MONTOROREN HIRUGARREN KATEA

Krisia hasi zenetik defizit muga betetzea izan da administrazioen obsesioa, gastu publikoari artaziak sartzea justifikatu duen helmuga; behartuta, kontuak ia orekatuak dituzte euskal erakundeek, baina orain beste soka estu batek lotuko du aurrekontu hedakorrak aurkezteko tentaldia: gastu arauak.

MONTOROREN HIRUGARREN KATEA.
Ivan Santamaria.
2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gastu araua ez da berria. Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreformak eta hura garatzeko Egonkortasun Legeak finkatu zuten esparruaren parte da. Administrazioen defizita eta zorpetzea mugatu, eta zorra bueltatzeari lehentasuna ematen dio egitura juridiko horrek, eta bankuak erreskatatzeko diruaren truke Europako Batasunarekin hitzartutako akordioaren parte ere bada. Hiru arau fiskal betetzera derrigortuta daude erakunde publiko guztiak: defizita, zorpetzea eta gastu araua. Hiru giltza dituen sarraila bat bezalakoa da. Hirurak behar dituzte gobernuek. Kontrara, Espainiako Ogasun Ministerioaren zaintzapean geratzeko eta kontularitza Madrilen eskuetan uzteko arriskua dute.

Arau ezezaguna izateak zerikusia du ekonomiaren egoerarekin. Krisi baten erdian diru sarrerek sufritzen dute, eta defizit mugak nahikoa estutzen ditu aurrekontuak. Gastu arauaren efektuak nabaritzen dira egoera hobetzean, horixe baita helburua: administrazioaren gastuak urte batetik bestera izan dezakeen igoera mugatzea. Ehuneko bat finkatzen du arauak, eta urteko gastua horren azpitik handitu behar dute erakunde publikoek.

Ehuneko hori Espainiako ekonomiaren epe ertaineko eboluzioaren batez besteko bat da. Ondorio praktikoa da gastuaren hazkunde posible hori BPGaren igoeraren azpitik geratuko dela hainbat urtez. Gastu arauaren muga gainditzeko aukera bakarra da diru sarrerak modu iraunkorrean handitzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea. Esaterako, zerga erreforma bat.

2013an indarrean sartu zenetik, gastu arauaren betetze mailari buruzko datuak argitaratu ditu Espainiako Gobernuak. Haatik, joan den urtean hasi zen kontrola zorrozten. Ordura arte, defizit muga urratua duten administrazioen gainean aritu zen Cristobal Montoro ministroaren taldea, baina iaz hasi zitzaien kargu hartzen gastu araua gainditu dutenei. Horien artean, Eusko Jaurlaritza dago. Joan den abenduan ere oharra igorri zion Nafarroako Gobernuari, araua ez betetzeko zorian dagoela ohartarazteko.

Muga horrek beste arazo bat sortu dio lauko gobernuari. Ekarpenaren aurreko bi urteetako likidazioetatik eskuratu duen dirua gastua handitzeko erabili nahi badu, pasatuko du gastu araua. Dirua beste urte baterako uztea ez da aukera bat. Egonkortasun Legeak argi dio superabita lortuz gero zorpetzea amortizatzeko erabili behar dela.

Gastu araua betearazteko zorroztasunak kritika ugari eragin dizkio Espainiako Gobernuari. Hasteko, ez delako batere eredugarri izan. 2014an eta 2015ean gainditu zuen, eta 2016an soilik libratu zen Eurostatek gastu batzuk kalkulatzeko modua aldatu zuelako. 2015ean hauteskundeak zeuden Espainiako Gorteetarako, eta bost puntutan pasatu zen Rajoyren gobernua. Arrazoia? Diru sarrerak 5.000 milioi euro baino gehiago murriztu zituen zerga erreforma, hautesleak limurtzeko helburuarekin.

Espainiako Gobernua kontrolatzeko ardura Europako Batzordeak du, baina ñabardura handi bat dago. Gastu araua ez betetzea ez da aski zigor prozedura bat irekitzeko Europan, baina estatuan defizitari bezainbesteko garrantzia ematen zaio, eta praktikan erakunde publiko guztien tutoretza ematen dio Egonkortasun Legeak Ogasun Ministerioari.

Jaurlaritzaren kritikak

Araua urratu duen erakundeak finantza plan bat aurkeztu behar dio Ogasun Ministerioari. Hala gertatu zitzaion joan den urtean Eusko Jaurlaritzari. Ogasun Estatu idazkari Jose Enrique Fernandez de Moyaren gutuna jaso zuen maiatzean Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak. Helburua ez betetzea eragin duten eragiketak azaldu eta aurrera begira hartuko diren neurriak zehaztea exijitu zion. 2017rako eta 2018rako dokumentua aurkeztu zuen Jaurlaritzak. Osasunari eta zahartzeari lotutako gastuaren igoerari bota zion errua, baina gastu araua betetzeko konpromisoa hartu zuen.

Finantza planean, hala ere, ministerioak sistema erabiltzeko duen moduari buruz kritika inplizitu batzuk daude. Lehenbizikoak denborarekin du zerikusia. «Gastu arauak zentzua hartzen du epe ertainera», dio agiriak. Hots, urte jakin batean ez betetzeak ez luke aparteko ondoriorik izan behar —Europan hala gertatzen da—, eta are gutxiago aurreko bost urteotan defizit eta zorpetze mugak bete direnean. 2012-2016 epean arauaren azpitik igo zen Jaurlaritzaren gastu konputagarria.

Bigarren kexa erreferentziari dagokio. Espainiako ekonomiaren portaerak arautzen du Hego Euskal Herriko administrazioei ezarritako helburua. «Arazo bat da, langabezia tasan sekulako aldea dagoelako», azpimarratu zuen Ogasun Sailak, eta horrek, azken finean, EAEko BPGak hazteko duen potentziala gutxiesten du. Egonkortasun Legeak dio Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Itunaren arabera ezarriko dela, baina praktikan beste erkidego guztiei jarritako etxeko lan berdinak bete behar dituzte EAEk eta Nafarroak, eta Espainiak horiei buruz duen interpretazioaren menpe geratzen dira.

Interpretazioa ere arazoa da. IGAE Estatuko Administrazioen Esku-hartzailetza Orokorrari dagokio zehaztea gastuaren zein parte hartzen den kontuan araua bete den edo ez kalkulatzeko. Ogasun Ministerioak du araua interpretatzeko eta betearazteko ardura. «Ez dago metodologia garbirik, dena galdetu behar zaie», kritikatu du Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak. Herrialdeari kalte zuzena egiten dio arauak. 2015ean eta 2016an estatuak ekarpenetik sobera eskatu zion dirua itzuliko dio —215 milioi dira—, baina, hasiera batean, ezingo du gastu sozialerako baliatu. Ironia da 2016. urtean Nafarroak sobera bete zuela araua —%1,8 zen, eta -%0,3an itxi zuen— eta 64 milioi gehiago gastatzeko aukera zuela, dirua izan balu.

Udalak, haserre

Espainian dozenaka udalerri asaldatuta dauzka gastu araua zorrotz interpretatzeko erabakiak. Superabita izatera behartuta daude udalak, baina ezin dute erabili aparteko diru hori gastua handitzeko. Montorok argi utzi du makila astintzeko prest dagoela. Madrilgo Udalak aurkeztutako Finantza Plana atzera bota ondoren, udala esku hartzea erabaki zuen. Astero, kontuei buruzko xehetasunak igorri behar zizkion udalak ministerioari. Gastu batzuk gelditzeko konpromisoak bideratu zuen gatazka. 660 udalerri jopuntuan ditu orain gobernuak, plan horietan agindutakoa ez dutela bete iritzita.

Legeak eskumen oso zabalak ematen dizkio gobernuari erkidegoen kontularitza kontrolatzeko. Finantza planaren baldintzak ez direla bete uste badu, Espainiako Bankuan BPGaren %0,2ren pareko gordailua sartzera behar ditzake, eta, hiru hilabete geroago neurriak ez direla aski izan baderitzo, gordailu hori isun bihurtuko da. Erkidegoen kasuan, agindutakoa betearazteko nahi adina neurri har ditzake, Senatuak baimenduta. Udalak desegitera ere irits daiteke. Unidos Podemosek proposamen bat aurkeztu du Kongresuan, gastu araua aldatzeko. Tramiteari betoa jartzeko asmoa zuen PPk, baina lau minutu berandu iritsi zen, eta aurrera jarraitu du. Superabita duten udalerriei —erkidegoei, ez— araua gainditzea baimendu nahi zaie horren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.