Presidentetzarako bozak Frantzian

Primario popularra, nahien eta ezintasunen artean

Gaurtik igandera, 467.000 bat herritarrek Frantziako zazpi presidentegairen artean 'egokiena' aukeratuko dute ezkerrean hautagaitza bateratu bat sustatzeko.

Ezkerreko alderdiek iazko apirilean egin zuten bilera bat hautagaitzak bateratzeari buruz. Marketin kontua izan zen gehiago, egiazko dinamika bat baino. C. P. T. / EFE.
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa) eta Yannick Jadot (ekologista) kokoteraino daude gaiaz. Anne Hidalgok (Alderdi Sozialista) keinu bat egin zuen, baina azkenean atzera egin du. Fabien Roussel (Frantziako Alderdi Komunista) ez da ezta aukeren artean ageri ere. Bai, aldiz, Christiane Taubira (independentea), prozesuari arreta eta zilegitasuna eskaini dion bakarrenetakoa.

Frantziako ezkerrean zatiketa eta desberdintasun gutxi ez, eta primario popularrak beste buruhauste bat eragin du espektro ideologiko horretako presidentegaien artean. Ofizialki, argudiatu baitute ez dutela bozketan beren izen-abizenak agertzeko baimenik eman —Taubirak salbu—, eta «berandu» deritzotelako era horretako prozesu bat egiteko. Ez-ofizialki, badakitelako ekinaldian parte hartzeak eta galtzeak indarra ken diezaiekeela kanpainei; eta irabazteak, zilegitasuna handitzea. Baina apustua handiegia zen iritzi hori ezagutarazteko.

Hautagaiek ezezkoa eman dieten arren, primario popularra izeneko herri ekimena Frantziako ezkerreko alderdiei eta presidentegaiei presio egiten ari zaie beren interesak alde batera utzi eta indarrak batzeko. Hipotesi edo ideia bat dago asmo horren atzean: horiek elkartzen ez badira, ez dutela datorren apirileko hauteskundeak irabazteko aukerarik izango; ezta bigarren itzulira pasatzekorik ere. Behinola Frantzian indartsu izan zen espektro ideologikoa zatituta eta ahulduta baitago egun, edo hori da, behintzat, aldagai gehienek iradokitzen dutena.

Ekimenaren asmoa, berez, anbizio handikoa da: bozetarako, ezkerrean hautagaitza komun—eta bakar— bat sustatzea, alderdi politikoen eta gizartearen nahi, ideia eta helburuak bilduko dituena. Hau da, denak ados jartzea oinarri komun baten inguruan.

Horren harira antolatu dute gaurtik iganderako «inbestidura bozketa», eta horretan parte hartzeko izena eman dute 466.895 herritarrek. Iragan irailean ekologistek egindako primarioan (122.670) eta abenduko LR Errepublikanoak alderdiaren kongresuan (139.742) parte har zezaketenak baino askoz gehiago dira, eta, beraz, primario popularra bozen kanpainaurreko prozesurik handiena izango da. Erroldak azken asteotan egin du gora; nork daki, agian presidentegaiek beren jarraitzaileei eskatu baitiete horretan parte hartzeko, emaitza aitortzeko asmorik ez duten arren—Taubirak salbu—.

Prozesu 'berezia'

Primario popularraren prozesua 2020ko urrian hasi zuen gazte talde batek. Gehienak 30 urte ingurukoak dira, hirietakoak, ekonomikoki inoiz arazorik izan ez dutenak eta beren burua «ekintzaile sozialtzat» dutenak; beste batzuk, berriz, mugimendu ekologistetan eta feministetan parte hartutakoak dira. Horien xedea ezkerreko indar eta mugimenduak bilduko zituen primario bat egitea zen, baina azkenean kontsulta moduko batekin kontentatu dira.

Iazko otsailean osatu zuten orain arteko prozesua gidatu duen egitura, eta lehen pausoa «oinarri komuna» deituriko neurri sorta bat adostea izan zen, balizko hautagai bakarraren programa moduko bat. Samuel Grzybowski eta Mathilde Imer iniziatibaren bi sortzaile eta bozeramaileen arabera —BERRIAk elkarrizketa bat eskatu die, baina ez dute erantzun—, proposamen horiek alderdi politikoekin adostuak izan dira, baina ez dira oso zehatzak, eta hamar ideiaren inguruan bildu dituzte; tartean, «nekazaritza ekologikorako trantsizio lege bat» onartzea, «denontzako bidezko lan eta soldatak» lortzea eta «premiazko neurrien bidez demokraziarekiko konfiantza berriz ezartzea».

Horren ondoren, primario popularreko bozketan parte hartuko duten hautagai zerrenda bat definitzea erabaki zuten, eta 130.000 herritarrek parte hartu zuten horretan, izen-abizenak proposatuta. Hamar hautagai aukeratu zituzten, eta, ondoren, horiei galdetu zieten bozketan parte hartuko zuten; babesik handiena izan zutenek, François Ruffin diputatuak eta Taubirak, ezetz esan zuten. Baita presidentegai garrantzitsuenek ere.

Egoera horri aurre egiteko, antolatzaileek erabaki zuten «inbestidura bozketa» antolatzea primarioa antolatu ordez, eta hamar hautagaietatik zazpiren izen-abizenak aukeren artean jartzea; hain justu, presidentetzarako bozetarako aurkeztuko direnenak.

Bost kalifikazio

Gaurtik iganderako bozketa ez da ohikoa izango: hautagai bat aukeratu beharrean, boto emaileek zazpi presidentegaiei kalifikazioa jarri beharko diete, galdera honi erantzunez: Ekologia eta justizia soziala irabazarazteko, honako hautagaiak dira? Bost aukera dituzte: «oso ongi», «ongi», «nahiko ongi», «hala-holakoa» eta «eskasa».

Primario popularraren planaren arabera, kalifikaziorik hoberena lortzen duenak «batasun kontratu bat» sinatu beharko du, eta horren bidez zin egin «oinarri komuneko» neurriak programan txertatuko dituela, eta ezkerraren batasuna lortzen saiatuko dela. «Baldintza horiek beteta, bozketako garailearen alde egingo dugu kanpaina», azaldu zuen Grzybowskik, 2016an Emmanuel Macronen hautagaitzagatik poza agertu zuen ak.

Egunotako bozketaren emaitza ezkerraren batasunerako lehen pausoa izan daiteke. Baita horretarako azken aukera ere. Denborak esango du ezer aldatuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.