Gerard Pruna Colera.
Kataluniako hauteskundeak. Biharamuna. IRITZIA

Ezkerrerantz egin du prozesuak

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hasi zenetik lehenbizikoz, Kataluniako prozesua ezkerretik gidatuko dute. Esquerrak bloke independentistaren barruan izandako garaipena da albiste nagusia, Kataluniako hauteskundeek igande gauean mahai gainean jarritako titulu ugarien artean. Oriol Junquerasen aldekoak Generalitateko aginte zubira iritsi dira azkenean, Convergenciak edo haren uberan ibilitako alderdiek gidatutako gobernuei laguntzen aritu ondoren bederatzi urtean, eta mugimendu horrek eserleku batek soilik eragina makina bat ondorio du. Batetik, indartu egin du Esquerraren apustua: estatuarekiko talka leundu eta elkarrizketaren alde egitea, erreferendum itundua egitera behartzen ahalegintzeko indarrak bildu bitartean. Bestetik, ezkerrerantz makurtu ditu Kataluniako Gobernuaren politikak. Are gehiago, baldin eta kontuan hartzen badugu ERCren eta JxCren arteko batura ez dela iristen gehiengo absolutura Parlamentuan hiru eserleku falta zaizkio, eta aliatu posible hauek ageri zaizkiola zerumugan: CUP edo, bigarrenik, En Comu-Podem. PDeCAT desagertu izanak nahiz eta EAJ ahalegindu den hura hauspotzen kanpainaren azkenaldera gutxiengoan utzi du, argi eta garbi, zentro-eskuin independentista.

Hala, bada, Esquerra arduratuko da prozesu subiranistaren fase berri hau gidatzeaz, eta, horretarako, pilatutako indarraz baliatuko da: lehenbizikoz, botoen %50 baino gehiago bildu ditu independentismoak, eta Parlamentuan 74 diputatu lortu izanak asko sendotuko du mugimendua. Kopuru esanguratsua da, hein batean beste azalpen bat ere baduena: igandeko bozetako abstentzioa oso handia izatea. Ezin da alboratu, bestalde, botoen erdiak baino gehiago lortzeak dakarren mugarri hori gorabehera, independentismoak bidean galdu duela ia 700.000 lagunen babesa, eta oso urrun dagoela 2017an lorturiko bi milioi boto haietatik ere.

Jokalekua hori izanik eta Pedro Sanchezen Madrilgo gobernuaren egonkortasuna hein batean bere esku izateak ematen dion indarrak adoreturik, ERCko hautagai Pere Aragonesek ahaleginak egingo ditu gobernua nahitaez erreferendumaz negoziatzera behartzeko. Hala ere, Pedro Sanchez ere indartuta atera da hauteskundeotatik. Salvador Illaren alde egin izanak garaipen bat ekarri dio Katalunian, PSC ezin gailendurik baitzebilen 2003az geroztik. Fruiturik gabea izanagatik ere, Moncloak emaitza hori erabili egingo du, seguru asko, esan ahal izateko PSC dela katalanen hautu kutuna, eta, jakina, independentismoaren asmoak apaltzen ahalegintzeko erabiliko du.

Hala, beste jokaleku bat ireki da, hasieran behintzat, elkarrizketa mahaiaren inguruan ibiliko dena. Mahai hori lanabes bat da ia urtebete egin duena aurrerapenik gabe, baina igandeko emaitzek erdigunean jarri dute berriro. PSOE zenbateraino den ausarta, eta independentismoak nolako batasuna osa dezakeen barne zubiak berregitea du lehen zeregintzat, kanpainak areagotu baino ez baititu egin Esquerraren eta JxCren arteko desadostasunak: horren araberakoa izango da etorkizunean prozesua, oraintxe ezkerrerantz biratzen ari den honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.