Iparraldeko mendia parke

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendialde osoa besarkatuko duen Eskualdeko Parke Naturala sortzeko prozesuaren bigarren fasea hasi da, Akitania Berriko Kontseiluak aho batez onarturik. Mendiaren erabileraren geroaren inguruko kezkak bultzatu du egitasmoa, eta eragile guztiak ari dira elkarlanean.
2000. urtean hasi ziren parke egitasmoaz eztabaidatzen. Irudian, Nafarroa Behereko Arberoa ibarra.
2000. urtean hasi ziren parke egitasmoaz eztabaidatzen. Irudian, Nafarroa Behereko Arberoa ibarra. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2019ko urtarrilak 19

Ipar Euskal Herriko mendigune osoa EPN Eskualdeko Parke Natural batean sartzeko prozesua bigarren fasean sartu berri da. Akitania Berriko Kontseiluak aho batez hartu zuen iragan abenduan proiektua aitzinarazteko deliberoa. Hamar urte baino gehiago daramatzate hausnarrean gaiak hunki ditzakeen eragileak oro: lau mendi sindikatuak, Zuberoakoa, Garazikoa, Oztibarrekoa eta Baigorrikoa (Nafarroa Beherea); Euskal Hirigune Elkargoa, zeinak barne hartzen duen Garapen Kontseilua; eta Akitania Berriko Kontseilua. Erronka berria dute orain: Euskal mendiaren garapen iraunkorraren oinarrizko araudia idaztea.

Proiektuak hats luzea du, «2000. urtean jada ari ginen gogoeta sakonean Garapen Kontseilua eta hautetsi sozioprofesionalak, kontzertazioan, ez baita bakarrik artzain, laborari eta ehiztarien afera», azaldu du Andde Sainte Marie Akitania Berria Eskualde Kontseiluko Mendi eta Artzaintzako eskualde-kontseilariak. Izan ere, 2003an Garapen Kontseiluak argitaratu zuen laborantza, abeltzaintza, oihana eta aisialdiko aktibitateak euskal mendian elkarbizitzeko txostena. Horretan, mendiaren erabilerak sorturiko kezkak mahai gainean jarri zituen, hala nola, mendialdea jendez hustutzearen arazoa, zerbitzu publikoen garapen eskasagoa, mendiko zein herrietako ondarearen begiratu beharra, ekonomia-zirkuituen bultzatu nahia, eta aldaketa klimatikoen ondorioak. Gogoeta hark araudi nagusiak finkatzeko beharra azaleratu zuen.

Turismoa eta nekazaritza

Hautetsien Biltzarraren galderari erantzunez, Garapen Kontseiluak argitaratu zuen 2007an Euskal Mendiaren garapen iraunkorrerako xarta, zeinak ekarri baitzuen mendiguneetako 200 eragile publiko nahiz pribatu baino gehiago mahai beraren inguruan biltzea eta mendialdearen geroaz gogoetatzea.

Azken urteotako mendialdearen bilakaera definitze aldera, 2020. urtera bitarteko helburuak finkatu zituzten: artzaintza eta transhumantzia sustengatzea, tarteko guneak baloratzea, oihanaren funtzio ekonomikoa indartzea, turismo iraunkorra antolatzea, ondare natural nahiz kulturala baloratu eta babestea, mendi-ingurumena eta ekonomiarekiko sentsibilizazioa eta heziketa garatzea. Azkenik, araudi nagusi horren gobernantza antolatzea. Halaxe, xartaren xedeak gauzatzeko, Leader Europako programaren bigarren saioa martxan da: lehenak 2007-2013. urteen artean iraun zuen; bigarrena, aldiz, 2014an hasi eta 2020an bururatuko da. Horrek 109 proiektu akuilatu ditu, izan laborantza-artzaintzan, ondarean eta turismoan, erabilera anitzean, nola oihanari lotutakoetan. Diruz laguntzeaz baino harago, programa honek ekarri du gogoeta kolektiboa eta partekatua euskal mendiguneaz, eta, oroz gainetik, haren erabiltzaileen arteko elkarlana. «Oro har, lurralde proiektu sendo bat da diru publikoa kostaldea eta barnealdearen artean manera orekatuan banatzeko. Mendialdeko biztanleok erakutsi behar genuen hor ginela».

Leaderretik EPNra

Leader programak ekarri esperientziak eta Ipar Euskal Herriak bizi duen aldaketa instituzionala lagun, beraien buruari galdetu zioten: «Akitania Berriaren parte garenez orain, eta, ez hark duenez EPNren gaineko konpetentzia, zergatik ez gure eskualdearen burujabetza batera buruz joan?», esan du eskualde-kontseilariak. «Tresna sendoago bat gehiago genuke premiazkoak diren proiektuak gure esku egiteko». Horrela, 2014an, eragile anitzen arteko elkarlan horrek identifikatu zituen zeintzuk diren euskal mendiaren garapen iraunkorraren bultzatzeko beharrak. Lehena, gizakia, natura eta kultura uztartzea litzateke. «H au izan daiteke biharko EPNren nortasun agiria», zehaztu du Sainte Mariek. Bigarrena, mugaz gaindiko ekintza transbertsalak antolatu eta iraunaraztea; esperimentazioa eta berrikuntza; komunikazioa, pedagogia eta sentsibilizazioa; mendi sindikatuen eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko elkarlanaren atxikitzea; Akitania Berria eskualdearekiko lankidetza eta kontraktualizazioa; lurralde oreka eta osagarritasuna, eta azkenik, euskal mendialdea aho-bakartasunean antolatzea. Orain, Akitania Berria eskualdeko kontseiluaren onarpenak egitasmoa bigarren fasera sartu du, «fase luzeena eta dorpeena» dela nabarmendu du Sainte Mariek, araudi orokorra osatu eta finkatu behar baitute Leader programarena baliatuz. Gainera, gobernantza ere antolatzekoa dute, betiere hautetsi, eta hautetsi ez direnen arteko elkarlanean. Lankidetza horren erakusle dira 2017ko urriaren 26an egin zuten informazio bilkura, eta iazko ekainaren 27ko ikusmolde trukaketa saioa. Egitasmoak hunki ditzakeen eragileak oro gonbidatu zituzten.

Diruaren hotsa

Artetik errateko, gutxiestekoa ez den datua eman du Sainte Mariek: «Leader programak eskaintzen duena baino diru gehiago ekarriko luke, EPNk hiru milioi euro eskuratuko bailituzke. Nekazaritza-turismoko ikerketak bultzatzeko, uraren kudeaketarako, sor-markak indartzeko eta mugaz gaindiko eskumena ere eskainiko luke EPNak». Gisa berean, herri txikietako plazaguneak indartzeko eta biziberritzeko, turismo-politika orekatu bat bultzatzeko ere balio luke proiektuak, bai eta ere biodibertsitatea errespetatzeko agertzen diren proposamenak «hitzetatik ekintzetara»eramateko.

EPNak lekarke, adibidez, mugaz gaindiko proiektuak gauzatzea, dela ingurumenari, ekoturismoari, ekonomiari, mugikortasunari edota kulturari doakienez. Hala nola, Kintoan Barna egitasmoak Donibane Garazitik Iruñerainoko ibarretako biztanleriaren higadurari xake egin nahi dio; lurraldearen erakargarritasuna garatuz, ibarrei indar berri bat emanez, eta ekonomikoki hobetuz. Bere helburua ere bada eskualdeko natur, identitate eta kultur baliabideak emendatzea, Nafarroako historiaren interpretazio zentroak sortuz, meategien ondarea deskubrituz, eta lurraldeko nortasun-baliabideak erabiliz (euskara, diaspora...), bai ere natur kirolak garatuz, eta lekuko mozkinak sustatuz.

Ondoko urratsa Frantziako Ekologia Ministerioaren onarpena da; haatik, azken hitza herriek ukanen dute, herri-kontseiluek bozkatuko baitute EPNren barne edo kanpo egon nahi ote duten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Itziar Ituño, 'Mask Singer' telebista saioan

Itziar Ituñok 'Mask Singer' saioaren ikusleak harritu ditu Lady Gagaren bertsio batekin

Berria

TF1 kateko saioan hartu du parte, Lady Gagaren Million Reasons kantua abestuz, kristalez beteriko jantzi batekin. Txalo artean hartu dute.

Euskarazko telesailek 30 urte (IV): 'Goenkale' osteko aroa

'Go!azen' izan da salbuespena

Urtzi Urkizu

ETBk 'Goenkale' kentzea erabaki zuenean, 'Aitaren etxea' grabatu zuten; gero, 'Eskamak kentzen'. Hiru urte eta erdiko «basamortua» iritsi zen, iaz 'Ihesaldia' estreinatu zuten arte.
Errigorako kideak eta Mendigorriko familiak, atzo, kanpaina berriaren aurkezpenean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Otarre bete hats euskararentzat

Ion Orzaiz

Aurtengo kanpaina aurkeztu du Errigorak Mendigorrian, D eredua eskatzen duten familiek lagunduta. Tokian tokiko proiektuak sustatuko dituzte, 'Agerraldia' izeneko egitasmoaren bidez.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Belaunaldi bakoitzean izan da jendea aurrera jotzeko»

Iker Tubia

Oharkabean hasi zen mikrofonoen aurrean solasean eta kazetaritzaren munduan murgiltzen. Beti izan du non idatzi, eta horrek itzultzaile lanerako trebatzeko aukera eman dio. Etxean jasotako euskaltzaletasuna izan du ipar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna