Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Aldaketak espero dira Hondarribiko alardean, EAJk alkatetza galduta

Abotsanitz plataformak zazpi zinegotzi lortu ditu, eta helburuen artean du alarde «publiko» bat lortzeko urratsak eginez joatea. EH Bilduk aurreratu du lagun izango duela xede horren bidean

Jaizkibel konpiniaren alardea, Hondarribian, iaz. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
EAJren plaza garrantzitsuetako bat izan da Hondarribia, Gipuzkoan. Hamarraldiak egin dituzte agintean. Aldaketa heldu da, ordea: Abotsanitz herri plataformak zazpi zinegotzi lortu ditu, EH Bilduk aurrez zituen biei eutsi die, eta gobernu aldaketarako bidea eman du orain horrek. Aldaketak, halaber, ikuskera berria eramango du udal gobernura, lehen aldiz, alardearen auziaren inguruan.

Orain dela 26 urte sortua da gatazka, andreek lehen aldiz herriko desfilean parte hartzeko eskea egin zutenetik, hain zuzen ere, baina jeltzaleek inoiz ez dute herrian aldarri parekidea babestera egin. Abotsanitz bera alardeen auziaren ertz ugarien erakusgarri da: ezker abertzalean gaiaren inguruan zeuden desadostasunek eragina izan zuten 2015ean taldea sortzeko urratsetan. Baina, EAJk ez bezala, ez dute inoiz arbuiatu hautu parekidea. Igor Enparan izan da boz hauetan alkategaia. Hiru zinegotzitik zazpira igaroko da plataforma. EAJk jaitsiera agerikoa izan du: bederatzi zinegotzitik zazpira.

Udalaren orain arteko «egiteko moduekin» desadostasuna usu azaldu du Abotsanitzek, eta aldaketa nahi du. «Aldebakartasunez» hartutako erabakiak maizegi ikusi dituztela deitoratu du Enparanek.

Alardearen auzia Abotsanitz sortzeko «tantetako» bat izan zela onartu du alkategaiak. Ordutik, «elkarrizketaren» eta «adostasunaren» aldeko mezuak ozentzen ahalegindu dira. Horra keinu bat; Abotsanitzeko zinegotziek alardea egiten denean, irailaren 8an, harrera egiten diete Alarde fundazioak antolatzen duen desfileari, parekidea ez bada ere, eta herriko konpainia parekide bakarrari, Jaizkibeli. EAJko alkateek soilik desfile baztertzaileari egin diote beti oles. Jaizkibel konpainiako kideek maiz adierazi dute, halaber, aterik ez diela ireki udalak, eta aurrera egiteko biderik ere ez diela erraztu inoiz.

Udalaren jarrera hertsia ez da izan Jaizkibelen kontra bakarrik. Guztion Alardea elkarteak egin dizkion eskeen aurrean ere uzkur jokatu du. Elkarte hori alarde baztertzailean parte hartzen duen jendeak eratu zuen, eta iazko uztailean 64 andrek eske zuzena egin zuten: alardean parte hartu nahi zuten. Alarde baztertzailearen antolatzaileek ez zuten aintzat hartu eskea; udalak ere ez.

Alardearen auziaren konponbidea lortze aldera, zuhur mintzo da Enparan. «Aurtengo alardean nekez ikusi ahal izango den aldaketa handirik». Alardea ororen gainetik festa bat dela gogoratu du, herria «kohesionatzeko» bide bat dela, eta «ekaitzik» sortu gabe irudikatu behar dela, ahal dela, konponbiderako ildoa. «Ibilbide bat egin beharko da; horren lanketan buru-belarri ibiliko gara». Oraindik desfile mistoaren kontrakoek eragin handia dute herrian, erabaki ahalmena ere bai, eta aldaketa ez da erraza izango, baina alkatetza aldatze hutsarekin izango dira soluzioan lagun dezaketen keinu esanguratsuak. Aurten, esaterako, lehen aldiz jasoko du Jaizkibel konpainiak herriko alkatearen olesa.

Harreman joriak bi aldeekin

Desfile bien antolatzaileekin harreman joriak dituztela esan du alkategaiak, eta «naturaltasunez» jarraitu nahi dutela horiek lantzen. Konponbidean lagun dezaketen tresnen artean egon daiteke EH Bilduk orain aste batzuk alardearen antolaketa berriro udalak bere gain hartzeko aurkeztutako arautegi berria. Enparanek ez daki zer erabilera eman dakiokeen, baina baliagarria izan dadin, uste du ezingo dela inoiz «aldebakarrekoa» izan, eta «eragileekin» batera partekatu beharko dela. Aurrera egiteko zer bide duten irmo azaldu du, halaber: «Elkarrizketa».

Zerumuga zer duten ez du ezkutatzen: «Guk sinesten dugu alarde publiko eta bakar batean». Eta parekidea? «Guri hala gustatuko litzaiguke». Horretara heltzeko, ordea, argi du «akordioaren» alde egin behar dela. «Ausardia» beharko dutela onartu du, baina «kontu» pixka batekin ibili beharko dutela ezinbestean. Ahalegin hutsean ez geratzeko: «Ohore bat litzateke agintaldi honetan alardearen gatazka konpontzea». Helmugara heldu nahi dute, «garaile eta garaituen arteko dikotomia» gaindituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.