KRITIKA. Musika

Nahasketa 'sive' loraldia

2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun

'Euskal Barrokensemble'

Zuzendaritza: Enrike Solinis. Parte hartzaileak: Euskal Barrokensemble, Capilla Wasconiae, Bilaka Dantza Kolektiboa, Warda Mallal Andalusi Dantza Bikotea, Julio Soto, Josean Bengoetxea, Rosario La Tremendita. Egitaraua: Subh, Al-Andalus gobernatu zuen morroia: Erdi Aroko eta Codex Kalistiarrako musikaeta musika tradizionalak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Ekainak 9.

Euskal Barrokensemble taldeak eskarmentu handia dauka espazioa eta denbora zeharkatzen dituzten programak eskaintzen. Izatez ensemble murriztua bada ere, askotan beste taldeekin bat egin du proiektu bereziak lantzeko, Elkanoren mundu bira oroitzeko egin zutena, esaterako. Oraingoan musikariak, dantzariak, abeslariak, narratzaile bat eta bertsolari bat ere batu zaizkie, Subh baskoiaren istorioa kontatu eta kantatzeko.

Ekoizpen etxe handi batek pantaila handi zein txikietara eramateko moduko istorioa da Subhena: Espainia musulmanean, Iruñetik morroi atera, eta urteen buruan Kordobako Kalifa Herriko botere nagusia izatera heldu zen. Euskal Barrokensemblek Omeiatar kulturaren adierazle den kultura nahasketa zein arteen eta zientzien loraldia musikaren bidez ekarri zituen gogora Kursaalean: doinu arabiarrak, judu-kristauak, kantigak eta kantu monodikoak, eta baita Las Huelgasko Kodizean jasotzen diren polifoniaren ereduak ere. Soinuztapen desegokiak tarteka instrumentuen koloreak ilundu eta taldearen oreka astindu bazituen ere, ez zuen X. mendeko Al-Andalus girorako sarbidea guztiz ezkutatu.

Daniel Garayren eta David Mayoralen perkusioan ondare andalusiaren taupada une oro sentitu ahal izan zen, baita, noski, Enrike Solinisen lautean eta giternan ere. Bere aldetik, Julio Sotoren bertsoek, narrazioa eta musika lotzen diren zubi liluragarrian tente, argi izpi baten modura zeharkatu zuten iberiar penintsula osoa, Kordoba eta Donostia hitzen hari fin batekin josiz. Rosario La Tremendita Sevillako flamenko-kantariaren eta talde osoaren arteko hartu-emanak ere gozatzekoak izan ziren.

Kontzertuaren amaieran, Subhen heriotza irudikatzeko aukeratu zen Agota hunkigarria suertatu zen oso Maika Etxekoparren ahotsean, emakume soil bat hil ez zenaren seinale. Izan ere, baskoiaren heriotzak garai oparo baten gainbeherarekin egin zuen bat: Kordobako Kalifa Herria taifa erresumetan sakabanatzen hasi zen XI. mendean. Eskerrak oraindik ere baden nahasketaren balioa eta edertasuna preziatzen dituenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.