Amaia Izko. Altsasuko gazteen abokatua

«Kontakizun puztu bat justifikatzeko lehenetsi da biktimek esandakoa»

Ekainean Altsasuko Auziko epaia jaso zutenetik «konfiantza gutxi» zuen Amaia Izko abokatuak helegitearekin, «berme juridikorik» ez zutelako. Atzo jakin zuten epaia. «Oso txarra» da egindako balorazioa.

Maider Galardi
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Altsasuko Auziko gazteen abokatua da Amaia Izko. Joan den ekainean Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiaren berri eman ondotik, helegitea jarri zuten auzitegi bereko apelazio salan. Epaimahaiak, ordea, ez du aintzat hartu helegitea, eta bere horretan utzi ditu ia zigor guztiak Iñaki Abadi hamar urteko zigorra seira jaitsi diote espetxealdia. Izkoren ustez, «kontakizun artifizial» bati erantzun dio auzitegiak, baina, «justizia eske» segituko dutela dio.

Zein da epaiaz egiten duzuen balorazioa?

Oso txarra. Ez genuen konfiantzarik, Auzitegi Nazionaleko apelazio salan aztertuko zelako helegitea, bermerik ez zuen epaimahai batekin. Baina ikusita guk planteamendu juridiko sendoak eman genituela, eta ikusita hausnarketa sakona eskatu duela, pentsatzen genuen agian kontuan hartuko zutela. Epaia ikusi dugunean ohartu gara ez dela hala izan. Berriro ere, arrazoia eman zaio modu artifizialean sortutako kontakizun bati.

Hain justu, epaiak dio lehenetsi egiten duela biktimen kontakizuna abokatuek mahai gainean jarri dituzuen frogen gainetik.

Halako epai bat emateko, hala behar du izan. Hori da hasieratik gertatu dena. Baina, gure ustez, hasieratik puztu da istorioa, ez datorrena bat ez lekukoek kontatutakoarekin, ez irudiekin, ez eta medikuen txostenekin ere. Kontatzea 50 lagunen artean sekulako jipoi basati bat eman zaiela, eta kasu batzuetan ubeldura bat ere ez izatea, ezin da onartu. Ez da ez objektiboa, ezta logikoa ere. Eta, hala eta guztiz ere, lehenetsi da biktima horien kontakizuna. Hori egin da, handitutako kontakizun hori justifikatzeko. Nahi izan dutelako egitate horiek bestelako dimentsio batean kokatu: dela terrorismoa, dela zio politikoa...

Apelazio salak, ordea, berretsi du ez dagoela terrorismorik.

Prozedura honetan egon garen guztiok: epaileek, abokatuek, akusazioak, biktimek... denok bagenekien ez zela terrorismoa, ez datorrelako bat legeak ezartzen dituen baldintzekin. Mantendu da terrorismoa zela modu artifizial batean, eta horrek baldintzatu du auzia Auzitegi Nazionalean aztertzea eta zigor handiak izatea. Beste modu batera, inola ere ez litzateke gertatuko. Hori izan da jokaldia.

Zertan datza auzipetuei egozten dieten «ideologia diskriminazioagatik larrigarria»?

Larrigarri horiek ez daude zigor kodean sartuta horrelako kasuetarako. Poliziaren bati eraso eginez gero, atentatuaren larrigarria dago, hala esaten du legeak. Ordea, diskriminazio larrigarria talde zapalduak babesteko sortua da, egoera kalteberenetan daudenentzat. Ez inola ere poliziak babesteko. Ikusten dugu nola erabiltzen den zigor kodea estatuaren nahiak gogobetetzeko. Arriskutsua da hori.

Hiru delitu egotzi zizkioten Iñaki Abadi. Orain apelazio salak dio bi egozten dizkiotela. Hamar urteko espetxe zigorra seira jaitsi diote. Positiboa da?

Aurreko sententziak jasotzen zituen delitu batzuk, egitateekin bat ez zetozenak. Eta, jakina, orain esan dute delituetako bat ez dela egia. Edonola ere, azpimarratu nahiko nuke Iñakik hasieratik esan duela ez zuela inolaz ere parte hartu, ondoko tabernan zegoela lanean, eta bere txanda bukatuta ekintzen tokitik pasatu zela. Egotzi zioten bideo bat grabatzea. Bideoak argi uzten du gauzak ez zirela izan kontatzen duten moduan. Beraz, ondorio penala arindu arren, gainontzeko guztiak bere horretan dirau.

Epaia ez da irmoa oraindik, baina behin-behineko espetxealdian segituko dute auzipetuek. Epai honen ostean espero zenuten aske gelditzea?

Zain ginen, ikusteko zein tonutan etorriko zen epaia. Estu etorri izan balitz, logikoena izango litzateke kalera ateratzea, baina termino guztietan mantentzen denez, egoera ez da samurra. Kartzelaldiak bere horretan dirau. Gainera behin-behineko espetxealdia luzatua dute sei urtera kasurik larrienetan; beraz, oraingoz ez dago berritasunik egoera hori aldatzeko.

Zer urrats egingo dituzuen hurrengo?

Bistan da justizia eske segituko dugula. Justiziaren eta proportzionaltasunaren eske. Hori da erabakita daukaguna. Hurrengo urratsa Auzitegi Gorena da.

Bada esperantzarik?

Injustizia honek bere horretan dirau, eta ikusten ari gara argudio juridikoei muzin egiten dietela behin eta berriro. Itxaropena apurka badoa. Hala ere, guk jarraituko dugu. Senideek ere aurrera egingo dute, eta guk ere justiziaren bila segituko dugu edonora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.