Tonban ehortzirik (eta VI). Lourdes Iriondo

«Gure kulturari egiazko laguntza praktiko eta zabala emateko garaia da»

Mixel Labeguerieren garai bertsuan hasi zen kantatzen Lourdes Iriondo (1937-2005). Lehen emakumea izan omen zen gurean gitarra hartu eta agertokian kantatzen. Erabateko arrakasta izan zuen, liluratu zituen entzuleak, herriz herri ibilarazi zuten... Hastapenaz jardun du Urnitetako hilerrian, baina laster ekin dio zirti-zarta, egia baino egiagoak esanez, sortzaileen egoera gogotan.

Iriondo eta Leteren bizitokiaren ondoko lorategia, Lourdesen maitea. Haren omenaldi da Jose Ramon Andaren Xorittua norat hua eskultura. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Urnieta
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

«Dei guztiei ezin baietza emanik»… irakurri dugu 1965eko Zeruko Argia-n. Nahita ere, ezin toki guztietara heldu zu…

Egia baitzen! Zazpi urte ziren musika ikasten hasi nintzela Maria Paz Urbieta irakaslearekin. Askok dakitena da, honezkero, luzaro gaixorik egondu nintzela, ikasketak utzi beharrean izan nintzela, eta, halaxe, elkarrizketa hori baino urte bat lehenago, gitarra ikasten hasi nintzela Zezilio Espadarekin. Izan ere, beti maite izan nuen gitarra. Haren hariek zerbait esaten dutela iruditzen zitzaidan. Baina ordu arte ez nuen eskuetan edukitzeko zoririk izan, etxean eskatzeak kezka ematen zidan. Halako batean, horratik, aitak erosi egin zidan, eta garai hartan, esateko moduan, lotara ere gitarra hartuta joaten nintzen.

Eta nola hasi zinen kantak ontzen? Alegia, hitzak ere zeuk asmatzen zenituen?

Hasieran, gehienak bai, baina ez denak. Nik, lehenengo, musika asmatzen nuen, eta gero letrak, baina gaztelaniaz. Adierazi nahi nuena zuzen adierazteko gai ez nintzela iruditzen zitzaidan, ez nuen neure buruarekin konfiantzarik, eta nik gaztelaniaz asmatutako hitzak lehengusuari ematen nizkion, Joxemari Iriondori, euskaratzeko, bera euskaraz oso iaioa baitzen. Lehengusua inguruan ez bazen, Urnietan eta Hernanin ere banituen laguntzaileak, eta halaxe moldatzen nintzen. Ez nuen denbora askorik ematen kantuak sortzen. Inoiz edo behin, ni haserre, eta hartu gitarra eta magnetofoia, kantatzen hasi, segi, eta sortu izan nituen abestiak, «barrenkoiak», Iñaki Beobidek idatzi zuen moduan esateko.

Iñaki Beobidek?

Bai, elkarrizketa hori berak egina da. Ez al du «Jarraiko Agirre» sinatzen? Bada, Iñaki! Esan zidan nik, nolabait, kantu «triste edo barrenkoiak» atsegin nituela, eta egia zen txa-txa-txa eta zarata handiko kantuak ez zitzaizkidala gustatzen. Batean txa-txa-txa, bestean ye-ye, Beatles-ak eta abarra. Ez zitzaizkidan halakoak gustatzen, ez nituen ontzat ematen, baina, ordurako, konturatuta nengoen Beatles-ek ondo jotzen zutela gitarra, eta hori bai, hori atsegin nuen. Garai hasierako hartan uste nituenak esaten ari naiz, horretara jarri garenez gero. Modako kantuak sartzen zitzaizkigun, kanpokoak ziren, baina Euskal Herriaren barru-barruraino sartu ziren. Kantagintza modu berria zen, eta gurea ere kantagintza berria izan zen, baina euskaraz. Nik gerora begira kantatzen nuen, herri batetik bestera ibili nintzen hasieran, eta jendeari gustatu egin zitzaion nire kantaera! Berehala, eskutitzak jasotzen hasi nintzen, zorionak ematen zizkidaten eta kantuen letrak eskatzen, baina erabat, ordea! Herria kantu berrien egarri zen, eta tamala zatekeen guk haiek ez kantatzea, eta, besterik ezean, irrati-telebistetan ikasten zituenak gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez kantatzea.

Bakarka kantatzen hasi zen lehenengo emakumea izan omen zinen. Are, Mixel Labeguerierekin bateratsu hasi zinela dio zure lehengusu Joxemarik...

1965eko urte hasieran kantatu nuen nik lehenengo aldiz, Andoaingo ikastolaren alde. Labeguerie ere, hor nonbait. Nik Andoainen kantatu nuen, eta jendea ez zen haserre. Ondoren, Tolosan eta Billabonan ere kantatu nuen. Baina nik esan beharko banu, eta ez nuke inor mintzerik nahi, nire bene-benetako hasiera 1965eko maiatzaren 6koa izan zen, Aizarnan. Igandea zen, Gazteriaren eguna asmatu zuten han, eta gazteek jaialdi eder bat prestatu nahi zuten. Eta Aizarnan apaiz zegoena etorri zitzaidan, Mikel Atxaga. Joateko eskatu zidan. Ez zen orain bezala, gonbidapena eta hau eta hura, ez: joateko eskatu zidan. Eta joan nintzen, eta kantatu nuen nire errepertorio txiki hura, lehenengo kantu haiek: Abesten dizut, Jauna; Haurra sehaskan; Arren, Jauna; Amatxo laztana…

Ondoriorik ekarri zuen Aizarnako saioak.

Arrakasta handia izan zuen, bai, eta are arrakasta handiagoa Joxemarik [Iriondo] Loiolako Herri Irratian grabatzeko eskatu zidalako. Joxemari irratian ari zen ordurako, eta Aizarnako jaia igandean egin zen, eta astelehen goizean Loiolan ginen kantuak grabatzen. Astearte goizean hasi ziren nik bezperan grabatutako kantuak irratian ematen eta laster omen ziren entzuleak nire kantuak eskatzen. Nik baino hobeto esango dizu hori Joxemarik. Zioen kanpotik berritasuna besterik ez zetorrela eta gurean, berriz, Itsasoan laño dago, Maritxu nora zoaz, Ara nun diran, Zibilak esan naute, Gitarra zartxo bat... aditzen aspertuta zegoela entzulea. Halaxe, nire kantuak irratian jartzen hasi zirenean, ez zioten utzi jartzeari. Nire kantuek ez omen zuten «deskantsu handirik» izan, esaten zuen Joxemarik. Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen. Orduantxe ikasi nuen esaera horren esanahia.

Zure kantuek deskantsurik ez, zuk ere ez, horratik. Jendeak eskatu bai, baina eman ez. Euskal Herriko eskaleak zinetela idatzi zenuen handik bi urtera.

Hala baitzen! Telefono-deia etxean, hartu eta: «Lurdes zara? Herrian antolatu dugun jaialdira etorriko al zinateke?». Eta nik baietz, beti baietz nik. Eta hariaren beste aldean, orduan ere beti: «Bada, zera... debalde izan beharko du, ikastola irekitzeko dirua biltzeko da-eta...». Bazeneki! Nire telefono orduko hark, bizi bada, dei haien berri emango balu, auskalo zer esango ote lukeen. Eta, halaxe, gitarra besapean hartu eta herri batetik bestera gu, Julen Lekuona, Lazkao Txiki, Arantxa Esnaola... batzuek kantatu, besteak dantzatu... Batetik bestera beti, zeren beti zen halako edo halako herri batean ikastola bat zorretan, laguntza beharrean. Domund egunak datozkit gogora.

Zer dituzu erran delako «Domund egunak»?

Umetan, igande jakin batzuetan, ikastetxean edo parrokian emandako eltzetxoa hartu eta «txinatar gizaixoentzat» diru eskean ibiltzen ginen herrian, kalean, jendeari eltzetxoan dirua botatzeko eskatzen. Nik esango nuke herriko txanpon guztiak gure eltzetxoetara sartzen zirela egun hartan. Pezetak, gehienbat, eta tartean duroren bat edo beste. Alegia, jendeak ezertarako behar ez zuena botatzen zigula itsulapikoetara. Eta niri iruditzen zitzaidan gurekin ere, kulturako jendearekin, antzeko jokatzen zutela. «Jaialditxo bat, mesedez, gure herriko ikastola gizaixoarentzat», eskatzen zigutela. Ikastola esan dut, baina besterik esan nezakeen.

Hortik zure kexua, «Euskalerriko eskaleak».

Bai, bada. Gauza nola zen ez nekien, baina galdera egin nuen, hain behartsu ote ginen euskaldunok geure ikastolei ezin eutsian ibiltzeko. Nik esaten nuena zen euskaldunok gure kulturaren alde gerra bizia egin behar genuela, egin behar dugula, ez dela aski «gure euskara gaixoa» eta horrelako lelokeriak esaka jardutea. «Ez digute laguntzen-eta... Dirurik ez dago-eta...». Sasoi hartan irrati asko eduki nahi genituen, egunkari asko, diskoetxe asko, ikastola asko... baina nola izango genituen, bada, asko, genituenak laguntzen ez bagenituen? Hantxe genituen Loiolako Herri Irratia, Zeruko Argia astekaria, ikastolak herriz herri, kantariak, bertsolariak, idazleak, dantza taldeak, antzerki taldeak...

Asko zeneukatela esan nahi duzu?

Asko edo gutxi, nork bere iritzia du gai horren gainean, nik esaten dudana da, geneukan hori erdi abandonatuta geneukala. Euskaldun izateko, beharrezkoa zen hiltzen ari zen euskal kulturari bultzada eta laguntza sendoa ematea. Euskal kultura hiltzen ari zen, baina ez berez, guri bost axola zitzaigulako baizik. Nola nahi genuen gure kantu, antzerki eta irratiak berriak eta kalitatekoak izatea, behar bezala laguntzen ez bagenituen. Euskal artistak bere bizi guztian debalde eta afizioz lan egitera kondenatuta egon behar al du? Gure ikastolak haizezkoak izan al litezke? Euskal antzerkia bost edo sei afizionatuk abiarazi behar ote zuten, bada, bere lanorduetatik kanpo gogotik saiatuta?

Galderak gehiago dituzu zuk ere, erantzunak baino...

Gure hizkuntza, gure artea eta artistak hil egiten ditugu poliki-poliki. Gauzatxoak antolatzera jostaketan ibiltzea gustatzen zaigu: antzerki egitera jostatu, bertso kantatzera jostatu, ikastola gorabeheretan jostatu, euskaldun izatera jostatu... Baina egiazko laguntza serio eta praktiko bat emateko garaian, orduan txanponak besterik ez ditugu botatzen txinatar gizaixoen eltzetxo edo itsulapikora. Jaialdi bat eratu, xox batzuk atera, eta aurrera, beste bat arte! Badirudi gure eguneroko bizia gauza bat dela eta euskal bizitza beste bat, zeharo ezberdina. Gure bizimodua itxuratzeko garaian, lana sendo egin behar dugu, diru asko irabazi, etorkizuna bideratu. Euskaldun izateko garaian, berriz, jostatu, eskupekoa eman. Hortik aurrera, makina bat irribarre, malko merke asko, eta kitto. Ikastola baten gastuak ordaintzeko jaialdi bat eratu dela eta bertara kantatzera joatea oso gauza polita da, baina Euskal Herriko kantari, poeta, idazle, margolari, musikari eta gainerako artista sortzaile guztiak bere bizia «arte» eginez jostatzera behartuak egongo ote dira beren herrian jateko adina ere eskuratzen ez zaielako?

Politikoki zuzena izatea badakizu zer den, Lourdes? Ahoan bilorik gabe ari zatzaizkigu...

«Politikoki zuzena»? Beste jostakeriaren bat, seguru... Gure herriak bizirik eta sendo menderik mende iraun dezan nahi badugu, jostaketa polit eta txoro horiek bazterrera utzi eta gure kulturari egiazko laguntza praktiko eta zabala emateko garaia da. Gure eginkizuna serio hartzen ez badugu, eta gure izatearen defentsan gorputz eta arima osoak jartzen ez baditugu, euskara laster hilko da, gezurrezko kixote ergelak garelako hilko da euskara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.