Miren Basaras Ibarzabal.
PENTSALDIAN

Birulentzia berdina da

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Birulentzia edozein mikrobiok gaixotasun baten kasu larriak edo hilkorrak emateko duen gaitasuna da, eta SARS-CoV-2 birusa ezaguna denetik ezinbesteko galdera batek kezka ematen du: birusa konstante mantenduko da edo mutatzen joango da bere kaltegarritasun hori handituz? Azken egunetan berri ezberdinak irakurri eta entzun izan dira honi buruz.

Pandemia hasi zenetik, pandemiaren gailurreko asteetan milaka kutsatu zeuden, baina ospitaleetara oso larriak ailegatzen ziren eta horiek ziren benetan diagnostikatu egitenzirenak, beste kasu guztiak detektatu gabe. Olatu hori gutxitzen doan heinean, gure herrialdean kasu gutxiago atzematen dira eta badirudi ere horiek gaixotasun arinagoa dutela. Baina hori horrela al da?

Arrazoi ezberdinak egon daitezke «arintasun» horretan. Alde batetik, olatu epidemikoaren bilakaeragatik, hasieran kasuen ugaritzea dago eta ondoren gutxitzen doaz osasun arretaren eta kontrol neurrien ondorioz (berrogeialdiak, konfinamendua, higiene eta distantzia fisiko handiagoa). Bestetik, hasieran biztanleria ahulenari eragin diolako eta orain babestuago omen dago.

Beste arrazoi bat da, egun, diagnostikatzen diren kasuak ez direla bakarrik larrienak, horiekin batera arinak eta asintomatiko batzuk ere atzematen ari baikara. Bestalde, horietariko kasu batzuk ospitaletara ailegatzen dira eta bertara ere arinago ailegatzen direnez, gaixotasunaren konplikazioak ez dira hain larriak. Gainera, une honetan diagnostikoa sintomak dituen edozeini egiten zaionez, kasu positiboen adina gutxitu egin da eta askotan zenbat eta gazteagoa izan, birus honek sorrarazten duen gaixotasuna arinagoa da, konplikazio askorik eman gabe eta, beraz, ospitalizazioa behar izan gabe. Hala eta guztiz, gerta liteke ospitalizazioa adin tarte guztietan behar izatea.

Izan ere, heriotza-tasaren eta koadro larrien ehunekoa detektatutako kasuen kopuruaren araberakoa da. Zenbat eta kasu gehiago hauteman (arinak eta asintomatikoak barne), orduan eta txikiagoa da heriotza-tasa eta infekzio larrien ehunekoa.

Beste kontu bat da birusak mutatu duen Txinan detektatu zenetik hona. Oro har, RNA genoma bezala duten birusak DNA genoma dutenak baino askoz ere mutakorragoak dira. Hori ikusten da, esate baterako, gripearen birusean edo giza immunoeskasiaren birusean. Koronabirusak, aldiz, nahiz eta hipotetikoki aldakorrak izan litezkeen, ez dira asko aldatzen, beraiek duten entzima bat gai delako aldaketa horiek zuzentzeko. Baina Floridan (AEB) egindako ikerketa batean ikusi egin dute birusak mutazio bat pairatu duela, D164G izenekoa. Ikertzaileek diote mutazio horri esker birusa kutsakorragoa dela, birusak kanpoaldean dituen espikulak gure gorputzeko zeluletara lotzeko malguagoak bihurtzen direlako eta horrela birusa egonkorragoa bihurtzen da. Mutazio hau Txinatik sortutako birusean ez zen aurkitzen, baina behin agertuta, hedatzen doa: martxoan lau laginetik batean agertzen zen, eta maiatzean laginen hamarretik zazpitan. Azken finean, denborarekin presioa hobeto jasaten ikasi du birusak.

Beraz, birusak duen birulentzia berdina da, eta gaixotasunaren «arintasuna», guztiz erlatiboa eta zuhurtziaz hartu beharreko kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.