Koronabirusa munduan

Itxialdiaren aurkako protestak

Munduko herrialde gehienek konfinamendua ezarri dute birusaren hedatzea eteteko. Ordea, herritar guztiak ez dira ados agertu neurriekin, eta manifestazioak egin dituzte. Oro har, eskuinekoak dira horien antolatzaileak. Itzulera bultzatzen dute.

Kalifornian eginiko protesta bat. ETIENNE LAURENT / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Munduko herrialde ia guztiek, neurri zorrotz edo malguagoak ezarrita bada ere, estrategia bera erabili dute kutsatzeak hesitzeko: itxialdia. Zalantzarik ez da konfinamenduak koronabirusaren transmisio erritmoa moteltzen lagundu duela, baina, aldi berean, ondorioak ere eragin ditu gizartean: ekonomikoak eta sozialak. Modu horretan, herritar guztiak ez dira ados agertu mugikortasuna mugatu eta ekonomia jarduera oro etetearekin, eta hainbat estatutan kaleak hartu dituzte neurrien aurkako protestak egiteko.

Hain zuzen, AEB Ameriketako Estatu Batuetan izan dira itxialdiaren kontrako manifestazio gehien. Han, apirilaren erdialdean hasi ziren protestak, herrialdeko hainbat eremutan, eta oraindik ere aktibo jarraitzen dute. Estatuen irekiera babesten dute protestariek, jendea lanera itzultzea, ekonomia berraktibatzea eta herritarrak «aske uztea», birusaren mehatxua ez dela horren larria iritzita —AEBetan erregistratu dituzte kasu positibo eta hildako gehien—. Nagusiki, ekintzaile kontserbadoreak eta eskuinekoak dira manifestazio horien antolatzaileak.

Horiek horrela, joan den ostegunean egin zuten azken protesta esanguratsuenetariko bat, Michiganen. AEBetako estatu hori da koronabirusak gehien jo dituenetariko bat, eta, horren ondorioz, neurri zorrotzak ezarri dituzte bertan. Ostegunean, konfinamendua beste 28 egunez luzatzeko proposamenaren eztabaida egin zuten Lansing hiriburuko kapitolioan, eta, bitartean, herritar ugari kanpoaldean bildu ziren protesta egiteko, gomendatutako urruntze fisikoa errespetatu gabe. Manifestari talde bat kapitolio barrura ere sartu zen —horietako batzuk armatuta—. Azkenean, ganberak alarma egoera ez luzatzea erabaki zuen; errepublikanoek gehiengoa dute bertan, baina Gretchen Whitmer gobernadore demokratak proposamena onartzeko agindu exekutibo bat sinatu zuen ondoren.

Michigan Batua Askatasunaren Alde taldea antolatu zuen protesta, eta bertako kideek konfinamendua amaitzea eskatzen dute: «Ez gaude ados eta ez dugu onartzen gure eskubide besterenezinak ezein arrazoirengatik murriztuak edo hutsalduak izatea, COVID-19ak eragindako pandemiarengatik ere ez». Haien ustez, herritar orok eskubidea du «familia mantentzeko» lan egiteko, askatasunez bidaiatzeko eta gurtzeko eta beste helburu batzuetarako biltzeko.

Halaber, protestan Donald Trump AEBetako presidentearen aldeko kartelak erakutsi zituzten. Hain zuzen, manifestarien alde egin zuen estatuburuak, eta Whitmerren jokabidea kritikatu: «Michigango gobernadoreak apur bat baretu beharko luke, eta sua itzali. Pertsona onak dira, baina haserre daude. Euren ohiko bizitzetara itzuli nahi dute, modu seguru batean. Ikus itzazu, hitz egin haiekin eta akordio bat egin», idatzi zuen bere Twitterreko kontuan.

Itxialdia arintzeko presioak haziz doaz astetik astera, eta mugimenduaren eta ekintzen berri emateko webguneak ere jarri dituzte martxan: Estatuak Ireki da horietako bat. Estatuen Konbentzioak erakundeak sortutako domeinu bat da, eta agintariek ezarritako neurriak ez direla beharrezkoak iritzi dute. «Amerikar herriaren askatasuna zapaldu beharrean, Wuhango birusaren hedapena geldiarazteko eta gure ekonomia berriro martxan jartzeko zentzuzko neurriak hartzeko ahalmena eman beharko ligukete herritarroi». Hala, uste dute gobernadoreek estatubatuarrak arduraz jokatzera bultzatu beharko lituzketela, norbanakoen «askatasuna» urratzen duten neurriak hartu gabe.

Trumpek Amerika berriro irekitzen plana aurkeztearekin batera, gobernadoreen esku utzi zuen berrogeialdia noiz amaitu erabakitzeko eskumena. Horrek, hauteskunde urtea izanik, bere burua babesteko ere balio dio, aurrerago kutsatu kopuruak berriz ere gora egingo balu gobernadoreena izango litzatekeelako erantzukizuna. Testuinguru horretan, jarduera ekonomikoaren itzuleraren alde agertu da estatuburua, eta behin eta berriz babestu ditu itxialdiaren kontrako manifestarien eskariak.

Horrela, dagoeneko AEBetako estatu gehienetan egin dituzte konfinamenduaren kontrako protestak. Horien artean daude, Kalifornia, Colorado, Indiana, Kentucky, Ohio, Pennsylvania, Oregon, Texas eta Washington.

Halere, ezagutarazi dituzten inkesten arabera, estatubatuar gehienek itxialdia babesten dute, birusaren hedatzea eteteko neurri eraginkorrena dela sinetsita.

Era berean, estatu batzuetan hasiak dira neurriak arindu eta ekonomia berriro martxan jartzen. Coloradon, esaterako.

Lurralde batetik bestera aldeak daude, eta egoera nahiko desberdina da. Horren ondorioz, ez dirudi koordinazio federala egongo denik itzulera prozesuan. Neurriak laxatzen hasi direnen kasuan, tentuz jokatzeko beharra azpimarratu zuen Anthony Fauci Gaixotasun Infekziosoen Institutu Nazionaleko zuzendariak: «Estatuak presaka dabiltza jarduerari berrekiteko, eta arrisku handiak hartzen ari dira».

AEBetan bezala, Ameriketako beste herrialde batzuetan ere egin dituzte itxialdiaren aurkako protestak. Brasilen, adibidez. Han Jair Bolsonaro presidenteak adoretuak izan dira; kasu honetan, babestu soilik ez, estatuburuak berak ere hartu du parte ekitaldietan.

Hasieratik agertu da Bolsonaro konfinamenduaren aurka —nahiz eta kutsatzeak murrizteko itxialdia ezarri duten gobernadore gehienek—, eta herritarrak lanean jarraitzera bultzatu ditu. Azaldu izan du birusaren aurka hartutako neurriak ezin direla «gaixotasuna bera baino okerragoak izan», ekonomia lehenetsiz eta osasunaren aurretik jarriz.

Hain justu, igandean eman zuen konfinamenduaren aurkako azken diskurtsoa, Brasilian, ehunka jarraitzaileren aurrean. Bide batez, gobernadoreen aritzeko modua salatu zuen: «Haietako batzuek enpleguak suntsitzea arduragabea eta onartezina da. Garesti ordainduko dugu etorkizunean». Saioan «ekintza militarra» galdegin zuen manifestari talde batek; Bolsonaro bera ere horren aldekoa da.

Protesta gehiago

Malawin ere izan dira konfinamenduaren aurkako protestak. Hango egoera, baina, konplexuagoa da. Izan ere, berrogeialdia arbuiatzearekin batera, kexatu dira gobernuak ez duelako ekonomiak jasango duen kolpea leuntzeko babesik bermatu.

Era horretan, Malawiko Auzitegi Gorenak bi aldiz blokeatu du konfinamendua ezarri ahal izatea, eta epaiak indarrean jarraituko duela ziurtatu du babes neurri horiek hartu arte.

Horiek horrela, azken egunotan merkatari informalek hainbat protesta egin dituzte herrialdeko hainbat hiritan, eta horietan, geldialdiaren aurkako mezu irmoak zeramatzaten kartelak erakutsi zituzten. Hala nola «Konfinamendua koronabirusa baino toxikoagoa da» eta «Nahiago dugu koronabirusak jota hil, goseak baino».

Bestalde, Alemanian ere izan dira konfinamenduaren aurkako mugimenduak. Hain zuzen, asteak daramatzate Berlinen eta Stuttgarten larunbatero elkartzen. Poliziak esku hartu du horietan, eta hainbat lagun atxilotu dituzte jada.

Alemaniako hiriburuan, ohi bezala, joan den larunbatean egin zuten azken elkarretaratzea. Agintariek azaldu zutenez, 300 lagun inguru elkartu ziren Rosa Luxemburg plazan, neurrien aurka altxatzeko. Apirilaren 25ean berriz, mila pertsona inguru bildu zirela jakinarazi zuten. Horietan parte hartu dute, besteak beste, eskuineko populistek, AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdiko politikariek eta teoria konspiratiboen defendatzaileek.

Halaber, Alemanian hainbat tirabira egon dira manifestatzeko eskubidea urratzen ari direlakoan. Egun, ekintza publikoetan ezin dira 50 pertsona baino gehiago bildu, eta beharrezkoa da hori egiteko baimena eskatzea. Aurretik, ordea, debekatuta zegoen bi pertsona baino gehiago biltzea. Horiek horrela, apirilaren erdialdean Giessen herriko aktibista talde batek protesta bat antolatu zuen, baina ez zuen hori egiteko onespena jaso. «Demokraziaren aldeko» ekintzaileen asmoa 30 pertsona inguru elkartzea zen, elkarren arteko distantzia errespetatzeko lurrean seinaleak marraztuta. Zabaldu nahi zuten leloa, berriz, honako hau zen: «Osasuna indartu oinarrizko eskubideak ahuldu beharrean. Birusaren aurkako babesa, ez pertsonen kontrakoa».

Ekintzaileek blokeo neurriek biltzeko eskubidea urratzen dutela salatu zuten, eta debekua gaitzesteko demanda bat aurkeztu zuten Alemaniako Auzitegi Konstituzionalean. Haien aldeakoa izan zen epaia, eta, irizpenak jasotzen duenez, posible da manifestatzea urruntze fisikoa errespetatzen den bitartean.

Horrez gainera, Herbehereetan, Nigerren eta Indian ere izan dira COVID-19aren neurrien aurkako manifestazioak. Beste herrialde batzuetan, berriz, ez dira ari zuzenean konfinamenduaren aurka protesta egiten, baina bai horrek dakartzan ondorioen aurrean gobernuak inolako laguntzarik bermatu ez izanaren kontra. Hori da, esaterako, Kolonbiaren eta Boliviaren kasua: «Gose gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.