KRITIKA. Musika

Edukirik gabe aritzearen beharra

2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Mei-Ann Chen. Pianoa: Varvara. Sopranoa: Christina Daletska. Egitaraua: J. Merahren Jakinduriaren usaina, B. Bartoken Piano eta orkestrarako 3. kontzertua eta L. V. Beethovenen 7. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 7.

Susan Sontagek, 1960ko hamarkadan, arte garaikidea bizitzeko eta sentitzeko zegoen joera arriskutsua salatu zuen arte kritikaren, interpretazioaren eta estiloaren inguruan idatzitako hainbat saiakeratan. Hain zuzen, artea ulertu behar delako ideiaz edo, hobeto esanda, artelanek zerbait esan edo eduki jakin bat adierazi behar dutelako ideiaz ohartarazi zuen. Ezer baino lehen, dio Sontagek, artelana munduan baden zerbait da, ez soilik munduaz aritzen den zerbait. Haatik, badirudi oraindik ere oparotasunez apaindutako diskurtsoen beharra dagoela obra berriak aurkezten direnean, izateko arrazoia badutela justifikatzeko beharra.

Hori izan da Euskadiko Orkestrak enkargatu dituen azken obra guztien kasua, oso nabarmen Elkano: mundubira musika bidelagun proiektuaren barnean biltzen diren obretan. Joel Merah baionarraren Jakinduriaren usaina-k hirugarren eskala burutu du, konpositorearen hitzetan, Ozeano Barea zeharkatzeak marinelei sortu zien bakeak piztuta. Joxean Artzeren Dakienak badaki olerkiaren dekonstrukzioan Daletskak bikain defendatu zituen bere filigranak, tesitura eta idazketaren deserosotasunak mikrofono bidez libratuz.

Varvara pianistak Bela Bartoken Piano eta orkestrarako 3. kontzertu zirraragarria eskaini zuen gero. Bereziki gustagarria Allegretto-a, grabitaterik ez balego bezala teklak eta orkestra oreka garbian. Allegro vivace-an Varvara jolas sakonean aritu zen, dinamika guztiak zentzuz eta bizitasunez gidatuz, kontrapuntuaren imitazioak argitara ekarriz. Bisa, J. P. Rameauren Le rappel des oiseaux, oparia izan zen, Bartoken kontzertu lasaigarriaren osagarri apartekoa.

Ongintzazko kontzertu batean eman zen lehen aldiz Beethovenen 7. sinfonia eta, orokorrean, ongi hartu zuen publikoak erritmo erakustaldi hura. Kursaalean Chenen batutak gogoz hedatu zuen Allegretto ezagunaren sarrera, hari baxuetatik tutti sendora, eta atsedenik gabe azpimarratu zituen neurrigabeko uneak Allegro con brio-an.

Aholku bat: hobe artea bera sustatzea, ez arteak esatea nahi duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.