Europako gerra ahantzia

Urtebete baino gehiagoren ondoren, Ukrainako gatazka konpontzeko sortu zuten laukotea elkartu egin da aste honetan. NBEren misio bat bidaltzeko proposamena paratu du mahai gainean, baina, oro har, egoera nolakoa den berretsi baino ez du egin: gatazka guztiz hormatua dagoela.

Ukrainako militarrak obus bat jaurtitzen, iragan urtarrilean, Donetskeko Novoluhanske herrian. MARKIIAN LYSEIKO / EFE.
mikel rodriguez
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Minskeko Akordioen ezarpena trabatuta dago». Alemaniako Atzerri ministro Heiko Maasek agerikoa den egoera berrestea bertze erremediorik ez zuen izan joan den astelehenean Berlinen kazetarien aitzinean egin zuen agerraldian. Minskeko Akordioek 2015eko irailean eman zuten fruitu nagusia, Ukraina hego-ekialdeko gerrako su-etena eraginkor bihurtu zenean. Nabarmen murriztu zen borroken, erasoen eta biktimen kopurua, baina, orduz geroztik, ez da aurrerapausorik eman gatazka politikoa konpontzeko bidean. Funtsean, gerra hormatuta egon da 2015eko irailetik, baina pixkanaka areagotuz joan diren bonbardaketa eta tiroketa bakanek egoera usteldu dute. Nazioarteko agendatik kanpo dago Donbass eskualdeko gatazka, Europan mende honetan izan den gerrarik handiena.

Donbass agendatik kanpo gelditu dela erakutsi duen adibide argia Minskeko Akordioak sinatu zituen taldea bera izan da, Normandiako Laukotea. Europa mendebaldeko herrialde nagusiek sustatuta sortu zen laukote hori, konponbide bat negoziatzeko; Alemaniak, Frantziak, Ukrainak eta Errusiak osatzen dute. Joan den astelehenean elkartu zen, Berlinen, baina hamasei hilabete zeramatzan bilerarik egin gabe. «Minsken sinatu zena berpizteko konpromisoa dago», adierazi zuen Maasek. Iragarpenik baikorrena izan zen hori.

Ekarpen bakarra Maasek eta Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak egin zuten proposamena izan zen, eta ez zen proposamen berria izan guztiz. NBE Nazio Batuen Erakundeak Donbassen misio bat hedatzea proposatu zuten. «Mosku eta Kiev prest daude aztertzeko, baina oraindik desadostasun handiak dituzte misio horren izaeraren eta eginkizunaren inguruan», erran zuen Maasek.

Bortz ordu iraun zuen lau herrialdeetako Atzerri ministroek egin zuten bilerak; «Esperantza txiki bat», Alemaniakoaren erranetan. Bilkura hasi aitzinetik, Maas Bild egunkariarekin mintzatu zen, eta erran zion helburu zuela bake elkarrizketa formalak hastea Alemaniako Parlamentuak udako etenaldia hasi aitzinetik —uztailaren 6a baino lehen—.

NBEren arabera, 10.000 lagun baino gehiago hil dituzte Ukrainako armadaren eta Donbasseko matxinoen arteko gerra hasi zenetik; horietako 2.700 inguru zibilak ziren. Gehien-gehienak, bai zibil, bai soldadu, 2014ko apirilaren eta 2015eko irailaren artean hil zituzten. Baina NBEren Auzi Humanitarioetarako Bulegoa kezkatuta dago; izan ere, gero eta zibil gehiago hil dituzte hilabeteak pasatu ahala, su-etena teorian indarrean badago ere. Gatazkari buruz egin duen azken txostenean biltzen duenez, joan den martxoan bortz zibil hil zituzten, eta apirilean, hamahiru. «Bonbardaketek, suzko arma txikien tiroek eta minek mehatxatuta bizi dira egunero banaketa lerroaren inguruan bizi diren ehunka milaka gizon, emakume eta haur».

Lau urte gerrak banatuta

Banaketa lerroa Donbass eskualdea bitan zatitzen duen lerroa da: iparraldera eta mendebaldera, Ukrainako Estatuaren kontrolpean jarraitzen duen zatia; hegoaldera eta ekialdera, Errusiako mugaraino, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek kontrolatzen duten eremua. Gatazkaren sua 2013ko udazkenean piztu zen, Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak erabaki zuenean bertan behera uztea EBn sartzeko akordioaren negoziazioak eta akordio bat sinatzea Errusiarekin. Oposizio nazionalista europazaleak, eskuin muturrak lagunduta, protestara jo zuen, eta boterea indarrez hartu zuen 2014ko otsailean. Horrek erreakzio bat sortu zuen ekialdean: Krimeak bat egin zuen Errusiarekin, eta Ukrainako gobernu berriaren aurkakoek boterea hartu zuten Donetsken eta Luhansken; estatuarekin zuten harremana eten zuten. Hainbat hilabete gatazkatsuren ondoren, gerra ekainean hasi zen, duela lau urte, Ukrainako armadak erasoaldia hasi zuenean Donbassen kontrola berreskuratzeko.

Gatazka horrek hagitz ondorio larriak utzi ditu nazioartean, Errusiaren eta Mendebaldearen gaur egungo tentsio harremanaren jatorria izan baitzen, bertzeak bertze. EBk eta AEBek asmo irredentistak izatea egotzi zioten Errusiari, eta horregatik paratu zizkioten oraindik indarrean dauden zigor ekonomikoak. Errusiak, berriz, leporatzen die Ukraina erabiltzea Mosku mendean mantentzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.