NORBERE KARTZELATIK ATERATZEKO

Maiana Bidegain Baionako dokumental egileak justizia errestauratiboa praktikan jarri zuen 2017an: txikitan eraso egin zion gizonarekin hitz egiteko elkartu, eta dokumental batean bildu zuen esperientzia. Erasoa gainditzeko barne prozesuan lagundu dio erasotzailearekin hitz egin izanak.

Bidegain eta erasotzailea eskua emanda, dokumentalean. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Umea zela, gizonezkobatek sexu eraso bat egin zion Maiana Bidegaini (Baiona, 1977). Erasotzailea epaitu egin zuten, eta espetxe zigorra bete zuen. «Epaiketa izan zenez, kondena bat egon zenez, niretzat kasua konpondua zegoen, eta sekula ez nion nire buruari baimena eman biktima izateko». Ondorioak bizitza osoan pairatu ditu, ordea: «Nire eraikuntza, pertsona gisa, bizi izan nuenarekin oso lotua dago». 2013an, «kasualitatez», erasotzailearen izena identifikatu zuen prentsako artikulu batean: bertze epaiketa bat zuen, adingabeen aurkako eraso sexualengatik, berriro. «Artikulu hori irakurri nuenean, nire mundua gain behera etorri zen. Nik beti pentsatu izan nuen: 'Gizon honek mina egin zidan, baina kartzelara joan zen, eta sekula ez du halakorik berriro eginen'. Ekintza berengatik berriro epaiketa bat zuela ikusterakoan, pentsatu nuen mundua ez zebilela ongi».

Justizia errestauratiboaz aurrez entzuna zuen zerbait, bere aitari buruz urte batzuk lehenago egindako Secretos de Lucha dokumentalean justizia mota hori martxan jarri baitzuen Bidegainek berak, oharkabe. Uruguaiko diktaduran torturatu egin zuten Bidegainen aita, Jean Paul, eta, dokumental hartan, haren torturatzailearekin elkartu zuen Maianak aita, zeharka. «Film horren barnean sekuentzia bat agertzen da non telefonoz hitz egiten dudan nire aita torturatu zuen militarretako batekin. Elkarrizketa hura aitari entzunarazi nion, eta, hori filmatu, eta dokumentalean txertatu genuen. Sekuentzia azkar bat da, bitartekari gisa aritu bainintzen aitaren eta bere torturatzailearen artean». Bertze justizia mota bat ari ziren martxan jartzen, nahi gabe: «Nik orduan ez nekien, baina justizia errestauratiboaren barnean erabil daitekeen tresnetako bat da». 2008a zen orduan, eta interesa piztu zuen filmak: Robert Cario kriminologia irakaslea Bidegainekin harremanetan jarri zen bere aitarekin batera foro batean parte har zezala eskatzeko. IFJR justizia errestauratiboko Frantziako institutuko presidente eta sortzaile da gaur egun Cario, baina orduan oraindik ez zen halako erakunderik: «Justizia errestauratiboa Frantziako legearen barnean txertatzeko borrokan ari zen Cario».

Tresna ezagutzen hasi arren, Bidegainek ez zuen uste berak jasandako erasoaren mina sendatzeko erabiltzen ahalko zuenik, bere txikitako erasotzailea ez baitzen bere ingurune hurbileko norbait: «Epaitu zuten, kartzelatik pasatua zen, baina ez nuen uste sekula berriro gure bizitzak gurutzatuko zirenik». 2013an irakurritako artikulu horrekin deliberatu zuen urratsa ematea. «Galdera anitz nituen, eta erantzunak behar nituen. Erabaki nuen modu batera edo bertzera atzemanen nuela, eta azalduko niola haren ekintzak zer ondorio izan zituen ene bizitzan».

2014an hasi zen lanean Frantziako justizia errestauratiboaren erakundea, zeharkako topaketa batzuekin lehenik: delitu batzuen biktimak eta erasotzaileak elkartu zituzten hasieran, baina harreman zuzenik ez zutenak. Taldekako elkarketak ere egiten zituzten: «Adibidez, hiru biktima hiru erasotzailerekin, eta hainbat alditan elkartuta». Bidegain izan zen zuzeneko bitartekaritza zerbitzua erabiltzen lehena: alegia, berari eraso egin zionarekin elkartu zen lehena. 2017an egin zuen: «Urte batzuk itxaron behar izan nituen legea onartu eta bitartekaritzak hasi arte». Euskal Herrian halako kasu baterako ofizialki justizia errestauratiboa erabili duen lehendabiziko pertsona da Bidegain. Izan ere, Hego Euskal Herrian justizia errestauratiboa erabil daiteke, baina delitu arinagoetarako soilik: ez genero indarkeria kasuetan, ezta umeen aurkako sexu abusuen kasuetan ere. Euskal Herriko gatazka politikoaren biktimak elkartu izan direnetan ere, euren ekimen propioz egin dituzte topaketak, babes juridikorik gabe.

Gertatua ulertzea

Bizi izandako esperientzia iaz argitaraturiko Rencontre avec mon agresseur (Topaketa nire erasotzailearekin) dokumentalean bildu zuen Bidegainek Arte telebista katearen webgunean ikus daiteke egun, Ipar Euskal Herritik sartuz gero. Bere erasotzailearekin elkartu aurretik eta ondoren bizi izandakoak kontatzen ditu dokumentalean, senideekin eta mutil lagunarekin hitz egindakoak, kezkak. Quebecen bertze biktima eta erasotzaile batzuekin izandako trukeak ere agertzen dira, baita bere erasotzailearekin elkartzen deneko elkarrizketaren pasarteak ere.

Zalantzaz beterikoa izan da bidea, garapen bat izan duena Bidegainen baitan, era berean. «Hasieran ez nekien topaketa hori posible izanen ote zen, ados egonen ote zen parte hartzeko». Izan ere, justizia errestauratiboaren nahitaezko ezaugarri bat da bi aldeek izan behar dutela elkartzeko prestutasuna: «Biek onartu behar dute gertatu zena gertatu zela eta zein izan zen bakoitzaren papera horren barnean». Azaldu du ez dela hain erraza: «Badaude biktimak beti ukatuko dutenak biktima izan direla, eta erasotzaileak ukatuko dutenak hala izan direla». Eta, aldeek hala direnik onartu gabe, ezin prozesua hasi.

Umetan gertatu zitzaiona ulertzeko premiaz jo zuen topaketara Bidegainek. «Prestakuntza osoan zehar, zailtasun handi bat nuen: erantzunak nahi nituen. Banekien zer galdetu nahi nion: ulertu egin nahi nuen; ulertzen saiatu. Nola gerta daiteke eraso bat? Neskatila bat parean suertatzen zaiolako nola etortzen zaio burura mutil bati bat-batean umea etxera eraman eta harekin nahi duena egiteko ideia? Zerk egiten du norbaiten buruan bertze norbait objektu bihurtzeko halako bulkada bat sortzea? Nola sor daiteke hori gizaki baten barnean?». Hori guztia ulertu nahi zuen, eta, batez ere, jakin nahi zuen ea bilakaerarik izan zuen erasotzaileak. «Zeren eta irudikatzen bainuen espetxe urteekin-eta zerbait ulertu beharko zukeela. Eta, hala bazen, zergatik zeukan berriro epaiketa? Zergatik egin zuen berriro?». Bide osoan zehar IFJRko bitartekaria izan dute bidelagun hala Bidegainek nola haren erasotzaileak: «Elkarrizketa biktimaren eta erasotzailearen artean egiten da, baina bitartekaria hor dago bermatzeko ez diola ez batak ez bertzeak minik emanen parean duenari». Aurreprestaketa luze bat egiten da bitartekariarekin, lehenik: «Aurreikusteko nola gerta daitekeen topaketa, nola erreakziona dezakeen bakoitzak, nola atzeman tresnak oreka ez galtzeko elkarrizketetan... Bitartekariak beti galdetzen dizu zer galdetuko diozun bertzeari eta zer gertatuko den gustatzen ez zaizun zerbait erantzuten badizu». Dokumentalean agertzen denez, modu pausatuan mintzo zaio Bidegain erasotzaileari. «Kontrol handia jarri nion neure buruari, ez bainuen lehertu nahi: ez nuen negarrez hasi nahi». Baina bertzelako moduak ere zilegiak direla uste du. «Ez dute denek nik bezala erreakzionatzen: batzuek nik baino indartsuago adierazten dituzte seriotasuna edo herra, eta, nahi banu, eskubidea nuen nik ere hala egiteko. Norberak egiten du beretzat onena den moduan».

Erantzun batzuk lortu ditu Bidegainek topaketari esker; bertze batzuk, ez. Baina balio izan dio «barne bake bat» lortzeko. «Prozesuaren bukaeran oso nekatua nengoen, baina enetzat orriari buelta ematea bezalakoa izan zen: nire buruarekiko pertzepzioan, hazi egin nintzen». Erasotzaileari erran zion ez zuela harreman gehiago izan nahi berarekin. «Ados zegoela erran zidan: hori funtsezkoa da. Eta hark ere adierazi zidan zein gaizki sentitu zen konturatu zenean zer egin zuen eta ikusi zuenean horrek ondorioak izan zitzakeela nire bizitzan».

Biktima izatearen kontzientzia ere berreskuratu du bidean: «Bertze biktima eta erasotzaile batzuekin elkartzean ohartu nintzen barne lan batetik ere pasatu behar nuela, eta agian nik ez nuela egin. Ez nuen sentitzen biktima bat nintzenik: sentitzen nuen ezin nintzela kexatu, justizia eduki nuelako». Epaiketa judiziala izan zuelako, alegia. «Baina prozesuaren barnean ikusi nuen onartu nahi nuen baino askoz ondorio gehiago ekar ditzakeela halako eraso batek norbaiten bizitzan». Estereotipoak galarazten zion bere burua biktima gisa izendatzea. «Ukatu nahi nuen biktima izatea, ahultasun baten gisan ikusten nuelako. Baina ez da hala: orain daukadan indarrak hortik abiatu ditu sustraiak, eta horregatik utzi behar nion biktima izendapenari uko egiteari. Hori prozesuari esker ulertu nuen».

Indartuta atera zen topaketatik, ahaldunduta. «Ikusi nuen erasotzaileak ez zuela jada inolako botererik nire bizitzaren gainean. Eskertu nion nireganako bide hori egin izana, bitartekaritza errestauratiboarena, baina adierazi nion hortik aurrera pertsona bakar batek izanen zuela nire bizitzaren gaineko boterea: nik». Zehaztu du ez zela inola ere joan barkamen eske. «Eta ez zen nik nahi nuen zerbait, dena den, zeren eta ekintza hura ez baitut sekula barkatuko. Eraso hori, niretzat, ezin da barkatu. Baina ikusi nuen gizon bat bertze gauza batzuk egin zitzakeena erasoaz gaindi, eta gizartean modu positiboan parte har zezakeen pertsona bat». Haren ustez, erasotzaile bat birgizarteratzeko, funtsezko pausoa.

Justiziaren grisak

Justizia sistemaren ohiko bideek ematen ez duten bertze aukera bat eskaintzen du justizia errestauratiboak, Bidegainen ustez. «Ulertzea zer den gizaki bat, bere osoan: bere zuri, bere gris eta bere beltzean. Justizia penal normala antagonista soila da: zuriak eta beltzak sortzen ditu. Eta epaiketa prozesuan gertaera bat kondenatzen da ala ez, baina ez du aukerarik ematen ulertzeko nola gertatu zen, zergatik gertatu zen...». Laguntza «elkarrekikoa» dela uste du: «Galdera horiek oso garrantzitsuak dira biktimentzat, baina erasotzaileentzat ere bai. Zeren eta erasotzaileek aukerarik ez badute ulertzeko zer gertatu zen eta gertaera horiek biktimen bizitzetan zer ondorio dituzten, ezin baitute aurrera egin. Zoritxarrez, epaiketetan hori ezin da gertatu, epaiaren pisua dagoelako». Bertze modu bateko justizia bat dakar justizia errestauratiboak. Bidegainen ustez, eraikitzaileagoa: «Elkarrizketa hori egin ahal izateak uste dut benetan eraikitzeko eta berreraikitzeko modua ematen duela». Hainbat ikerketak erakutsi dute, gainera, erasotzaileek delitu bera berriz egiteko aukerak murriztu egiten direla mekanismo horretan parte hartu ondotik.

Dokumentala ikusita, antzeko erasoak jasan zituzten pertsona anitz jarri ziren harremanetan Bidegainekin. Ahotsa eman izana eskertzeko. Bakoitzak bere bidea eginda, eta justizia errestauratiboan parte hartuta zein ez, baina barneko sufrimendua ateratzeko hitz egitea oso garrantzitsua dela uste du Bidegainek. «Biktima eta erasotzaile asko bizi izan zutenaren preso bilakatzen dira: mendekuaren preso, ez ulertzearen preso... Eta, nire ustez, justizia mota honek eskaintzen du barne kartzela horietatik ateratzeko ate bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.