Etxealdiatik Euskaraldira (VI). Hizkuntza ohiturak aldatzea. Pablo Suberbiola. Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria

«Norberarentzat egingarri direnetatik hastea komeni da»

Eskarmentu handia du lan eremuan hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak garatzeko orduan. Iruditzen zaio gakoetako bat dela eroso sentiarazteko baldintzak sortzea.

JON URBE / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aldahitz proiektua 2010 inguruan jaio zen. Hizkuntza ohituren aldaketan eragiteko ikerketa lerro bat da, batez ere lan esparrura bideratutakoa. Horretarako, hiru metodologia nagusi sortu ditu: Eusle, iaz argitaratutako Ulerrizketa, eta garapen fasean dagoen Uler-saioak. Pablo Suberbiola (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) Soziolingustika Klusterreko ikerlariak bideratu ditu. «Urteak daramatzagu lan arloan probak egiten, eta emaitzak ematen ari dira». Euskaraldia bi urtean behin egitea «oso ondo» dagoela deritzo, gisa horretako ariketa sozial handi bat «ezin baitaiteke» hilero egin. «Baina izan daiteke oso bateragarria erakundeetan egin daitekeen lan jarraituago batekin».

Aldahitz proiektuko Ulerrizketa metodologiarekin bultzatu nahi duzue nola aritu euskaraz mugak dituztenekin. Egitasmo horretako zein ikasgai izan daitezke baliagarriak Euskaraldirako?

Aldahitzen, oro har, hizkuntza ohituren aldaketen inguruko ezagutza lantzen dugu. Orduan, bai Eusle metodologiaren ondorioak, bai Ulerrizketakoak, denak dira, neurri batean edo bestean, Euskaraldiaren gisako egitasmo batean aplikatzekoak. Azken finean, ezagutza bat eta tresna batzuk sortu nahi ditugu, gero esparru eta egoera desberdinetan erabiltzeko.

Egitasmotik atera duzun ondorioetako bat izan da urteekin hartzaile elebidunak geroz eta gehiago izango direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina hori ez da nahikoa hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Egungo egoera soziolinguistikoan hainbat pauso ematen ari dira euskararen alde. Baina esango nuke, oro har, testuinguru gehienek ez dutela errazten hizkuntza ohituren aldaketa euskararen aldera egitea. Zer gertatzen da pertsona batek euskara neurri batean ulertzen duenean eta zerbait egiteko gai denean? Lan munduan, guk dakigun arte, kasuen %90etan baino gehiagotan haiekin gazteleraz egiten du jendeak. Motiboak mila izan daitezke, baina, besteak beste, pertsona hori ez dela abiatzen euskaraz, abiatzen bada gero ez dakielako jarraitu ahal izango duen ala ez; besteek ere ez dakite euskaraz dakien... Mila faktore daude harreman hori gaztelaniara eramaten dutenak. Kasu askotan, halako jendeak urteetako ahalegina egin du. B ereduan ikasitakoak, D ereduan ikasitakoak izan arren testuinguru oso erdaldunekoak, hiruzpalau urtez euskaltegian ibilitakoak... Baina, jauzi hori eman ezean, ez dute praktikan jartzen beren euskara.

Zeintzuk dira zailtasunak pauso hori emateko?

Saiakera hau egiten dugu: zer baldintzatan lortzen den, talde bati proposamen bat eginda eta metodologia bat aplikatuta edo ez, aldaketa egitea. Ulerrizketa metodologiarekin gauza bera egiten saiatu gara. Ulertzailea deitzen dugun figura horretan muga jarri dugu B1eko ulermen mailan. Hainbat jende dago lan munduan B1eko ulermen maila eta gehiago daukana baina lankideek etengabe erdaraz egiten diotena. Halako pertsona batek pare bat lankide euskaldun baditu inguruan berari euskaraz egiteko eta mantsoago hitz egiteko prest daudenak, hasieran esfortzu bat egiteko... Guk esaten dugu elkar sintonizatu behar dela. Guk Ulerrizketan planteatzen dugu hasieran ulertzaileari askatasun guztia ematea berak erdaraz erantzuteko.

Zer helburu du ulertzaileak erdaraz erantzuteko askatasuna edukitzeak?

Euskaraz pixka bat ulertu baina espresatzeko gaitasun mugatua daukaten pertsonei aukera ematea euskarazko gaitasuna garatzeko. Bestela, egiten duguna da hasieratik moztu. Proposatzen duguna da pertsona horri lankide batzuek ulertzeko moduko euskara bat egiten badiote egoera praktikoetan, errealetan, pertsona horrek bere ulermena garatuko duela, eta eroso sentitzen den neurrian hasiko dela euskaraz hitz egiten. Ikusi dugu presio hori kentzea askatasun handia irabaztea dela jende askorentzat.

Eroso sentiarazteko baldintzak sortzea da gakoetako bat?

Hori da. Askotan jendeari jarri izan zaio jauzi gehiegizko bat: edo gaztelaniaz egiten duzu, edo, euskaraz egiten dutenen ligan sartzen bazara, jakintzat ematen da dena euskaraz egin behar duzula. Jende bat, agian, ez da iristen segurtasunez pauso hori ematera, eta kondenatzen dugu euskaraz ikasi duen guztia erabilpen jakinik gabe uztera.

Metodologiaren ardatzetako bat da hizkera malgua erabiltzea. Hain zuzen, malgutasuna eta, horrekin lotuta, pazientzia, ezinbestekoak dira?

Aldahitzeko metodologia lanerako pentsatuta dago. Euskal Herrian ez da egon ohiturarik esateko: «Euskara ikasten ari den bat, eta aukera eman berari erdaraz egiteko?». Gu kontziente gara horrekin neurri batean tabu bat-edo hautsi dugula. Tira, iruditzen zaigu horrekin askatasuna irabazten dela, eta hainbat jenderentzat izan daitekeela pauso bat euskaraz egiten hasteko.

Eta pazientziarena giltzarrietako bat da, batez ere elkarri tamaina hartu arte. Inoiz probatu gabe ondo ezagutzen duzun pertsona batekin lehenengoz euskaraz egiteko, egoera berezi bat sortu behar da. Elkarri baimena eman behar diogu eroso sentitu arte.

Presioa kenduta askatasuna irabazten dela diozu. Etxealditik Euskaraldira egitasmoan antzeko kontzeptu bat erabili dute: ariketa «itogarria» ez izatea.

Aldahitzen erronkaren kontzeptua erabiltzen dugu, baina horrek lorgarria izan behar du. Kalkulu energetikoaren kontzeptua ere erabiltzen dugu. Alegia, laguna edo harremana nolakoa, norberak baloratu behar du harreman hori gaztelaniatik edo frantsesetik euskarara aldatzea nahiko lukeen, eta hori egiteko gauza den inpresioa ba ote duen. Horregatik esaten dugu kalkulu energetikoarena. Uste dut horretan oso rol polita joka dezakeela Euskaraldiak, bestela gertatuko ez liratekeen hainbat aldaketa sustatzeko. Baina egia da erronka horiek hautatu egin behar direla; norberarentzat egingarri direnetatik hastea komeni da.

Pauso horiek etxeko harremanetan ematea zailagoa da?

Aldahitzen, familia giroan egin genuen lehen ikerketa. Hizkuntza ohiturak aldatu zituzten bikoteak aztertu genituen. Hori izan da eremu horretan egin dugun ikerketa bakarra. Harremana zenbat eta sendoagoa izan, zenbat eta gehiago egon jokoan, orduan eta zailagoa edo inportanteagoa da aldaketa. Harremana sendoa denean, askoz ere hari gehiago daude gure artean lotzen gaituztenak, eta horiek hizkuntzaren marka dute beti. Hori da horri buruzko gure ondorioa. Ikusi genuen, gainera, haien harremanean hizkuntza ohiturak aldatu zituzten bikote sentimentalek arrazoi oso sendoak zituztela horretarako.

Etzi: Behatokiko Agurne Gaubeka hizkuntza eskubideei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.