasaiako emakumeak pandemiako bizipenak partekatzen' liburuxka argitaratu dute. Egileek diote prozesua «ahalduntzailea, askatzailea eta sendatzailea» izan dela.
Liburuxkaren aurkezpena, ostegunean, Pasaian.
Liburuxkaren aurkezpena, ostegunean, Pasaian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2021eko martxoak 7 - Pasaia

Emakumeen ahotsei erreparatzeko eta entzuteko ariketa kolektiboa egin du Pasaiak; herri mailako egitasmoa da, baina berdintasuna lortzeko borrokaren bidean beste aletxo bat jarriko duena. Pandemia garaian ere, hitz egiteko eta elkar entzuteko tartea hartu dute, horretarako espazioak sortuta, eta emakumeen kontakizun eta esperientzietatik abiatuta osatu dute Baina zer ari zaigu gertatzen? Pasaiako emakumeak pandemiako bizipenak partekatzen liburuxka ilustratua. Bertan, izurriteak Pasaiako emakumeei nola eragin dien bildu dute, haien bizipenetan fokua jarrita, eta diagnostiko komun bat egiteko ere baliatu dute prozesua. Kontxi Lopez Soriak eta Clara Wolfram Perezek dinamizatu dute prozesua, eta testua idatzi; eta Pasaiako Udaleko Berdintasun Sailak koordinatu eta bultzatu du lana, beharrezkotzat jo duelako «pandemia genero ikuspegitik ere analizatzea».

Lanketa egiteko, askotariko emakumeekin elkartu dira. Hain zuzen, herriko 44 andrek hartu dute parte liburuari forma emateko egindako lan saio, tailer eta elkarrizketetan: emakume gazteak, 50 urtetik gorakoak, zaintzaileak, migratzaileak, Berdintasun Mahaiko kideak, gizarte langileak, hezitzaileak, Jabetze Eskolako irakasleak eta beste.

Wolframek ziurtatu du prozesua ez dela bizipenen jasotze soil bat izan: «Ariketa askatzailea, ahalduntzailea eta sendatzailea izan da». Emozioak kanalizatzeko balio izan duela azaldu du, eta bizipenak elkarri kontatzeak, entzuteak eta entzuna izateak baduela «funtzio sendatzaile» hori. «Gainera, ohartu gara esperientzia antzekoak bizi ditugula». Lopezen esanetan, Pasaiako emakumeengana hurbildu nahi izan zuten jasotzeko osasun krisiak nola eragin dien, alor ezberdinetan: bizikidetzan, harremanetan, lanean, ohituretan, emozioetan... «Espazio ezberdinetan jasotakoarekin kontakizun kolektibo bat egiten saiatu gara». Oro har, jendea bere bizipenez «hitz egiteko gogoz» sumatu dutela aitortu dute, eta azpimarratu garrantzitsua dela tarte bat hartzea bizi izandakoa arretaz kontatzeko.

Saioa Iraola Berdintasun teknikariak adierazi du hasieran asmoa zela konfinamenduaren eta horrek ekarritako zama eta kezka guztien inguruan laborategi moduko bat sortzea, baina, azkenean, liburuxka bat egin dutela, «oso gaurko kontakizuna» duena. «Memoria oso aktibo eta bizi bat ekarri dugu».

Izurriteak sortutako ekaitza

Duela urtebete atzeman ziren aurreneko COVID-19 kasuak Euskal Herrian, eta, ordutik, koronabirusak guztiz baldintzatu du herritarren bizimodua. Liburuxkarekin, Pasaiako emakumeek garaiok nola pasatu dituzten jaso nahi izan dute, eta horren inguruko azterketa bat egin. Bost atal ditu lanak, eta, batez ere, pandemiak eta ezarritako neurriek Pasaiako emakumeen bizitzetan izan dituzten eraginak landu dituzte, hala nola alor ekonomikoan, lana eta bizitza pertsonala bateratzeko orduan, zaintza lanetan, ongizate emozional eta afektiboan, edota adinekoek etxean gelditzeagatik pairatu behar izan dituzten albo kalteen inguruan.

Lopezen arabera, prebentzio neurriak ezarri ziren jendea ez kutsatzeko, baina hartutako neurri horiek beste ondorio kaltegarri batzuk izan dituzte: «Gaitasun kognitiboak gutxitzea ekarri du, baita fisikoak ere; batez ere, adinekoengan». «Eta 80 urtetik gorako lau biztanletik hiru emakumezkoak dira», erantsi du Wolframek.

Andreek gizonezkoek baino larritasun eta kezka sentipen handiagoa izan dutela jakinarazi dute, eta Emakundek Berdintasuna pandemia garaian txostenean jasotako ikerketa oinarri hartu dute hori baieztatzeko.

Wolframek azaldu du nola momentu batean bizitzako dimentsio guztiak uztartu diren denbora eta espazio berean: «Demagun ni ama naizela, baina baita langilea ere; eta bat-batean telelanean ari naiz, haurrak etxean ditudala... Dena aldi berean eta espazio berdinean gertatu da».

Bestalde, bizi izandako emozioak jaso dituzte: hor atzeman dituzte, besteak beste, larritasuna, beldurra, kezka, tristura edota amorrua; baina baita poza, ilusioa eta bakea ere. «Bizi erritmo frenetikotik ateratzeko balio izan du». Azkenik, zailtasunak gainditzeko garatutako estrategiei heldu diete: batetik, norbere burua zaintzea eta ahalduntze ariketa egitea; eta, bestetik, estrategia komunitarioak eta egitasmo kolektiboak sortu izana.

Lopezek eta Wolframek azpimarratu dute garrantzitsua eta beharrezkoa dela emakumeei ahotsa ematea eta hitz egiteko espazioak sortzea. «Taldean lan egiteak, bizipenak partekatzeak eta sareak osatzen segitzeak alderdi askotan lagundu die. Erreminta inportantea izan zen». Aipatu dute ezinbestekoa dela horrelako espazioak mantentzea, «kontaktuan» jarraitzea. Ahalduntzea da asmoa.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

GI-2633 errepide artxiboko irudi batean. ©Google Maps

Motozale bat hil da Zestoan, kamioi batekin izandako istripuan

Berria

GI-2633 errepidean gertatu da ezbeharra. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Iruñeko Izaga-Irabia ikastetxearen artxiboko irudia. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ontzat jo du Lehen Hezkuntzan segregazioa diruz ez laguntzea

Iker Tubia

Opus Deiren Irabia-Izaga eskolak paratutako helegitea atzera botata, oniritzia eman dio ituna duten eskoletan segregazioa debekatzen duen Nafarroako Gobernuaren ebazpenari

Osasun publikoaren aldeko herri plataformen topaketa larunbatean Araian(Araba) ©BERRIA

Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute azaroaren 11rako

Edurne Begiristain

Osasun sistema publikoa helburu duten herri plataformek deitu dute manifestazioetara, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira. Pribatizazioaren eta osasungintza publikoaren «eraistearen» aurka antolatu dituzte protestak.

Ignacio Allende 'Torbe', artxiboko irudi batean ©JUANJO MARTIN / EFE

Haur pornografiako delituak onartu ditu Torbek, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote

Olatz Silva Rodrigo

Zazpi urte baino gehiagoko kartzela zigorra zuen eskatuta Fiskaltzak. Beste bi gizon epaitu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...