Koronabirusa munduan

Krisiaren gaineko krisia Parisen

COVID-19ak behartuta, Frantziak behin-behineko kanpalekuetatik atera ditu Paris kanpoaldean bizi ziren zazpiehun migratzaile inguru. Martxo erdian hustu zuten Aubervillierseko kanpalekua, baina haietako askok kalean jarraitzen dute, deportatuko dituzten beldur.

Migratzaile asko pabiloietara eraman dituzte osasun krisia dela eta. ROSE LECAT.
Paris
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Isahek kartoi zatiak eta kaxak daramatza sorbalda gainean. Hainbeste trasterekin ikusi dutenean barrez hartu dute lagunek. Nazionalitate eta hizkuntza anitzeko jende talde bat osatzen dute, eta hitz egiteko baliatzen dituzte kanpalekurako joan-etorriak. Berak txantxari erantzun dio paxtuneraz, baina gero ingelesez, eta irribarrerik gabe azaldu du duela astebete inguru heldu zela Frantziara, eta ez duela tapakirik. Goiz hartan hiru gradu inguru zeuden kalean.

Gaua zen metroko hamabigarren ibilbidearen azken geltokian, Paris erdigunea amaitu eta kanpoaldeko industriaguneak hasten diren tokian. Ubidetik metro gutxira, hutsik dago oraindik Paris kanpoaldeari balioa emateko eraikitako merkataritza gunea, eta handik gertu dago Aubervillierseko kanpalekua, lokatzetan bizi diren bostehun bat laguni aterpea ematen diena.

Txoko guztietatik datoz, eta denen artean egindako kilometroekin mundu osoa gurutza zezaketen. Parisera iristean, administrazioak eta harrera sistemak eskean eta ezkutuan bizitzera behartzen dituzte. «Frantzian, iritsi berria bazara, ez duzu aterpe baterako eskubiderik, inoiz ez; ez zara existitzen. Kalean bizi behar duzu, eta aukera bakarra da autobusean zure bila etortzea», azaldu du Chloe Guerber ekintzaileak, Erbesteko Paris erakundeko kideak.

Ia planeta guztia berrogeialdian jarri duen COVID-19aren pandemiak ez ditu aldatu autobus horien joan-etorriak: joan den asteartean abisurik eman gabe iritsi ziren, goizean goiz. Aubervillierseko kanpalekuan, ordura arteko handiena, nola hala bizi ziren bostehun pertsona horiek handik atera zituzten hainbat bidaia eginez, eta pabiloietan eta hoteletan jarritako behin-behineko aterpeetara eraman zituzten. Han ahaleginak eta bi egin behar dituzte balizko kutsatzeak ekiditeko segurtasun tarteak zaintzeko.

Osasun alorrean aritzen diren erakundeak probak egiten ari dira COVID-19 kasuak aurreikusi eta identifikatzeko, eta, oraindik kasurik agertu ez den arren, ez dago argi noiz hasi ahalko dirensintoma ahulak dituztenei probak egiten, edo nolakoak izango liratekeen berrogeialdiko baldintzak.

Frantziako Gobernuak egunak zeramatzan berrogeialdiarekin lotutako neurriak apurka gogortzen, eta kanpalekua hustuko zuten zurrumurrua zabaldu zen; beraz, paperik gabeko berrehun bat migratzailek ere kanpaleku hartara jo zuten aterpe bat lortzeko itxaropenarekin. Orotara, bakarrik zeuden 711 gizon, familietan bildutako beste 21 pertsona eta hiru adingabe artatu zituztela azaldu du Julie Versinok, Frantzia Asilo Lurra erakundeko kideak.

Hogei inguru geratu ziren operaziotik kanpo, ekintzaileen arabera. Horien esanetan, beste askok Parisko kaleetan ezkutatzean aukeratu zuten, beldurragatik edo informazio faltagatik, Poliziari izkin eginez, paperik ez zutelako edo deportatuak izateko beldur zirelako. Kalean janaria banatzen duten boluntario taldeek ezin zuten zenbaki zehatzik eman, baina ehun inguru izan zitezkeela uste zuten.

Osasun krisia piztu denetik, ez dago batere argi zertan geratuko den Frantzian bakarrik dauden adingabeen auzia ere, zeina arazo humanitario bilakatu den dagoeneko. Danica Jurisic ekintzailea larunbatero joaten da adingabe horiei janaria banatzera, eta azaldu du asko gobernuz kanpoko erakundeek alokatutako hoteletan bizi direla, gehienetan inoiz iristen ez den estatuaren babes eskaintza baten zain.

Neurri gehiagoren zain, aterpe bat duten haurrak itxita daude, eta baliteke laster janaria amaitzen hastea, beste erakunde batzuk arduratu ohi direlako banatzeaz. Osasun krisiaren ondorioz administrazio lan guztiak geldituta daudenez, haien paperek eta babesak itxaron egin beharko dute.

Frantzia alertan

Osasun krisiarekin lotutako alarmak duela bi aste piztu ziren Frantzian, non 10.000 hildako eragin dituzten COVID-19 gaitzak eta harekin lotutako osasun arazoek. Berrogeialdia apurka sartu zen indarrean, eta ez ziren Hego Euskal Herrian bezain neurri zorrotzak ezarri, nahiz eta Emmanuel Macron presidenteak, Europako herrialde gehienekin bat eginez, ekonomiari laguntzeko neurriak iragarri.

Paris etxean itxi zen, eta bazirudien, zuzentaraurik ez zegoenez, etxerik gabeak ere behartuko zituztela kanpalekuan geratzera. Geerberrek telefonoz esplikatu du aurreko astean Aubervillierseko kanpalekuko baldintzak «are beldurgarriagoak» bilakatu zirela: «eromena izan zen».

Komun eramangarriek eta dutxek iristeke jarraitzen zuten, eta migratzaileak kanpalekuan itxi zituzten hainbat orduz. Eremutik irteteko modu bakarra zen paper sinatu bat eramatea, Frantziako burokraziak behartzen baitu irteerak horrela erregistratzera, baina ez dago inprimagailu edo boligraforik lokatzetan. «Janaria banatzen zuten erakunde eta boluntarioek joateari utzi zioten, eta tentsio uneak izan ziren, baita polizien eta ekintzaileen arteko liskarrak ere», azaldu du Romane Elineau gizarte langileak.

Huste operazio hau bezalakoak ohiko bilakatu dira Frantziako kaleetan hilabeteak eta urteak daramatzaten migratzaile askorentzat. Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik Europara joandako migratzaileak ugaritu egin dira 2015etik, eta horren lekuko bilakatu da Paris. Harrera zentroak dagoeneko beteta zeudenez, behin-behineko kanpalekuak jarri zituzten, eta berehala hasi ziren horiek husten; lau edo bost astean behin egiten dute, ohitura balitz bezala. «Askotan gertatu da; batzuetan ehun pertsona daude, eta besteetan, mila», adierazi du Guerberrek.

Kalean migratzaile gehien zeudenean hasi ziren komunikabideak haien baldintza txarrez hitz egiten. 2016an izan zen, Calaisko oihanetik —herrialdearen iparraldean— milaka lagun atera zituztenean, eta haiek guztiak hiriburura heldu zirenean. Agintariek elkarri egozten diote erantzukizuna; alkatearen eta estatuaren estrategia izan da pertsona horiek ikusezin bilakatzea, eta gero eta kanporago bidaltzea, kanpin denden argazkiak desagerrarazi arte.

Anne Hidalgo sozialistak, hiriburuko alkateak, —COVID-19aren pandemiak ahalbidetzen duenean berriz hautatuko dute, ustekaberik ez bada— aterpe hiri bilakatu nahi izan zuen Paris, eta «humanitario» izendatu zuen zentro bat eraiki zuen 2016an. Laurehun gizoni harrera egiteko ahalmena zuen, eta hiru eta bost egun artean gera zitezkeen bertan. Tarte horretan erregistroan izena ematen eta prefeturan asiloa eskatzen laguntzen zieten migratzaileei, horiek baitira nazioarteko babesa eta aterpea lortzeko lehen urratsak.

'Dublin sistema'

Ohe eskasiaz gain, Dublin sistema da migratzaile askoren arazo nagusia. Araudi horrek errefuxiatuak derrigortzen ditu heltzen diren Europako lehen herrialdean erregistratu eta asiloa eskatzera, eta gainontzeko herrialdeek datu base hori begira dezakete, migratzaileek prozedura bete dutela bermatu eta, behar izanez gero, deportatzeko. Kontinentera sartzeko portu nagusiak Espainia, Italia eta Grezia izanik, erraza da Frantziarentzat ardurak besteen esku uztea. 2019an erregistratutako 119.700 asilo eskatzaileetatik %25,5 dublindar gisa katalogatuak izan ziren.

Hori da Isaheren kasua. Aubervillierseko kanpalekuaren sakonetik irten da kartoiak bere dendan utzi ostean. 25 urte ditu, eta duela bost irten zen Afganistandik. Iran eta Turkia gurutzatu zituen, eta handik Greziara eta Mazedoniara igaro zen, eta gero Austriara eta Alemaniara. Ia hiru urte egon zen Alemanian, eta han errefuxiatu gune batean eman zioten aterpea, «Frantzian baino bizi baldintza hobeetan», esan du telefonoz, itzultzailearen laguntzarekin. Gero, hegazkin baten keinua egin du eta eskuz kolpatu du airea: Alemaniak Afganistanera deportatu nahi zuen, eta horregatik egin zuen ihes Frantziara.

Istorio antzekoak kontatzen dituzte 26 urteko Jamsihdek eta 23ko Gulajanek ere. Afganiarrak dira biak. «Libiako infernutik ihes egin nuen, bizitza arriskuan jarriz eta itsasoa zeharkatuz, eta Alemaniako agintariek Italiara deportatu nahi izan ninduten», azaldu du Kadar somaliarrak begirada lotsatiz. Horregatik joan ziren Frantziara, Frantziako kaleetara.

Orain, beren historia ezabatzeko duten aukera bakarra da hemezortzi hilabete igarotzea euren kontrola daraman bulegotik pasatu gabe. Urte eta erdi ezkutuan bizi behar dute, laguntzarik gabe, sistemak euren aztarna ezabatu eta berriz hasi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.