Durangoko. 57. Azoka. Eider Eibar eta Xabier Gutierrez 'XSakara'. Irudigilea eta musikaria

«Azokak desbirtualizatu egiten gaitu sortzaileak»

Itzulerako urtea izateko, patxada sumatu dute azokako bisitarien artean. Beste euskal sortzaileekin egoteko aukera da gehien gozatzen ari direna.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Plateruenan, Ahotsenearen aurtengo oholtzan diskoa aurkeztetik atera berritan iritsi da elkarrizketara Xabier Gutierrez XSakara musikari eta kantaria (Bermeo, Bizkaia, 1997), eta solasaldia bukatu orduko abiatu da Durangoko Museorantz Eider Eibar irudigilea (Zornotza, Bizkaia, 1980), Polálen argitaletxeari buruzko mahai ingurura —Joseba Sarrionandiaren Ainhoari gutunak liburuaren katalanezko itzulpena irudiz jantzi du—. Musikariak bost kantu berri jaso ditu Lurrikarak lan berrian, eta ilustratzaileak MAEIOUR Euskaraz marrazten dugu! web jokoa du azokan lan berriena.

Zer harreman izan duzue orain arte azokarekin?

EIDER EIBAR: Ziur umetan gurasoekin etorriko nintzela, baina lehen oroitzapenak institutu garaikoak dira; Euskal Herrian Euskaraz-en agenda eta BERRIAren egutegia erosten genituen. Gero, unibertsitatean ja ilustratzaile lanean hasi nintzen, eta lehen argitalpenetik etorri naiz. Erosle edo ikusle bezala baino gehiagotan izan naiz Saguganbaran zerbait aurkezten.

XSAKARA: Nik oroitzen dut lagunekin etorri nintzela 16 urterekin edo, Berri Txarrak-en diskoa erosi eta kontzertu batzuk ikustera. Eta gero, 2019an hemen zegoen karpan jo nuen, eta hortik aurrera nire lanak aurkezten izan naiz, baina baita musikazale moduan ere, jendeak zer atera duen ikusteko eta neure burua elikatzeko.

Itzulera urtea da aurtengoa. Zer sumatu duzue inguruan?

EIBAR: Niretzat, jendea astiroago dabil; beste abiadura bat ikusten nuen aurreko urteetan, eta badirudi aurten jendea oso lasai dabilela, gozatzen, ikusten, beste urte batzuetako estresik gabe.

XSAKARA: Igual ikusten dut; itzulera izateko, ez dut antsietate moduko hori ikusten. Jendea trankil dator, badirudi ez dela ezer gertatu, eta harritu nau, baina ona da.

Baina bat azokari?

EIBAR: Zerbait esatekotan, goizean Kabi@n izan dugun aurkezpenean espazio falta izan dela. Haur pila bat etorri dira, jolasean aritu dira, eta hori positiboa da, baina espazio gehiago egon balitz...

XSAKARA: Musikaren gunea oso ondo antolatu dutela iruditu zait. Igual sumatu dudan baina bat da standak apur bat handiagoak ere izan zitezkeela; estu samar gaude.

Zertan egin du aurrera kultur komunitateak, zuen ustez?

EIBAR: Nire ustez, euskal komunitatearentzat garrantzitsua da azoka, pilak ipintzen ditugulako, zer dagoen ikusten dugulako, saretzen garelako... Eta ni behintzat blaitu egiten naiz horretaz. Ez dakit pandemiagatik izan den, baina ilustratzaileontzat urte gogorra izan da, lan eta lan aritu gara, eta nekatuta iritsi gara azokara. Leiho bat bezalakoa da niretzat; gure arteko harremanak saretzeko balio du.

XSAKARA: Nik ikusten dut azokan gure gauzak erakusten gabiltzanak desbirtualizatu egiten gaituela, baina ez bakarrik zaleen eta gure artean, baizik eta artisten artean ere bai. Igual sareetatik ezagutzen dugu elkar, baina ez aurrez aurre, eta nik, adibidez, bi egunetan aurreko urteetan baino askoz jende gehiago ezagutu dut.

EIBAR: Niretzat, euskal kulturgintzak eskaintzan egin du aurrera; esparru berrietan gauza ezberdinak egiten dira, eta uste dut ekoizpenen aldetik euskarak eremuak irabazi dituela, teknologia berriekin lotura dutenak ere bai. Eta horien berri izateko, azoka funtsezkoa da; zer dagoen ikusteko mapa.

Non ikusten duzue trabatuta?

EIBAR: Igual Durangotik harago ez direla ezagutarazten sorkuntza lan pila bat; erakusleiho falta dago urte osoan. Eta gero, sentsazioa da orain badirudiela modernoa edo guay-a dela anti-azoka izatea, handi egin denez... Baina guk egiten dugu-eta handi, eta jarraitzen du hasierako helburuak betetzen! Jarrera hori sumatu dut, baina niretzat atzerapauso izugarria litzateke azokarik ez egitea.

XSAKARA: Nik ere sumatu ditut halako jarrerak, azoka gauza supermainstream bat balitz bezala. Eta gero nabaritu dut jende bat gauza jakin bat erosi edo ikustera datorrena, eta ez duena buelta bat ere ematen zer dagoen ikusteko.

Aurtengo uztatik bina ale?

EIBAR: Liburua pentsatuta ekarri dut, Joseba Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa [Elkar] komikia, eta hori lortu behar dut. Eta diskoa, zurea; jakin-mina piztu didazu.

XSAKARA: Ba, nik domeka iluntzera arte itxaroten dut beti, sobratu zaizkidan diskoak lagunekin trukatu eta gune osotik buelta bat emanez aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.