begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ilargi gorrizta Berlingo zeruan

2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Seguru hasiak direla. Lepoa jokatuko. Baietz. Seguru atzo Marlene Dietrich plazako zinema jauregiaren ateak ireki, aretoetako argiak itzali, eta pantailak piztu orduko, kexa egiteari ekin ziotela askok.

Seguru 73 urte betetzen dituen Berlingo Internationale Filmfestspiele honen kontra dagoela, begiak ozpindua eta bihotza zimurrez marrazturik dituen (simaurrez ere bai, agian) makina bat jende.

Afizioa diote gaizki sentitzeari. Parafilia bene-benetakoa ez ote den galdetzea zilegia eta egokia litzateke, ziurrenik. Zertara etorri/joan dira Wenders, Fassbinder, Lili Marlen, Pink Floyd, Sally Bowles, Doblin, David Bowie, Max Schmeling eta beste izaki markaz fuerakoak garratz eta gozo maite izan duten hiri honetara, ezin badute bertan beren zinema egarri eta gosea ase? Ez badira ausartzen sail nagusiak eskaintzen duen balizko ongizate-zonatik urruntzen eta tranbia guztiak amaitzen diren lekutik harago dauden aretoen bila ibiltzen?

Ez al dakite igandean, astelehenean eta asteartean, igualik ez duten Postdamer Strasseko Arsenal saloian eta Karl Marx hiribide sobietar estilokoan aurkitzen den Kino International eraikuntza puskan izango dutela Lois Patiño Galiziako semearen eta soinu-azti euskalduna den Xabier Erkiziaren artean sortutako zinema miraria pantaila zabalean?

Zergatik zotinka zeharkatu Tiergarten paradisu piztiena, bestaldean zain badute Ikuspuntu Nafarroako zinemaldiaren txoko batean, Iruñeko Planetarioan, gauzatzen hasi zen Samsara izeneko proposamena?

Zergatik ez dastatu heriotzarekin egiten duen dantza, Encounters (Topaketak) izena hartu izan duen Berlinaleko sail etorkizunezkoan, mila atrebentziatan, mila tentaziotan erortzeko prest dagoen eta abila den Forum atala gainditu gura duen horretan?

Beharbada, Berlinale 2023koa zapuzten hasita diren horiek—egia, hori bai, Berlingo zinema bilkurak badituela, egun, nortasun arazo hainbat; gero eta indartsuago, inoiz baino maltzurrago ari baitira jokatzen Cannes eta Venezia; beren sirena kantuekin zinemagile oro sorgindu nahian La Croisette eta Lido aldera erakarri asmotan— ez dakite, oraindik, besteok harro gaudela Laoseko tenpluetan bisitari, gizaki batetik bestera pasatzeko prozesuan den arima bat segitzen duen soinu eta irudi esperimentu horretaz, Donostian kokalekua duen Sr y Sra ekoiztetxearen sostengua eta bermea dituelako.

Andere eta jaun bi horien zorroan Ventajas de viajar en tren eta El canto cósmico. Niño de Elche bezalako ausardiak daudela jakitun izanda, nolatan malkorik egin Berlingo zerupean? Are gutxiago jakin badakigulako Garbiñe Ortegak idatzi duela gidoia, Lois Patiñorekin berarekin batera eta konplizitatean. Eta Ortega ez da, biografia ofizialetan agertzen den moduan, zinema esperimentalean eta ez-fikziozkoan espezializatuta dagoen komisario-irakasle-programatzaile-ikertzailea bakarrik, baizik eta irudiak zein soinuak hartua duen kreatura bat.

Lois Patiño zinema leinu argikoa izakia dugu. Parekoa, du, esaterako, O que arde, Mimosas eta Todos vós sodes capitáns lanen sortzailea den Oliver Laxe. Edo Locarnon babestu zuten Arraianos burutu zuen Eloy Enciso.

Paisaia eta naturarekiko gure harreman hain neketsu eta mingotsa ditu, maiz, fundamentu Lois Patiñok. Baita paisaia horren eta paisaia horretako biztanleen misterio oro ere.

Ez pentsa Samsara bezalako esperimentua ikusten eta entzuten erraza izango denik Berlin eta gero. Ez, gure etxe ondoko zinema korrienteetan ez baitira ausartuko programatzen. Bai, ordea, nazioarteko arte garaikideko zentro, museo eta galerietan. Akaso. Agian. Apika.

Baina ez hasi, arren, otoi, zuek ere malkotan. Hegoaldean eskura dugun Filmin plataforman ikusgai duzue Patiñoren aurreneko misterio itzela. Lúa Vermella (Ilargi gorrizta) du izena, eta beldurgarria da, ederki baitaki autoreak ilargia anitz aldiz gure odolaz elikatzen dela. Jakin badaki baita ere burdinari darion oxidoa odol hori bezain gorria dela. Jakin badaki itsasoak irensten duena ez dela lurrera itzultzen. Eta itzultzekotan, gu hondoetara eramateko litzatekeela.

Samsara-ren esperoan Berlinen ez bazaudete, aloka ezazue Lúa Vermella. Ikus ezazue, faborez, gauez. Argi denak itzalita. Belarriak tente, begiak erne, bihotza taupaka. Harrigarriagorik ezin bilatu. Inon ez. Zinez diotsuet. Berlinen izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.