Maputxeak. Onesima Lienqueo. Maputxeen ordezkaria

«Bertako herriak dira Txileko Estatuari aberasten segitzea oztopatzen dion harria»

Lienqueok gogor jo du Txileko lehengo eta egungo agintarien aurka. Haren esanetan, egungo NBEko Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak berak ere ez zuen ezer egin maputxeen eskubideen alde Txileko Gobernuko presidente zenean.

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Onesima Lienqueo maputxe-aimara da jatorriz; psikopedagogoa da, eta ume maputxeen giza eskubideen defendatzailea Txilen. Gaur egun, Defentsa Sarean egiten du lan beste hogei bat boluntariorekin batera, adingabe maputxeen eskubideak bermatzen.

2019an Dublinera gonbidatu zintuzten, giza eskubideen defendatzaileen topaketa batera, eta Michelle Bachelet Txileko presidente ohia interpelatu zenuen.

Haren aurkezpenak amorru handia eman zidan, bere bi gobernualdietan ez baitzuen lanik egin giza eskubideen defentsan. Herri maputxeari buruz galdetu ziotenean, ez zuen onartu bazuela erantzukizunik horretan. 2016an, Macarena Valdes erail zuten; 2008an, Matias Catrileo, eta zenbait eraso izan ziren, eta umeen kontra ere jo zuten. Amorrua eman zidan zeren denok lankide gisa tratatu baikintuen, baina hura beti egon izan da botere mailaren batean, eta zerbait egin zezakeen hortik. Elkarrizketa informal bat izan genuen, eta Macarena eta Brandon Hernandez Huentecol aipatu nizkion [Brandoni 180 perdigoi sartu zizkioten bizkarretik, lurrean zela]. Bacheletek esan zidan ez zekiela ezer, eta ez zela gertatzen ziren gauzen erantzule, eta nik esan nion arduradun goren gisa ardura zegokiola, eta mesedez uzteko gure herriari buruz hitz egiteari, eskuak odolez zikinduta zeuzkala eta.

Nor zen Macarena Valdes?

Gabetzearen biktima zirenez, gure guraso eta aitona-amona askok alde egin behar izan zuten bizirik irauteko. Macarena eta haren familia hegoaldera etorri ziren, Huelmapura, gutako asko bezala, bizi baldintza hobeak izateko eta gure lurretara bueltatzeko. Macarena eta haren familia itzuli zirenean —aktibistak ziren ordurako—, Ñuke Mapuren edo Ama Lurraren eta beren bizimoduaren defendatzaile bilakatu ziren. Haiek bizi ziren tokian linea elektriko bat jartzekoak ziren, eta lurralde horretako bioaniztasun guztiari eragiten zion horrek. Macarenak, haren mutil lagun Rubenek eta beste emakume batzuek abian jarri zuten defentsarako eta babeserako prozesu bat. Mehatxatu egin zituzten, eta, halako batean, urkaturik agertu zen. Hasieran, Estatuak esan zuen bere buruaz beste egin zuela, baina azkenean jakin zen hil egin zutela.

Nor ziren Camilo Catrillanca eta Luis Marileo?

Camilo Catrillanca eta Luis Marileo bi anaia ziren, bi lamngen; Ercillan sortu eta hazi ziren, Araucaniako lurralde militarizatu batean. Aitak ziren biak, eta aktibistak. Camilo, hain zuzen, Oihan Komandokoek hil zuten: komando hori Txileko Poliziako talde berezi bat da, Bacheleten agintaldian prestatu eta Piñerarenean guztiz osatu zena. Bacheletek eta Piñerak bortizkeria larriagotu zuten lurraldean. Catrillanca buruan tiro bat emanda hil zuten. Estatuak, istorio oso bat asmatu, eta delitugiletzat jo zuen, baina teoria horiek guztiak eroriz joan ziren. Azkenean, zigor bat ezarri zen hilketa horregatik, baina ez zen eredugarria izan, eta familiei jazartzen ari zaizkie oraindik ere. Luis Marileo, berriz, Bacheleten agintaldian lege antiterrorista oinarri hartuta auzipetutako lehenbiziko nerabea izan zen; Cholcholgo kartzelan sartu zutenean, gose greba bat egin zuen, eta gutun bat idatzi zion Bacheleti, zer-nolako bidegabekeria jasaten ari zen azalduz. Urteek aurrera egin ahala, Luisek lurraldeak berreskuratzeko borrokan jarraitu zuen, harik eta polizia izandako batek bizia kendu zion arte. Gertakari horien guztien ondoren, estatua isilik gelditu zen, enpresen interesak baitzeuden tartean. Oso zaila da enpresa handiek ordaindutako sikario horiei aurre egitea.

Azaroaren 3an, Jordan Yempi Machacan gazte maputxea hil zuten. 23 urte zituen.

Aldi oro, horrelakoak gertatu eta minutu gutxira, gobernuak komunikatu bat argitaratzen du pasatutakoaren inguruan; inoiz ez dute itxaroten ikerketa egin arte. Eraildakoa maputxea bada, terroristatzat edo delitugiletzat jotzen dute, eta beren burua zuritzen dute esanez krimen antolatuari eta terrorismoari oldartzen ari zaizkiela. Baina biktima polizia bat bada, bestela kontatzen dute istorioa.

Kasu honetan, Jordan etxetik hurbil zegoen. Manifestazio bat izana zen haiek Macrozona Sur deitzen duten hori militarizatzearen aurka; protesta amaitzean, manifestariek bidea moztu, eta, ondorioz, jende ugari ez atzera ez aurrera gelditu zen. Orduan, tiroketa bat izan zen: Txileko Itsas Infanteriak, zibilei tiro egin, eta hainbat lagun zauritu zituen. Horrelakoak oso ohikoak dira: pistolaren katua aise sakatzen dute maputxeekin maiz aski, eta liskar bat aitzakiatzat hartuta justifikatzen dute dena. 200 urte atzera egin dugu arrazakeriari dagokionez. Izan ere, egun ere basati eta oldarkortzat gauzkate, baina gu izendatzeko modu berriak dituzte: orain, terroristak edo narkoterroristak gara.

Horrek guztiak nori egiten dio mesede?

Gehienbat, azpijokoak eta sasi-atentatuak egiten dituzte, beren buruaren kontrako erasoak itxuraturik; basogintza enpresen mesederako egiten dituzte, baina enpresen izenak ez dira sekula agertzen: Txileko Estatuaren eta maputxeen arteko eztabaidak direla ematen du beti. Gainera, badira talde faxista eta antimaputxe asko: gure eskakizunen kontra egiten dute, eta probetxua ateratzen dute horrela. Halaxe gremio arteko elkarteek eta kamioilariek ere, Estatuak bonuak eta diru sariak ematen baitizkie, landa aldeko indarkeriaren biktima gisa onartzen dituzten bakarrak direnez gero.

Maputxeen artean, talde erradikalago batzuek argi eta garbi utzi dute beren ekintzak sabotaje ekintzak direla, batez ere basogintza enpresen makinen kontra egindakoak, baina halako taldeek beren gain hartzen dituzte beti beren ekintzak.

Piñeraren gobernuak luzatu egin zuen salbuespen egoera. Horrek zer esan nahi du?

Badira 30 urte Araucania militarizatuta dagoela, baina okerrera egiten ari da. Kontua da Txileko Estatua zapalkuntzaz baliatzen dela hemengo eredu ekonomikoa babesteko. Lehenbizi, militarizazioa inposatu du; gero, kamerak jarri ditu, adimen artifiziala erabili, mezuak eta deiak zelatatu, informazio faltsua zabaldu, satorrak sartu organizazioetan, bonu gehigarri bat eman eskualdeko poliziei... Salbuespen egoera justifikatzeko, atentatuak eta erretze ekintzak aipatzen dituzte. Horrek guztiak etekin ekonomiko ikaragarriak ematen ditu, eta, bukatzen bada, negozioa bukatuko zaio jende askori; lehengaietan hain inguru emankor eta aberatsa izanik, komeni zaie boterea atxikitzea hemen. Hementxe daude enpresa hidroelektriko gehienak, urtegiak eta presak. Bertako herriak dira Txileko Estatuari aberasten segitzea oztopatzen dion harria. Nire ustez, egoera garraztu nahian ari dira, setio egoera ezarri ahal izateko.

Maputxeen komunitateak auzitara eramaten dituzte, diktadurak sortutako Terrorismoaren Aurkako Legea erabilita. Esperantza baduzu konstituzio berriak hori aldatuko duela?

Terrorismoaren Aurkako Legeak hortxe iraun du, trantsizioan barrena, desegokiro demokrazia deitzen duten honetan ere. Beste lege batzuk ere erabili dituzte kriminalizazio prozesuak osatzeko, hala nola barrikaden kontrako legea, lurren usurpazioari buruzkoa eta egur lapurretaren ingurukoa. Lege horiek guztiek biktima bakarra dute, eta onuradun bakarra. Espero da konstituzio berriarekin beste bide bat hartzea, baina tira: txiletar askok esan zuten ez zutela nahi Pinocheten konstituzioa, baina atzeraka hasi gara azken hauteskundeetan. Eskuin muturra, nahiz eta konstituzioaren gaian galdu egin zuen, oso ondo egituratuta dago; beraz, konstituzio berriak hasierako plebiszitu bat pasatu beharko du.

Ez da nahikoa konstituzioa idazteko txostengileak aukeratzea: konstituziogileek asmorik onenak izanik ere —eta halaxe da—, ez dugu asmatu prozesu konstituziogilea babesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.