Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala
Generoa bihurritzen
'Le cahier noir'
Zuzendaria: Valeria Sarmiento. Aktoreak: Lou de Laage, Stanislas Merhar, Niels Schneider, Jenna Thiam, Fleur Fitoussi, David Caracol, Vasco Varela da Silva, Tiago Varela da Silva. Herrialdea: Frantzia-Portugal. Iraupena: 103 minutu.Izatez, folletoien generoak hainbat lizentzia narratibo hartzeko beta ematen du. Istorio horietan kontatzen den guzti-guztia behar bezala korapilatzeko, barkatu izan ohi da gertaerek askotan sinesgarritasunaren mugak apurtzea.
Hori ametituta, ez da onargarria Valeria Sarmientok bere pelikulan hartzen dituen lizentziak hartzea. Marka guztiak apurtuta, Le cahier noir-ek proposatzen duena folletoitik harago doa, eta esperpentoaren eremuan sartzen da bete-betean. Horiek horrela, ez da harritzekoa ikusleek barrez hartzea berez komiko izan nahi ez duten hainbat egoera.
Maitasuna, jelosia, pasioa, jatorri ezaguneko pertsonaiak... Ohiko osagai guztiak ditu filmak, baina horiek lotzeko maneran ez du asmatu berez generoa ongi ezagutzen duen zuzendariak. Elementu gehiegi hartu nahiak —Frantziako Iraultza, Napoleonen konkistak...— are gehiago nahaspilatuko du berez gidoi hutsune nabarmenak dituen pelikula. Zentzugabekeria behar baino gehiago luzatuko da, eta, denbora-pasa horretan, janzkerei, orrazkerei eta gisakoei erreparatzea besterik ez zaigu geldituko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.