Albistea entzun

Departamendu eta eskualde bozak. Korsika. Jean-Guy Talamoni. Fa Nazioneren zerrendaburua

«Simeonik alde bakarrez erabaki du gure kontratua amaitzea, eta hori hutsegite bat izan da»

Korsikako buruzagi independentistak aitortu du ez zeudela prest Pe a Corsica koalizioaren zatiketarako, baina argi utzi du badela aukerarik indar nazionalistak bigarren itzulian berriz elkartzeko, betiere ideia batzuen inguruan baldin bada.

ANDER PEREZ ZALA Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala - Berriemaile berezia

2021eko ekainak 16

Corte erdiguneko Padoueko Dukearen plazara (Korsika) iritsi, eta, Sebastien Quenot kabineteburu ohi eta kanpainarako hedabideen arduradunarekin batera, autotik atera da Jean-Guy Talamoni (Saumur, Frantzia, 1960), Corsica Libera alderdi independentistaren buruzagi eta Fa Nazioneren zerrendaburua.

Pare bat militante agurtu ostean, Talamoni BERRIArengana hurbildu da zenbait galdera erantzuteko, hauteskundeetako bilkura publiko batean parte hartu aurretik. Bozen lehen itzuliko kanpainaren azken txanpan daude Korsikan, eta zerrendaburu independentistak aitortu du nekatuta dagoela, baina, halere, badaki azken esfortzuak egiteko egunak direla asteotakoak.

«Ordu erdi nahi duzula elkarrizketarako? Ez dakit ahalko dudan, laster hasiko da ekitaldia», dio Talamonik, mikrofonoa alkandoran jarri eta bankuan esertzen den bitartean. Pascal Paoli Korsika independentea izan zeneko (1755-1769) militar eta agintariaren estatua begira duela erantzun die galderei, Corten nonahi baitago Paoli.

Korsikako mugimendu nazionalista hegemoniko bilakatu da, ala oraindik ez?

Alor kulturalean, esango nuke bataila irabazi dugula, [Antonio] Gramsciren eskemaren zentzuan hitz eginda. Hori da lehen etapa. Korsikarrak ados daude gure proiekturako garrantzitsuak diren gai guztiekin; hizkuntzarekin, lurrarekin, ekonomia identitarioarekin eta beste askorekin. Gero, arlo politikoa dago: 2017an lortu genuen gehiengo osoa. Hori beste etapa bat izan da.

Agintaldiaren bilanari dagokionez, nire iritzia partekatua da. Gure gehiengoaren kudeaketa hobea izan da aurrekoena baino, baina ez diegu behar adinako protagonismorik eman Korsikako nazionalismoaren, justizia sozialaren eta lurraren eta ingurumenaren defentsaren oinarriei. Kudeaketa positiboa izan da; halere, gobernatu beharra genuen, ez soilik kudeatu beharra.

Corsica Libera horretaz ohartu zen, eta nahiko goiz jakinarazi zuen errealitate hori, agintaldiaren lehen urtean. Ez digute erabat entzun, gehiengoan gutxiengo garelako, eta [Gilles Simeoni] kontseilu exekutiboko presidenteak, zeinak botere handia bildu duen, ez du kontuan hartu gure jarrera. Egun, zatituta aurkezten gara, nahiz eta guk pentsatzen genuen elkartuta jarraitu behar genuela beste sekuentzia erasokorrago batera pasatzeko, batez ere Parisi begira.

Kontseilu exekutiboko presidenteak eta [Femu a Corsica] haren alderdiak harturiko erabakia kontrakoa da: agintaldiaren bilan erabat positiboa egin du, eta erabaki du, alde bakarrez, hamar urterako osatu genuen kontratuari amaiera ematea, sinatu eta hiru urtera. Hutsegite bat izan da.

Ideien borroka irabazia duzue?

Ideien borroka irabazia dago; ideia politikoena da irabazi behar dena. Gure herria desagertzear zegoen 1960ko hamarkadan, eta borroka nazionalak ahalbidetu du Korsikako herria egun errealitate bat izatea. Garaipen mota bat da, baina oraindik garaipen asko daude lortzeko. Eta, horretarako, borrokatu egin behar da.

Fa Nazione kanpaina aktiboa egiten ari da; aktiboena, agian.

Guretzat garrantzitsua da. Datorren igandean gertatuko denak zehaztuko du Corsica Liberaren presentzia. Gu [nazionalismoaren] korronte historikoa gara; aurrekoan txantxetan nioen beste korronteak gugandik eratorriak direla, baina gurea izan da, hainbat borrokaren eta sakrifizioren bitartez, Korsikarentzako aurrerapauso andana lortu dituena, nahikoa izan ez diren arren.

40 bat urte da hori gertatzen dela: Korsikak estatus berezia izatea, Frantziak XVIII. mendean itxi zuen Korsikako Unibertsitatea berriz irekitzea, itsasbazterra babestea... Gure lanaren eta batez ere FLNCren [Korsikako Nazioa Askatzeko Frontearen] klandestinoen lanari esker izan da; haiei, noski, beti adierazi diegu elkartasuna.

Hortaz, guretzat garrantzitsua da lehen itzulian ahalik eta posturik gorenean amaitzea, beharrezkoa den [babesen] %7tik gora egotea bigarren itzulira pasatzeko, eta Corsica Libera datorren gehiengoaren erdigunean egoteko.

Aurten banatuta aurkeztu zarete Pe a Corsica osatu zenuten hiru indar politikoak: Femu a Corsica, Corsica Libera eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia. Espero al zenuten? Eta prest al zineten?

Ez. Bilanaz kritikoak izan garren arren, azkenera arte egin dugu batasunaren alde. Gehiengo nazionalista mantendu beharra zegoen, betiere bere koherentziaren barruan. Ez da borroka handirik izan gure partetik, hori egia da, Parisek beti ezetz erantzun baitie gure proiektuaren elementu guztiei; ez ahaztu 2017an korsikarren gehiengo osoak baiezkoa eman ziola proiektu horri.

Parisek demokrazia ukatzen du, eta hori oso larria da. Noski, gehiengoa zailtasun askoren aurrean jarri du, eta zaila izan da. Gure ustez, jarrera sendoagoa behar genuen; hori bai, Korsika duela hogei urteko egoerara itzuli gabe, mundua aldatu egin baita. Baina konbentzituta geunden eskura dugun boterea erabilita Korsikako kolektibitateko ordezkariek, herri mailakoek, elkarteetakoek, sindikatuek eta militanteek indar harreman bat behartu genezakeela Parisekin.

Ez hori egiteko plazeragatik, baizik proiektu baten alor guztien ezeztatzearen aurrean gaudelako.

Gero galdetuko dizut berriz Parisez. Bozei begira, bigarren itzulian berriz elkartzearen alde zaude? Kanpainan izan al duzue elkarrizketarik horretaz?

Ez, oraingoz ez dugu izan, eta ez gara horretaz mintzatzen ari. Negoziazioak lehen itzuliaren aurretik gelditu ziren, eta ez dugu akordiorik bigarren itzulirako. Korsikarrek konfiantza emango digute, gero gehiengo berri bat sortzeko. Argi diogu ideiek gidatu behar dutela ekintza politikoa, ez baitugu akordiorik egingo aulkiak gure artean banatzeko bada.

Gure bi aliatu ohiek beren zerrendak osatu dituzte, eta politikoki ez dira koherenteak, Korsikako nazionalismotik urrun dauden sektoreetako politikari batzuk baitaude horietan. Ideien ikuspuntutik ez dago koherentziarik. Gurea, aldiz, zerrenda militantea da, ideia nazionalaren inguruan, eta nazionalismoaren oinarrien ingurukoa.

Azken agintaldian, Corsica Liberako talde parlamentarioak eta neuk Asanbleako presidente gisara lan egin dugu proiektu zehatzak garatzeko: adibidez, berrikuntza soziala...

500 euroko errenta unibertsala ere bai.

Hori da. Lau urte dira jada horren inguruan lanean ari garela, eta, teknikoki, bihar bertan martxan jar daiteke. Egia da iaz kezka goren bihurtu zela, krisi ekonomikoaren ondorioz, baina guk hiru urteko aurrerapena genuen, nazioarteko aditu onenekin landu baitugu...

Beste hainbat auzi ere garatu ditugu: lan lokalari buruzko gutun bat, adibidez. Aipatu ditugun guztiek, noski, Korsikako Asanblearen baiezkoa jaso dute, eta...

Femu a Corsicaren eta PNCren babesarekin.

Estatus fiskala eta soziala aipatzen dizkizudanean, errenta unibertsala aipatzen dizudanean, garrantzitsuena da jakitea bozak pasatutakoan sartu daitezkeela indarrean. Ez da hauteskunde programa bat: hori baino gehiago da. Zer da hauteskunde programa bat? Paper batean jartzen ditugun idei batzuk; zenbaitetan, demagogikoak dira, eta, zenbaitetan, ez dute jarraipenik pertsonak hautatuak izan ostean.

Guk programa bat baino gehiago dugu: ekintzak ditugu, ideia batzuekin koherenteak direnak. Gure bozetako lehiakideak ez daude maila berean: programak dituzte, eta guk, martxan jartzeko prest dagoen proiektu bat.

Simeonik zuek eta PNC bota nahi zintuzteten?

PNCri buruz ez dakit ezer. Uste dut botoak zenbatzeko nahia dagoela, eta hori auzi irrigarri bat da, Korsikak egun dituen auziekin konparatuz gero.

Bestalde, badakigu Parisek begi txarrez ikusten zuela independentistek hain rol garrantzitsua izatea gehiengoan. Hortaz, galdera plazaratu daiteke, agian nahi bat egon ote den Parisen desioekiko bateragarriagoak izateko.

Edo Simeonik mugimendu nazionalistaren buruzagi bakar eta eztabaidaezina bilakatzeko asmoa du. Ezaguna da, eta babes handia du herritarren artean.

Bere gobernantzan jarrera oso pertsonala izan du, eta ez du ia ezer utzi bere kontseilari exekutiboen esku. Izan dut aukera esateko haren ministroak bainoago haren kolaboratzaileak izan direla...

Zure alderdiarenekin ere bai?

Bai. Nire kasua bestelakoa izan da, Asanbleako presidentea nintzelako, eta eskerrak!

Botere exekutiboaren eta botere legegilearen arteko berroreka eskatu duzu…

Berroreka ez, kontseilu exekutiboko presidenteak indar handia baitu, giza baliabide eta finantza aldetik. Nirea izan da bi botereen arteko oreka bilatzeko bidea. Organo erabakitzailearen ahalmenak errespetarazi ditut.

Zein da edo dira zure aurkariak? Nazionalistak, eskuina elkartzea lortu duen Ajaccioko auzapez Laurent Marcangeli…?

Nazionalistak, ez; gure balizko aliatuak dira. Marcangeli ez da aurkari bat: haren ideiak eta estrategia, bai. Nik denekin dut harremana; Korsikan denok ezagutzen dugu elkar. Noski, ez da gauza bera Korsikako nazionalista izatea edo Korsika frantziarra eta liberala defendatzea.

Nire ustez, kontseilu exekutiboko presidentearen hutsegiteetako bat izan da auzi guztien inguruan kontsentsua lortzen saiatzea. Ez badugu aho batezko erabakirik, ez da larria; erabateko ahobatezkotasuna duten erregimenak ez dira demokratikoenak izaten, nire ustez.

Parisen jarrerara itzulita: Frantzia oraindik «herrialde lagun bat» da?

Frantzia herrialde lagun bat izatea beti izan da helburu bat. Noski, Frantzia ez da adiskidetasunez jarduten korsikarren gehiengo osoak baieztatu duen proiektu bati ezezkoa ematen dionean.

Herrialde lagun bat, noski; ez dugu asmorik Parisekin beti borrokan egoteko.

Gatazka konpontzeko Matignongo prozesuan parte hartu zenuen, 1999an hasita. Egun baino errazagoa izan zen Parisekin negoziatzea?

Bai, erabat. Elkarrizketak modu loialean abiatu zituen Lionel Jospinek [Frantziako lehen ministroa izan zen 1997tik 2002ra], baina arazoa izan zen ez zela [2002ko] presidentetzarako bozen bigarren itzulirako sailkatu, eta Matignongo prozesua eten egin zen.

Parisi begira, gehiengo berri bat osatu beharra dago?

Bai, baina oinarri guztiz nazionalistak izan behar ditu.

Zuen aliatu ohien araberakoa ere izango da…

Lehen itzuliko emaitzen araberakoa izango da, eta aliatuen araberakoa. Guretzat, naturalki, aliatu horiek nazionalistak izango dira.

Iragan agintaldian, hainbatetan hitz egin duzue Frantziako ministroekin. Presoen auzian, engaiamendurik lortu zenuten Yvan Colonnari, Alain Ferrandiri eta Pierre Alessandriri DPS bereziki zainduriko estatusa kentzeko? Baietz bazirudien, baina ez da aldaketarik izan.

Engaiamenduak hartu zituzten, bai. [Emmanuel Macron] Frantziako Errepublikako presidentearekin Ajaccion batzartu ostean, eta [Eric Dupond-Moretti] Justizia ministroarekin Parisen duela hilabete batzuk elkartu ostean, konbentzituta geunden egoera desblokeatu egingo zela DPS estatusa kentzearen inguruan, hori egiteak ahalbidetuko baitu hirurak Korsikara hurbiltzea.

Baina iritzi aldaketa bat egon da, agian prefetaren presioen ondorioz, eta hori oso larria izan da. Afera horretan, Frantziak bere legeak, bere printzipioak urratzen ditu. DPS estatusa ez dago justifikatua: estatuaren mendeku bat da.

FLNC-Borrokalarien Batasunarekiko «elkartasuna» duzu. Klandestinitateak rolik izan behar du gaur egun?

Klandestinitatea bada egun, baina ez da modu berean adierazten. FLNC horrek eta beste erakunde batek, Urriaren 22koak, beren ikuspuntua jakinarazi dute [elkarrekin, lehen aldiz], eta azaldu dute bozen ostean analisi sakona helaraziko dutela.

Noski, klandestinitateak izan duen garrantzia kontuan hartuta, FLNCren iritziak pisua du Korsikako gizartean.

Zein da Korsikako independentismoaren etorkizuna?

Etorkizun handia du, Europako herrialde askotan gertatzen denaren norabidean baitoa. Ikusi dugu Katalunian gertatzen dena, Eskozian gertatzen dena, gure lagun kanaken egoera... Azken horiek geografikoki ez daude Europan, baina harreman estua dute horrekin… Gurekin izan zen duela gutxi hango ministro independentista bat, Mickael Forrest FLNKSkoa [Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka], eta nazio horietako ordezkariekin harreman estua dugu.

Independentismoa ez da aurtengo bozen auzietako bat, baina independentzia eztabaidaren erdigunean izango da datozen urteetan. Ikusi duzu Kataluniako eboluzioa: duela urte batzuk, autonomia mota berri bat zen jarrera nagusiena, eta egun independentzia da.

Talamoni 40 urteko militantismoa da, 30 bat urteko ibilbide politikoa. Aurtengoak zure azken bozak izango dira?

Azkenak, azkenak...

Hautagai gisara.

Ez dut bozetara aurkezteko asmorik 90 urte ditudan arte. Orain, hautagai izango naiz hori egitea eskatu didatelako, eta hasieran ez genuelako aurreikusi gure hautagaitza aurkeztea; guk hautagaitza askoz ere errazagoa genuen aurreikusia. Elkartuta aurkeztuz gero, ziur ginen irabaziko genuela.

Egoera zaila izan da, eta zerrendaburua izatea onartu dut; hori egin ezean, postua abandonatzea izango litzateke. Hori bai, gazteak trebatu ditut, eta segida bermatuta dago. Argi dago erreleboa ematen ari naizela, zure galdera hori bazen. Pertsonalki, asko transmititu dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©DANI CODINA

«Ez nuke berriz egingo; hobeto egingo nuke»

Carme Porta

Indultua «garaipen txiki bat» izan da Forcadellentzat, baina, Kataluniako prozesuagatik auzipetutako beste buruzagiek bezala, errepresaliatu guztientzako amnistia du xede.

Mugimendu kontserbadoreen protesta galdeketaren aurka, Mexikoko presidentetzaren jauregi aurrean. ©MARIO GUZMAN / EFE

Ilun-argi askoko galdeketa

Arantxa Elizegi Egilegor

Mexikon aurreko urteetan agintean egondako goi arduradunak ikertuak izatea nahi duten erabakiko dute gaur herritarrek. Herritarren %40k hartu behar dute parte kontsultan loteslea izan dadin

Tigraytik ihes egindako herritarrak, Um Rakuba kanpalekuan, Sudanen. ©ALA KHEIR / EFE

Tigrayn giza laguntza sartzeko beharra nabarmendu du Unicefek

Iosu Alberdi

Haren arabera, ehun mila ume malnutrizioa jasateko arriskuan daude. AEBek «premiazko» su-eten bat eskatu diete Addis Abebari eta TPLFri. Borrokak Amhara eta Afar eskualdeetara zabaldu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna