TONBAN EHORTZIRIK (I). Sabino Arana Goiri

«Bizkaia foral eta euskaldun bat baina arrazaz maketo, nardagarria izango litzateke»

«Haren argibidez ni jabetu / enegan bazela norbait atxilotu. / Orduan jaitsi nauzu leizera; nork gure muinean dugun itzalera». Xabier Lizardi dugu, Sabino Arana Goiriren argibideei aitortza eginez. Beti guztion eskura Bilbon dela jakin dugularik, haraxe joan gatzaizkio galdezka, Albiako lorategietara. Gogoetagai ibili zituenetako batzuez jardun digu euskotar euskaldunak.

Arana Goiriren eskultura, Bilboko Albia lorategian. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Bilbo
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Jean Claude Larronderen tesia galtzarbean harturik etorri gaituzu, Euskal nazionalismoa, jatorria eta ideologia Sabino Arana-Goiriren lanean. Handixe ari gaituzu, Bizkaitarra aldizkarian argitara eman zenuen artikulu batetik: «1839ko urriaren 25a». Lehen karlistadaren amaierari segitu zitzaion legeaz ari zara bertan...

Ez alferrik! Ordu arte, gure aberria Bizkaia nazio independentea izan zen. Botere eta eskubide propioak zituen, baina egun zorigaitzekoaz gero, probintzia espainol bihurtu zen, Europako nazio zital doilorreneko parte! Handik urte batzuetara, berriro ere ahulduta geunden sasoian, gure aberria azpiratzeko eta suntsitzeko lanean aurrera egin zuen Espainiak, eta foruak kendu zizkigun 1876ko uztailaren 21eko legearen bidez. Alfontso XII.ak sinatu zuen legea. «Espainiako errege konstituzionala Jainkoaren graziagatik» ei zen, eta akorduan hartu, buruan sartu, bera bezain borboikoa duzue oraingo errege espainola! Harrezkero, espainiar estatuak bere armadara deitu zituen euskotarrak [euzkotar, ibili digu beti berak], estatuari zergak pagatzen hasi behar izan zuten, ordu arte ez bezala.

«Ordu arte ez bezala» diozu. Zelakoa zen ordu arteko egoera?

Libre eta independente bizi zen Bizkaia, bere burua gobernatzen eta legislatzen zuen, nazio aparte legez, estatu osatu legez. Baina euskotarrak libre izaten nekatu ziren, antza, eta kanpokoen azpian egotea ontzat hartu zuten, euren aberria atzerriko eskualde bat balitz legez hartu zuten, euren nazionalitateari uko egin, eta atzerrikoa onartu zuten! Euskotarraren ohitura eta legeak nobleziaren duinekoak ziren, haien duinekoak ziren herriaren bertute eta gizontasuna ere, baina espainiar eraginaren ondorioz endekatu eta usteldu zen herria, guztiz adulteratu, afeminatu edo astotu zen. Euskotarraren arraza berezia zen bere kualitate ederrengatik, bai, baina are gehiago zen berezia ez zeukalako inorekin kontakturik batere, senidetasunik batere ez espainiar arrazarekin ez frantsesarekin, auzoak izanda ere, ezta munduko beste edozein arrazarekin ere. Euskotarraren arrazak baino ez zuen osatzen Bizkaia aberria.

Zer gertatu zen, beraz? Esan duzunez, euskaldunek barkatu, euskotarrak, atzerriko eskualde bat balitz legez hartu zuten euren aberria.

Bai, eta hori gertatu zen euskotarrek, duintasun batere barik eta gurasoentzako batere errespetu barik, euren odola espainol edo maketoarenarekin nahastu zutelako: Europako arrazarik doilor eta zitalenarekin nahastu ziren! Arraza gaizto horri gurearen tokia hartzen laguntzen zeuden, geure aberriaren lurrean bertan! Ezagutzen ziren hizkuntzen artean ere, euskotarrek zaharrena zeukaten. Euren hizkuntza mendiak baino aberatsagoa, itsasertza baino indartsu eta harroagoa, soro eta landak baino ederragoa zen. Euren arbasoen hizkuntza zen, euren arrazaren hizkuntza, euren nazionalitatearen hizkuntza; baina nire denboran, arbuiatu egiten zuten, lotsabage, euzkerearen tokian jende baldar eta endekatuaren hizkuntza onartzen zeuden, euren aberria zapaltzen zuenaren hizkuntza hartu zuten!

Asko esatea ez ote den…

Ez da ez aski eta ez asko. Lehen, euskotarraren izaera eta mendua ziren aitoren seme-alabari dagokiona, noblea eta burgoia; eta, hala eta ere, apala, zintzoa eta eskuzabala bezainbat. Nire denboran, ordea, espainolak bezain bilau eta kikil bihurtzen ari ziren euskotarrak, haiek bezain miserable, faltsu eta zital. Euskotarrak salbatzeko, garaian berroneratzeko eta etorkizunean itxaroteko, premiazkoa zen guztizko isolamendua, osoa, erabatekoa. Osagai arrotz guztiak baztertu behar ziren, jatorri erabat euskotarrekoa ez zen guztia kanporatu, exotiko, inmoral eta kaltegarri zen guztia ukatu. Gizarte euskotarra alferrik galdu baino ez zen egiten espainolekin nahastuz gero. Hargatik zen premiazkoa gure jendea albait gehien bakartzea, euskotarra salbatzeko ordukoak eta gerokoak, gura dut garbi esan, eta guztiz eta zeharo bakartzea independentzia politikoaren bitartez.

Aspaldi ez nuen hitza entzun: maketo.

Emiliano Arriagak [Bilbo, 1844Zuhatzu, 1919] zuzen zioenez, maketo da Euskal Herrian bizi den espainola. Kanpotar guztiak ez dira, beraz, maketo. Arriagaren ariora, maketo dira Maketanian jaiotako guztiak, azken denboran —hogei urte atzerago, erabaki zuen Arriagak—, gure lurra modu izugarrian inbaditutakoak. Bizkaiara etorri ziren, berton jarri ziren bizitzen dirutzeko asmotan, euren herrialdean amestuko ez luketen ongizatea iristeko guran. Maketoa da Maketaniakoa, ez Euskeriana ez Portugal den Iberiako penintsulan jaiotakoa.

Hitz beste eginez, Arana Goiri jauna, zuk esan eta eginei zor ei zaio euskararekiko zaletasuna. Diote zeuk piztu zenuela garra.

Zuk «euskara» diozu, baina euzkerea da euzkotarron hizkuntza. Ez euskotarrena, hala ere, baina bego horretan... Hori esanda ere, zaletasuna nori zor zaion, hortxe dira nire ostean hainbat behar handi egindakoak ere: Jose Manterola, Resurreccion Maria Azkue, Arturo Kanpion, Julio Urkixo… Ez horiek baztertu, jainkoarren!

Azkue aitatu duzunez gero, hark esana da: «Nori, Jainkoari eta gero, zor zaio euskal pizkundea bere agerpen guztietan? Nagusiki, bereziki, Sabino Arana Goiriri». Eta Orixek ere gisa berean jardun zuen: «Ez politikaz bakarrik, bai idaztankeraz ere, ildoa urratu digu Sabino Aranak. Euskara garbitzea ez eze, euskaraz burutapen sendoak agertzea izan zuen xede eta asmo, eta garai hartarako inork erdietsi zezakeena erdietsi zizun… Handik hona euskara aurrera doa, hark eman ziztua gehitzen duelarik. Ez dakigu euskara hilen ote den, agian ez, baina biziko bada, geroak esanen du Aranaren bultzadaz noraino daitezkeen gure mintzo eta literatura».

Nik esatera, garai hartan euzkereak larri-larri balio zuen nekazaritzako gorabeherak erabiltzeko baino. Ordukoeuzkerak ez zuen ezertarako balio. Alderantziz, eragozpena zen, atsekabe eta neke zen edozertarako ere: nork bere burua janzteko eta lantzeko, hezteko, ikasketarik egiteko, salerosgorako, bizibiderako. Nik nioenez, euzkotarrak euzkerea ezinbesteko eta behar-beharrezko hizkuntza bihurtu behar zuen aberrian. Hori eginez gero, ez amaren semek ez alabak baztertuko eta ahaztuko zuen euzkerea. Eskatzen nion euzkotarrari behar egiteko, euzkereak balio izateko hezteko, eskolatzeko nahiz irakasteko, irabazteko eta aurrera egiteko. Horrela, orduan legez oraingo denboranere, euzkerearen jabe denak arrazoizko ikusiko du euzkerea gordetzea eta jagotea; ez dakienak bidezkotzat joko du ikasten ahalegintzea. Ostera, lehenengo, enbarazo hutsa izango da; eta, bigarren, alfer-alferrikako luxua.

Hara, «luxu», oraingo euskarara jarria zaitugu, garbizale gogor zintuguna!

Garbizale gogorra, banuen arrazoirik aski asko! Egia da eraso gogorra jo nuela, zenbait euzkera lurraren gainetik garbitu gura izan nituela, baina betiko, gero! Zuek ez dakizue zelakoa zen orduko euzkerea! «Jaungoikoa da gauza bat esan eta pentsatu ahal daitekeen baino ere eszelenteagoa eta admirableagoa, jaun infinitamente poderosoa, sabioa, justua, printzipioa eta fina gauza guztiena». Zoaz eta harrapatu horko euzkera! Euzkerearen zaletasuna sutu behar da, behar zen orduan eta behar da oraingo denboran ere, baina euzkerea berriztatu beharra zegoen.

Euskara euzkerea, arraza, abertzaletasuna… zein ordenatan jarriko zenituzke, Arana Goiri jauna?

Hizkuntza jakiteak ez du batere balio, abertzale izan gabe. Abertzaletasuna dena da, euzkerea jakin gabe ere. Euzkereak ez du aberria salbatuko, abertzaletasunak salbatuko du. Aukeratu beharko banu, alde batetik Bizkaiaren erabateko eta guztizko heriotzaren artean hau da, bere arrazaren eta hizkuntzaren suntsipena, bere legeen eta historiaren eta bere izenaren oroitzapen guztiak eta idatzizko berri guztiak ere galtzea eta ahaztea, eta, beste aldetik, Bizkaia maketo bat, bere eskuko eta beregain bat, gure arbasoen legez gobernatua, euzkeraren jabe eta geure historiaren oinordeko eta jarraikile… bion artean, nik, aukeran, lehenengoa hobetsiko nuke. Bizkaia foral eta euskaldun bat —euzkereaduna, gura dut esan— posible balitz, baina arrazaz maketo, munduko gauzarik nardagarriena izango litzateke, herri baten zentzugabekeria gaitzena, bilakaera politikorik bidegabeena, historiako aizunketa edo faltsukeriarik izugarriena.

Esatekoak esan dituzu, horratik! Politikoki zuzena izan beharra dago oraingo egunean.

Politikoki zuzena! Zer gura duzuen esan ere ez dakit ondo, baina igartzen diot. Banuke politikoki zuzenak ez diren esateko franko oraindaino! Etorri zakizkit ostera ere gura duzunean, eta esango dizkizut batzuk, euzkotarren aberriaz bezainbat gure hizkuntzaz, gure endaz eta abendaz, ikurriñaz eta nire atzean beti ageri den bandera espainolaz... Badut esatekorik asko oraingo abertzaleez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.