Etxezarreta eta Alzola, kilometro bertikalen Euskal Herriko txapeldun

Intza-Ttutturre proban gailendu dira. Gizonetan, Muruak egin du denbora onena, baina ez dago federatuta

Unai Ugartemendia -

2019ko irailak 17
Iaz irabazle izan ziren Oihana Azkorbebeitiak eta Joseba Diazek badituzte jada ordezkoak: Maite Etxezarreta eta Iñigo Alzola. Biek ere denboraldi aldrebes xamarra zeramaten, lesio batzuen eraginez. Lehenak, Maite Etxezarretak, iaz ere parte zuen Intza-Ttutturreko kilometro bertikalean; besteak, Iñigo Alzolak, estreinakoz ekin zion lasterketari. Jokoan, Kilometro Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa, Intzan (Nafarroa).

Iraila kilometro bertikalen hilabetea izaten da Euskal Herriko mendi lasterketen egutegian. Lehena, Intza-Ttutturrekoa (3,85 kilometro eta 963 metroko desnibel positiboa) ez da nolanahiko lasterketa. Malloak mendilerroren Araitz haranean jokatzen da, eta Ttutturreko gainera (1.282 metro) iristeko aldatz gogorrak dira horren lekuko.

Eguraldi bikainarekin ekin zioten irteeran elkartu ziren ia 150 korrikalariek lasterketari. 10:00etan hasita, hogei segundoko tartearekin, ilaran abiatu ziren denak txapelaren bila. Gizonezkoetan Iban Murua zen lasterketa irabazteko hautagai nagusia, azken urteetan kilometro bertikaletan nagusitu den korrikalaria. Elgoibartarrak ez zuen kontrariorik falta: besteak beste, Iñigo Alzola Euskal Selekzioko kidea, Mikel Beunza beteranoa eta Aitor Ugarte gaztea.

Baina Muruak ez zuen hutsik egin, eta 36 minutu eta 45 segundo nahikoak izan zituen lasterketa irabazteko. Atzetik, Iñigo Alzola (37.42) eta Aitor Ugarte (37.53) sailkatu ziren, hurrenez hurren. Iban Murua irabazlea federatu gabe dagoenez, Euskal Herriko txapelak Alzolaren buruan amaitu zuen. Txapelketak Alzola, Ugarte eta Beunza izan zituen podiumean.

Zabaleta-Lendinez lehia

Iaz ere egin zuen Intza-Ttutturre lasterketa Etxezarreta azpeitiarrak. Ezagutzen zuen bidea, eta hori diziplina honetako lasterketetan ezinbestekoa izaten da garaipenaren bila joaten diren korrikalarientzat. Lehen urte erdian erakutsi zuen sasoia berriro ere itzultzeko bidean dela antzeman zen Ttutturreko maldetan. Bera zen lasterketa irabazteko faborito nagusia, eta irteera eman orduko bera izan zen une oro lehen postuan. Ttutturreko gainean 47.53 markatu zuen haren erlojuak.

Lehia estua izan zen bigarren postua lortzeko ahaleginean. Zortzi segundo besterik ez zen izan Maite Zabaletaren eta Ainhoa Lendinezen artean. Irabazlearengandik minutu erdira helmugaratu zen Zabaleta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna