Euskaraz bizitzea galarazten duten «egiturazko» faktoreak jomuga

Martxan da bigarren Gaztealdia. Sarea eta kaleak hartuko dituzte

Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Gazteok euskaraz bizi nahi dugu, baina ezin dugu». Hori izan zen lehenengo Gaztealdian ateratako ondorio nagusia, Sugoi Etxarri Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak azaldu duenez. Hori dela eta, Gazte Euskaltzaleen Sareak bigarrena jarri du martxan. Atzo hasi zen, eta ostegunean bukatuko da, Euskaraldiaren bezperan.

Gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta egunerokoan hautu hori oztopatzen duten faktoreak azalarazteko asmoa du Gaztealdiak. Bigarren aldi honetan, edonork har dezake parte. «Nahi duten gazte euskaltzale guztiak aktibatu nahi ditugu», azaldu du Etxarrik. Gazteei dei egin diete beren bizipenak eta hausnarketak sare sozialetan parteka ditzaten, #EuskarazBizikoGara traola erabiliz eta @gaztealdia profil kontua aipatuz. Sarea ez ezik, kaleak ere hartzeko gonbidapena egin dute, salaketak eta aldarrikapenak kalean bertan eginez.

Etxarriren arabera, euskaraz bizitzeko eskubideak oztopatzen dituzten mugak «egiturazkoak» dira. Hezkuntza da horren adibide: «Euskal Herriko hezkuntza sistemek ez dute euskalduntzen. Eta euskalduntzen ez badute, hurrengo belaunaldietan erdaldun izaten jarraituko dugu».

Ikus-entzunezkoen egoerak ere kezkatzen ditu gazteak. Hori dela eta, «guztiz bat» egiten dute Pantailaldia egitasmoarekin. Etxarrik azaldu duenez, gazteek edukiak euskaraz sortu, bilatu eta partekatu behar dituzte, baina Euskal Herriko instituzio publikoek dute erantzukizuna: «Benetako inbertsio bat egin behar dute bikoizketetan, edukien sorreran eta bideojokoen itzulpenetan».

Zerbitzu publikoetan askotan gaztelerara edo frantsesera pasatzera «behartuta» daudela gehitu du Etxarrik, «euskaraz artatuak izateko baliabideak ez direlako jartzen». Oztopoak ikusaraztea horiei aurre egiteko «lehenengo pausoa» da: «Askotan, oztopoak normalizatu, eta kamuflatuta geratzen dira». Egiturazko faktore horiek azalarazteko, egunero ekintza bat egingo dute: lehenengoa, hezkuntzari buruz; bigarrena, legeari eta administrazioari buruz, eta hurrengoa, ikus-entzunezkoei eta sareari buruz. Ostegunerako, ekitaldi orokorrago bat antolatu dute. Sarean emango dute horien berri.

Ardurak banatu beharra

«Euskaltzaleok gure inguruan eragin behar dugu», adierazi du Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak. Hala ere, arreta ezin da hor jarri: «Egiturazko faktore potenteetan, gure hizkuntzan bizitzen uzten ez digutenetan, hor jarri nahi dugu behatza». Azpimarratu duenez, instituzio publikoek dute ardura legedia alda dadin eta euskararen aldekoa izan dadin. Benetako baliabideak beharrezkoak dira: «Hori ezin dugu guk egin, hori instituzio publikoek egin behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.