Hamaika gau, bakar batean

Donostiako gaua bizia eta askotarikoa da Aste Nagusian, gune ugari baitaude musika ezberdinekin. Vendettak jendetza bildu zuen Saguesen ostegunean, eta Flamenkan rocka gailendu zen

Alfontso XIII.aren plaza. Erromeria egin zuen Ingo Al Deu taldeak. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Su festak eta lainoek elkarren aurka borrokatu ziren ostegun gauean Donostian, baina su festa atera zen garaile, eroritako euri tanta urriek ez baitzuten lortu hondartzako hondarra gogortzea. Traka gogotsu txalotu zuten donostiarrek; gogotsu, baina hala moduz, ez baita erraza esku batean izozkia eta bestean aterkia (itxita) izanda txalo egitea. Hala ere, izozkia bukatu zuten, eta aterkia ireki beharrik ez zuten izan, geroxeago beste tanta batzuk bota bazituen ere.

Zezensuzkoaren aurrean haurrak eta gaztetxoak korrika batean ibili eta gero, jende masa batek norabide bat hartu zuen. Bai Askatasunaren hiribidetik bai Bulebarretik, jendetza Kursaaleko zubirantz joaten hasi zen, jertsea gerrian lotuta edo sorbaldetatik zintzilik. Saguesera zihoan jendetza horren zati oso handi bat.

Saguesen, Vendetta musika taldeak eman zuen kontzertua. 23:45ean puntuan hasi zen Pello Reparaz abeslaria Suma abestiarekin, eta jendez betez zihoan plaza abesten hasi zen. Jendetza bildu zen Saguesen: gehiengoa gaztea, baina bazen heldurik ere. Ainhoa Agirre donostiarra da, eta bere lagunekin zegoen Saguesen, «dena ematen»: «Vendetta tadea asko gustatzen zaidalako etorri naiz Saguesera. Taldea aurten desagertuko denez, uste dut ikusiko dudan azken kontzertua izango dela hau». Agirre pirata da, eta ostegun gaua izan du aurten Saguesen igarotzen duen lehena eta azkena: «Eguneko ekintzetara ez ezik, gauez portuko kontzertuetara ere joaten naiz normalean. Sagueseko egitaraua ez zait oso egokia iruditzen gazteentzat, nire gusturako. Flamenkan egoten da gazteentzako giroa».

Gaua ez da gazteena soilik

Zurriola pasealekuan bi bikote heldu barrezka hiz egiten zihoazen kontzerturantz. Bakoitzak izozki bat zuen eskuan, eta, euri apur bat hastean, aterkia ireki ala ez erabaki behar izan zuten. Berehala gelditu zen, gau osorako. Joxe Aldalur laukote horretako bat da. Tolosarra da jaiotzez, Donostian bizi dena: «Nire emaztea eta biok beste bikote batekin goaz Vendettaren kontzertura. Egia esan, taldea ez dugu gehiegi ezagutzen, baina beraiek abestiren bat ezagutzen dute, eta etortzeko konbentzitu gaituzte. Dantza pixka bat egingo dugu». Kontzertuaren une gorena Begitara begira abestiarena izan zen: mundu guztiak, heldu eta gazte, eztarria urratuz abestu baitzuen abestia.

Ulia mendiaren magalean Vendettarekin dantzan zebiltzan bitartean, ez zen girorik falta Urgull mendiarenen azpian. Donostiako Piraten gunean jende ugari zegoen, baina ez beste gau batzuetan bezainbeste. Txosnak dauden lastan, Adriana G DJak musika elektronikoarekin dantzan jende gazte dezente bildu zuen, ez Euskal Herriko gazteak soilik, baita atzerritarrak ere. Txosnetan, bestela, jendea bazebilen pote bat eskuan elkarrekin hitz egiten.

Flamenka gunean, berriz, bi kontzertu izan ziren. Lehenik, Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak jo zuen, eta gero, Mice taldeak. Bi taldeek rock musikaz bete zuten Flamenka, eta jendeak gogotsu egin zuen dantza. Publikoa gaztea bazen ere, Sagueskoa baino zaharxeagoa zen, 20 urtetik gorakoa.

Flamenkan jende ugari bazegoen ere, beste gau batzuetan baino gutxiago zebilen kai inguruan. Beste gau batzuetan hor ibiltzen den jende hori Saguesen zegoen Vendetta entzuten. Argi ikusi zen hori, 01:45 aldera Bulebar aldetik jende gazte ugari joan zenean kaira.

Ez zen horietako bat izan Sara Fermin pirata donostiarra. Kaian geratu zen lagunekin, eta Miceren kontzertua entzun zuten: «Youtuben pare bat abesti entzuna nago, eta zuzenean nolakoak diren entzutera etorri naiz, besterik gabe».

Kalimotxo bat eskuan, agertokira begira zegoen Maixa Irigoien: «Ni hernaniarra naiz, baina lagun pirata batzuk ditut. Beraiekin parrandan ateratzera etorri naiz kaira, eta, Miceren kontzertua dagoela ikusita, geratzea erabaki dugu».

Sagues eta Flamenka ez ezik, beste gune ugari daude Donostian gaua igarotzeko. Horietako bat Kursaaleko Urumea terraza da. Hantxe izan ziren Donostiako gaztetxo asko Irene Mariscal DJaren musikarekin dantzan. Terrazara igo baino lehen, gazte gehienak Zurriola hondartzan izan ziren, izozkiak eragindako egarria asetzen, eta musika hasi zenean, gora igo ziren, dantzatzera. Erdara nagusi zen gaztetxoen artean Kursaal atzean.

Donostiako gauak beste hainbat aukera ere eskaini zituen. Bulebarreko kioskoan, esaterako, Malevaje taldeak tangoa entzuten jarri zuen publikoa. Entzuten, ez dantzatzen, zeuden 70 pertsona ingurutatik bikote bat baitzen dantzatzen zuen bakarra. Bulebarrean, gau osoan jendea paseoan ibili zen, terrazan eserita zerbait hartzen, edo banku batean solasten.

Amarako Easo plazan, Agirren orkestrarekin dantzaldia izan zen, eta Antiguako Alfontso XIII.aren plazan, berriz, Ingo Al Deu taldearekin erromeria.

Kontzertu eta dantzaldi guztiok amaitzean, batzuek autobusera jo bazuten ere, parrandazaleak Parte Zaharrera joan ziren. Ikatz kaleko tabernak lepo zeuden, baita Fermin Calbeton kalekoak ere. Kaleetan jendea batetik bestera ibili zen, eta beste garai batzuetan gauez irekitzen ez diren tabernetan parranda egiteko aukera zegoen.

Donostiako gaua bizitzeko era eta leku ugari daude, eta bakoitzak berea aurkitu zuen ostegun gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.