Estetika, Dantzen ardatz

Musika elektronikoaren jaialdia abuztuaren 29tik 31ra egingo da, Donostian. Aurrerapen modura, DJ saioak izango dira larunbat honetan

Esplendor Geometrico taldea ariko da aurtengo Dantz jaialdian. CARSTEN STILLER.
itziar ugarte irizar
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Duela bi urte abiatu zen musika garaikide eta elektronikoaren Dantz jaialdia, Donostian. Mugak, periferiak, urruneko soinuak izan ziren lehen jaialdi haren ardatzak; iaz, migrazioa eta bazterkeria; eta, aurten, hirugarren aldian, oso bestelako bide baten alde egin dute: musika elektronikoaren alde estetikoa aztertuko dute. Iaz bezala, hiru egun hartuko ditu jaialdiak, abuztuaren 29tik 31ra bitartean.

Atzo aurkeztu zuten antolatzaileek jaialdiaren lehen aurrerapen bat. Esplendor Geometrico taldearen izena nabarmendu zuen Jokin Telleria zuzendariak.1980ko hamarkadan sortu zen taldea, Madrilen, eta musika industrialaren generoan oihartzun handia lortu du ordutik. Telleriaren arabera, haiek izan dira aurtengo gaia zehazteko «gakoa».

Haiekin batera, beste hamazazpi izen aurreratu zituzten atzoko agerraldian, bertako artistenak nola kanpotik helduko direnenak; hauek dira: Actriq, Carista, Gela, Matias Aguayo, Max Abysmal, Oscar Mulero, Parallax; eta Euskal Herrikoen artean, Reykjavik606 —Inesferarekin batera ariko da—, Aitor Etxebarria El Txef_A, Jai Tiruriru, Kastil, Magnolia eta Mario Azurza. Egunez diren saioak Tabakaleran egingo dira, kanpoan eta barrualdean; eta gauekoak, aldiz, Gasteszenan.

Lehen eguna, hilaren 29a, «beroketa eguna» izango da aurten ere, eta, ziurra ez bada ere, seguru asko, iazko leku berean izango dira saioak: Zurriola hondartzan.

Dantz Point, larunbatean

Berrikuntza modura, Donostiako lehenbiziko Dantz Point egitasmoa ere antolatu du jaialdiak aurten. Telleriaren esanetan, «proiektu berritzaile bat izango da, jaialdiarekiko independentea eta paraleloa, eta musika elektronikoa naturarekin, arkitekturarekin, turismoarekin eta abangoardiarekin uztartzen saiatuko dena». Larunbat honetan izango da, Urgull mendian, 17:00etan abiatu eta 21:00ak bitartean.

Musika saioak izango dira tarte horretan, aire zabalean. Baina ez dute izenik aurreratu. «Abangoardiako musika eta arteetan bat-batekotasuna, freskura eta berrikuntza artistikoa» bilatzea baita egitasmoaren asmoetako bat, antolatzaileen arabera. Halaber, larunbateko emanaldiarekin «klixeak eta aurreiritziak» ezabatu nahi dituztela ere aipatu du Telleriak: «Musika elektronikoa askotan gauarekin eta iluntasunarekin lotu ohi delako, horrek dakarren ondorio guztiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.