Enrique Mugika Herzog

Urrunketaren aita ere bai

Herenegun gauean zendu zen Enrique Mugika Herzog, PSOEko kide historikoa eta Fernando Mugika Herzogen anaia. Euskal presoen urruntze politika abiatu zuen, Espainiako Justizia ministro zela.

JAVIER ETXEZARRETA/EFE.
martxelo otamendi
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusak hil zuen herenegun Enrique Mugika Herzog,88 urterekin; azken mende erdian PSOEk eduki duen buruzagirik nabarmenetako bat izan zen. Donostian jaio zen, eta 14 urterekin ohartu zen jatorri juduko familia bateko kidea zela. Krakovian (Polonia) jaiotako aitona-amonak zituen, eta askotan ikusten zituen aitona eta ama berak ulertzen ez zuen hizkuntza batean hitz egiten. Poloniera zelakoan, halako batean jakin zuen yiddisha zela bere etxeko helduek zerabilten hizkuntza, etxeko txikienek zertaz ari ziren hizketan jakin ez zezaten ere baliatzen zutena. 1996ko otsailean, ETAk Fernando anaia hil zuen Donostian, PSOEko, PPko eta UPNko buruzagi politikoen aurkako kanpainan.

Mugikak bultzatuta hasi zituen Espainiak harreman diplomatikoak Israelgo Estuarekin. Mugikak Euskal Herrian horrenbeste borrokatu zuen terrorismoaren ondorioz sortu zuten 1948an Israelgo Estatua. Osaketa hori ezin da ulertu Israelgo talde terroristen esku hartzerik gabe: 1946an, Eztel talde armatuak King David hotel britainiarra suntsitu zuen Jerusalemen, britainiarren agintaritza politiko eta militarraren egoitza nagusia zena; 91 hildako izan ziren. Atentatu horrek azkartu egin zuen britainiarren irteera lur haietatik, eta, ondorio zuzenez, Israelgo Estatua sortzea. Eztel, Irgun, Leji ziren erakunde terrorista haiek, besteak beste. Moshe Dayan, Mejamen Beguin, Golda Meir... Israelgo Estatu berriaren ardura gorenak eduki zituzten buruzagi politiko haiek, eta beste asko, talde terroristetako buruzagi izan ziren.

Espainiak ez zuen urte askotan ofizialki onartu Israelgo Estatua, 1948an sortu zenetik. Franco diktadoreak «nazioarteko konspirazio judu-masoniko-komunistagatik». Baina ezta demokrazia garaiko lehen bi presidenteek ere, Adolfo Suarezek eta Leopoldo Calvo Sotelok. 1982an gobernura iritsi zen Felipe Gonzalezen taldeak onartu zuen Israelgo Estatua, palestinarren atsekaberako. 1986ko urtarrila zen. Enrique Mugikak betea ikusi zuen bere ametsa. Gonzalezek ez zuen izendatu, espero zitekeenez, Espainiako enbaxadore Israelen. Justizia ministro izendatu zuen Mugika 1988an, euskal presoen zoritxarrerako.

Mugika Justizia Ministeriora iritsi zenean, euskal preso gehienak Madrilgo hiru kartzelatan zeuden bilduta: Alcala Meco, Herrera eta Carabanchel. Espainiako Gobernuak abiatua zeukan birgizarteratze politika: alegia, ETArengandik urruntzeko prest zeuden presoek espetxe onurak edukiko zituzten, eta kalera ateratzeko aukera zigorra bete baino lehenago. Bi kartzela horietako presoen kolektiboan esku gogorrez agindu eta proposamen horren aurka zeuden presoek beste presoei gobernuaren eskaintzaren aldeko erabakia nahiko askatasunez hartzen uzten ez zietela argudiatuta, presoak urruntzeko politika abiatu zuen Mugikak. 1987an eta 1988an aurreneko mugimendu bakanagoak, eta erabat orokortuta 1989ko maiatzetik aurrera.

Espainiako Gobernuaren asmoari muzin egin zioten presoak urrutiko presondegietara bidaltzen hasi ziren, Espainiako hegoaldeko, Ceutako, Melillako eta Kanarietakoetara. Mugikak argudiatu zuen «inposizio» hura konpon zitekeela preso «inposatzaileak» eta besteak sakabanatuta; kartzela berean modulu eta ordutegi desberdinetan. Edo batzuk kartzela batean, eta besteak besteetan; ez, derrigorrez, etxetik urrun. Urrunketak berekin zeraman zigorraren alde egin zuen Mugikak. Urrunketa erabaki politikoa izan zen, ez judiziala, urrunketa ez baitago ez Zigor Kodean ez auzitegietako sententzietan ere. Zigorra presoarentzat, eta senide, abokatu eta lagunentzat. Bidaia luzeetan hildakoak dira politika horren argazkia. Denborak esango du inhumanoa izateaz gain delitua ere izan ote zen. Mugikak behin baino gehiagotan esan zuenez, EAJren laguntzarekin eta babes «oparoarekin».

Lleidako bazkaria

Lleidan (Herrialde Katalanak) egindako bazkari konspiratiboa da Mugikari beti itzala egingo dion gertakizuna. Hainbat buruzagi politikok probintzia horretako gobernadore militar Alfonso Armada jeneralarekin egin zuten bazkaria, erabat argitu gabe dauden arrazoiengatik. Hala ere, historialari askoren artean badago nahiko kontsentsu esateko buruzagi politiko haiek tenperatura hartu ziotela bazkari hartan Armada jeneralari kontzentrazio gobernu bat osatzeko, bera buru, Espainiako erregeak Aldolfo Suarez kargugabetu eta gero. ETAk orduan paretaren kontra zeukan estatua —urtean ia ehun pertsona hiltzen zituen—, eta sendotasuna erakutsiko zuen gobernu bat behar zen Espainian.

Mugikaren inguruak beti esan du bazkari haren helburu bakarra izan zela orduan parlamentuko Defentsa batzordeburu zenak, Mugika berak, Lleidako gobernadore militar izendatu berria ezagutzea. Bazkari hori izan eta lau hilabetetara, 1981eko otsailaren 23ko (ustezko) estatu kolpearen buruzagietako bat izan zen Armada jenerala. Bere proposamena: negoziazioetan izan ziren alderdi nagusietako zibilez osatutako gobernu baten burua izatea. Urte berean egindako epaiketan, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta handik bost urtera Felipe Gonzalezen gobernuak indultua eman zion, osasun arrazoiak eta Espainiako Konstituzioa onartu zuela argudiatuz.

Mugika oso kritiko izan zen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin, bi auzitan bereziki: Kataluniako autonomia estatutu berriarekin, eta ETArekin izandako negoziazioarekin. Mugika Espainiako ararteko izendatu zuten 2000n, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen Kataluniak 2006an onartu zuen estatutu berria. Historiara pasatuko da PPk eraman zuela estatutu hori Konstituzionalera, baina komeni da ez ahaztea Mugikak ere eraman zuela, arartekoa zela, kargu horretarako izendatu zuten arte bere alderdiaren iritziaren aurka.

2011n bukatu zuen ETAk jardun armatua. Euskal presoek urrunduta segitzen dute, Mugikak urrundu zituenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.