Albistea entzun

Selekzioen ofizialtasuna

Zirrikitu bat selekzioan Iparraldeko eta Nafarroako kirolariak sar daitezen

David Salinas-Armendariz abokatuaren arabera, legearen bi baldintzetako bat betetzen duen kiroletan, Euskal Herrian jaio den edonork izango luke aukera euskal selekzioarekin jokatzeko

Euskal Selekzioaren aldeko manifestazioa.
Euskal Selekzioaren aldeko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2022ko urriak 27

David Salinas-Armendariz Eusko Jaurlaritzako letratua da, eta Espainiako Kongresuko Kirol eta Kultur komisioak herenegun onartu zuen legearen bultzatzailea. «Oso pozik» dago lortutakoarekin, eta, haren ustetan, «kirol askori» zabaltzen dizkio euskal selekzioaren ateak. Ez daki zehazki noiz ikusi ahal izango den selekzioa nazioarteko txapelketetan ofizialki lehiatzen, baina argi dauka Iparraldean edo Nafarroan jaiotako kirolariek aukera izango dutela selekzioarekin aritzeko.

Ikusi gehiago: «Aurrerapauso hau egia bihurtzeko lan handia falta zaigu oraindik»

KIROL DESBERDINAK
Selekzioak 11 aukera

Pilotan eta surfean argi ikusten den arren, abokatuaren iritziz, lege berriak «blindaje» bat dakar sokatirarentzat eta kayak surfarentzat. Bi kirol horiei dagokienez, Euskal Federazioa nazioartekoetan dago jada. «Espainiako Federazioa sortuko balitz, lege berriarekin ezingo lukete Euskal Federazioa bertatik bota, Espainiakoa baino lehenago sortua baita», adierazi du.

Padelean ere antzeko kasua aplika daiteke. Padelean Europako federaziotik irten egin zen Espainiakoa, eta horrek Euskal Federazioaren sarrera ahalbidetu zuen. Orain Espainiakoak Europako federaziora itzuli nahiko balu, ezingo lukete Euskal Federazioa handik bota, abokatuaren hitzetan. Hala ere, padela berezia da, Europako Federazio horrek (FEPA) ez baitu Padeleko Nazioarteko Federazioaren onarpen ofizialik.

Bestalde, haren esanetan, sustrai historikoaren terminoa «modu zabalean» aplikatu behar da. Kirol bakoitzaren «izaera historikoa» aztertu behar da, Euskal Herrian dituen «aurrekariekin» eta historian zehar izan diren «nazioarteko presentziekin». Jaurlaritzako letratuaren esanetan, hor sartuko liratekeen kirolak pilota, arrauna, txirrindularitza eta errugbia dira. Hala ere, futbola ere sartu beharko litzateke, «argi eta garbi», Salinas Armendarizen ustetan. «Euskal Federazioa 1915ean sortu zen, eta neurketak jokatu zituen. Espainiakoa, berriz, 1920ko Olinpiar Jokoetan aritu zen lehen aldiz».

Mendi eta boxeo federazioak «bi terminoetan» sartuko lirateke, «Nazioarteko federazioetan gaudelako». Mendiari dagokionez, Euskadiko eta Espainiako Federazioak daude Nazioartekoaren barruan. Boxeoan, ordea, Espainiako Federazioa ez dago Nazioartekoan, eta Euskal Federazioa bai.

Legean dauden bi baldintza horiek «11 kiroletan» aplika daitezke, Salinas-Armendarizen esanetan. «Kontuz, gehiago ere izan daitezke», ohartarazi du. «Datu eta lizentzia historikoak interpretatu beharko dira; ikusi zein kirol sar daitezkeen bi baldintzetako baten barruan, eta ondo arrazoitu».

LURRALDETASUNA
Aukerak denentzat

Euskal selekzioan nork jokatuko lukeen, hori izan da beste eztabaidetako bat. Jaurlaritzako letratuak argi utzi nahi izan du «ez dela egia» Iparraldeko eta Nafarroako kirolariek, edo euskal herritarrak izanik euskal herritik kanpo bizi diren kirolariek, ezingo dutenik euskal selekzioarekin jokatu. Haren esanetan, «beti» aritu izan dira euskal selekzioarekin, «lehiaketa ofizialetan edo ez-ofizialetan», eta orain ere «hala izango da», ohartarazi nahi izan du. Selekzioaren antolatzailea «Euskal Autonomia Erkidegoko Federazioa» izango litzateke, baina kirol horretan ari diren euskal herritar «guztiek» izango lukete. parte hartzeko «aukera».

Hala ere, Nafarroako kirolarien kasua berezia da. Abokatuak gogorarazi du Nafarroak «bere selekzio propioa» izatea eska lezakeela, «ofizialki beste autonomia erkidego bat» baita. Kasu horretan, selekzio batek baino gehiagok deituz gero, «kirolariek» hartu beharko lukete erabakia.

INTERPRETAZIOA
Kontzeptu zabalen jokoan

EH Bilduk kritika egin dio legeari, haren ustetan «lurraldean errotutako kirolak» soilik sartuko liratekeelako baldintza horietan. «Albiste pozgarria» den arren, gainontzeko kirolei «bidea itxiko» liekeela esan zuen Mertxe Aizpuruak, herenegun. Salinas Armendarizen esanetan, legeak «ez du zerikusirik» kirol handi eta txikiekin. Bi baldintza horiekin «oso modu argian bat datozen bi kirol besterik ez dira» pilota eta surfa.

Abokatuak argi dauka baldintzak «oso zabalak» direla, eta Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiarekin «akordio batera» iritsi beharko dela. Baina haren esanetan, arau berriarekin, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak eta Espainiako dagokion federazioak «nahitaez» onartu beharko dute «dagokion nazioarteko federazioaren sarreran».

Pilotan eta surfean, «modu argian» ahalbidetzen du euskal selekzio bat lege berriak. Beste kiroletan, berriz, aldeko eta kontrako argumentuak egon daitezke, baina, dioenez, «justifika» daiteke 11 kirol horiek bi kontzeptu horien barruan sartuko liratekeela. Lortutakoa «aurrerapauso handia» iruditzen bazaio ere, argi dauka bidean oztopoak egon daitezkeela: «Oso litekeena da eskuineko alderdiek epaitegietara jotzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Frantziako eta Irlandako selekzioetako jokalariak, lehian, iaz bi taldeek Parisen jokatutako partidan. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Sei Nazioei Torneoari ekingo diote gaur

Iñaki Berastegi

Gaur hasiko da Sei Nazioen Torneoa, eta Frantzia eta Irlanda dira hura irabazteko faboritoak. Irailean Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketari begira daude selekzioak

 ©Jagoba Manterola-Julio Muñoz / foku-efe

Esku onetan egotearen patxada

Eñaut Agirrebengoa

Berme osoko bi atezain ditu Osasunak: Aitor Fernandez eta Sergio Herrera. Bata finko bihurtu da ligan, eta bestea ikusgarri dabil Kopan. Haien arteko lehia «taldearentzat mesede» dela dio Asier Riesgok

Osasunak arretari eutsi nahi dio, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi

Osasunak arretari eutsi nahi dio, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi

Eñaut Agirrebengoa

Kopaz ahaztu eta ligan bide onera itzultzen saiatuko dira gaur nafarrak. Aimar ez dago jokatzeko moduan, ezta Vidal eta Peña ere

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Oso garai politean bizi naiz orain; gozatzen ari naiz»

Julen Etxeberria

Hirugarrenez jarraian ordezkatuko du Mariezkurrena, eta hirugarrenez irabazi nahi du Peñarekin. Haren ustez, enpresari erakutsi dio «kontuan hartu» behar dutela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.