Hipotekak. IRPH indizea

Epaitegietako atea, erdi zabalik

EBko auzitegiak ez du baliogabetu hipoteken IRPH indizea. Espainiako epaitegien esku utzi du kasuan-kasuan bankuek bezeroak egoki informatu dituzten aztertzea eta gehiegizko interesak itzultzea

Donostiako epaitegiaren aurrean eginiko protesta bat. BERRIA.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
IRPH indizea duten hipoteken auzian Espainiako epaileei itzuli die pilota Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Baina erdibidean geratu da. Ez du bankuek nahi zuten epaia kaleratu, ezta kontsumitzaileen elkarteek espero zutena ere —indizea legez kanpo uztea eta hura kontratatu zutenei automatikoki dirua itzultzeko beharra ezartzea—. Hainbat urtez probintzia auzitegietan epai kontrajarriak pilatu ostean, 2017an, Espainiako Auzitegi Gorenak itxi egin zuen kasu gehiago aztertzeko atea, baina berriz zabaldu du aukera hori Europako auzitegiak. Ez du IRPHaren legezkotasuna zalantzan jarri, baina bankuek indize hori duten hipotekak modu egokian saldu zituzten ala ez aztertzeko aukera eman die. Kasuan-kasuan aztertu beharko dituzte salaketak.

Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten IRPH indizeabankuek eta kutxek, esanez egonkorragoa zela —dena den, ez da inoiz Euriborraren interesaren azpitik egon—. Euriborra minimoetara jaitsi zenean, nabarmen garestiago jarraitu zuen, eta hasi zen salaketa uholdea, orduan ohartu baitziren kontsumitzaile asko halako hipoteka bat zutela.

Espainiako Bankuak 1994az geroztik egiten du indize hori, gobernuak babestuta. Ofiziala zela argudiatuta, Gorenak ebatzi zuen ezin zela abusutzat jo, eta epaitegietako bidea itxi zuen, harik eta Europako auzitegiak berriz ireki duen arte.

Indizea kalkulatzen da bankuek ematen dituzten hipoteken kredituen interes tasen batezbestekoa kontuan hartuta. Kontsumitzaileen elkarteen arabera, hori egiten dute gardentasunik gabe, eta finantza erakundeek aukera dute Espainiako Bankuari ematen dizkioten datuak manipulatzeko.

ZER EBATZI DU EUROPAKO AUZITEGIAK?

Ez du indizearen legezkotasuna zalantzan jarri. Baina esan du gehiegizkotzat jo daitekeela, eta, beraz, Espainiako epaitegiek baliogabetu dezaketela, kasuan-kasuan aztertuta. Epaileek, beraz, zehaztu beharko dute bankuek zertan egin zieten iruzur bezeroei. Uste badute modu ez-argian eta gardentasun baldintza nahikorik gabe saldu zietela produktu hori, epaileek IRPHa aldatu ahal izango dute Euriborragatik edo beste indize batengatik, eta atea zabalduko ahalko diete kontsumitzaileei aurretik ordaindutako gehiegizko interesak jaso ditzaten.

NOLA FROGATU DAITEKE ABUSUA EGON DELA?

Hor dago koxka. Orain, bankuak ere hartu beharko du bere gain frogaren zama. Kontsumitzaileari behar bezalako informazioa eskaini ziotela agertu beharko du epaileen aurrean. Finantza erakundeak erakutsi beharko du beharrezko informazioa eskaini ziola bezeroari; besteak beste, gardentasun-irizpideak bete zituela—adibidez, kalkulu metodoa azaldu ziola kontsumitzaileari, azken bizpahiru urteetan indizeak izan duen garapenari buruzko informazioa helarazi ziola...—. Ikusteko dago epaile bakoitzak nola interpretatzen duen gutxieneko informazioa zer den IRPH indizearen kasuan. Hori hala, auzia Gorenera irits daiteke berriro ere, hark zehaztu dezan hori.

Gipuzkoako IRPH Stop plataformako abokatu Maite Ortizen ustez, bankuek «oso zaila» izango dute kontratua sinatzerakoan gardentasunez jokatu zutela erakustea: «Kasu gehienetan ez dutelako egin». Azaldu duenez, «kontsumitzaile bakar batek ere» ez zekien indize horrek zer ondorio izango zituen. Oso bestelako ustea dute bankuek. Sektoreko patronalak nabarmendu du indize horrekin sinatu ziren kontratu gehienak behar bezain gardenak izan zirela, eta epaitegiek arrazoia emango dietela.

Ortizek, halere, azpimarratu du salaketa jartzeko asmoa dutenek irabazteko aukera asko izango dituztela. Dena den, epaitegi batera joan aurretik bankuarekin akordioren bat lortzen saiatzeko aholkua eman die kaltetuei. Izan ere, litekeena da bankuek beren interesekoa ez den epai bat jasoz gero helegiteak jartzea, Gorenera iritsi arte. «Eta prozedura garesti eta luze batez ari gara; lauzpabost urtekoa», ohartarazi du.

Era berean, Ortizek adierazi du auzibidea abiatu eta epaitegien babesa jaso ez zutenek ez dutela aukerarik izango arrazoi beragatik beste auzibide bat abiatzeko. «Kasu horiek ezingo dira epaitu abusuagatik, baina gerta daiteke beste arrazoi batzuk egotea hipoteka baliogabea dela jotzeko».

ZENBAT KALTETU EGON DAITEZKE?

IRPH Stop plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian 40.000 kaltetu inguru egon daitezke, baina «askoz ere gehiago» izan daitezkeen susmoa daukate. 2004an, adibidez, hamar hipotekatik bat indize horri lotu zitzaion. Egun ez da ia erabiltzen: 2018an, hipoteka berri guztien% 0,28k zuten IRPHa.

Hipoteka kopuruaz haratago, Luxenburgoko erabakiak kontsumitzaileengan izan dezakeen eragina azpimarratu du Ortizek. Plataformaren datuen arabera, pertsona horiek IRPH indizea dela eta, hilero, batez beste, 200-300 euro gehiago ordaindu dute urte askoan, eta hipoteka bakoitzagatik 20.000 euro inguru jaso ditzakete bueltan.

OSORIK JASO DITZAKETE GEHIEGIZKO INTERESAK?

Lehenik eta behin abusua egon dela ebatzi beharko du epaileak. Eta bai, gerta daiteke interes guztiak itzultzea. Ortiz abokatuak azaldu duenez, Gasteizko Epaitegi batek hala ebatzi zuen, sententzia irmo batean, Kode Zibilean oinarrituta —horren arabera, interesik gabeko maileguak posibleak dira—. Hori dela eta, banku batek familia bati itzuli egin dizkio ordaindutako interes guztiak eta interesekin, eta egun kapitalaren amortizazioa ordaintzen du soilik, interesik gabe.

Baina epaileek erabaki dezakete interesik gabe ezin dela mantendu hipoteka bat. Kasu horretan, hipoteka baliogabetu egin beharko du aurrena, eta, gero, IRPH indizea beste batengatik ordezkatu beharko du —Euriborra izan daiteke, edo beste bat—. IRPH Stop plataformako abokatuak azaldu duenez, baina, kontsumitzailearen oniritzia behar du epaileak.

Behin indize berria zehaztuta, bankuek bezeroari itzuli egin beharko diote bien arteko aldea edo aurretik ordaindu dituen gehiegizko interesak. Gogoratu behar da hipoteka gehienetan bezeroek lehenengo urteetan ordaintzen dituztela interes gehienak.

HIPOTEKA PAGATU DUTENEK ERE JASO DEZAKETE DIRUA?

Bai. Atzerako eragina du ebazpenak. Abusuak ez duela preskribatzen zehaztu du, eta beraz, epaile batek erabakitzen badu halakorik egon dela eta bezeroak dirua jasotzeko eskubidea duela, bankuak behartuta egongo dira horretara. Halaber, IRPHa indize gisa duten hipoteka ezberdinak daude. Horietako bat dira aurrezki kutxenak. Horiek desagertu ziren, hipoteka horien indizea aldatu zen, kontratuan zehaztuta zegoen moduan: Kutxabankekoen kasuan, adibidez, IRPHaren ordez, Euriborra+1eko tasa. Halako hipoteka bat dutenek edo ordaindu dutenek ere jo dezakete epaitegira, IRPHa ezarria zutenean ordaindutako gehiegizko interesak itzultzeko eskatzeko.

KALTETUEK ESPERO ZUTEN EPAIA IZAN AL DA?

«Urrats garrantzitsua» izan da, Maite Ortiz abokatuaren arabera. Azpimarratu du Luxenburgok arrazoia eman diela «zalantza guztietan»: funtsean, IRPHak gardentasun kontrolak igaro behar dituela eta Espainiako epaileak behartzen dituela klausulak aztertzera. Halaber, txalotu egin du Luxenburgoko epaileek atzera bota izana atzeraezintasuna mugatzeko Espainiako Gobernuak eginiko eskaera. «Berri ona da guretzat, eta txarra bankuentzat eta hura laguntzen aritu diren PPren eta PSOEren gobernuentzat», azpimarratu dute plataformako kideek, ohar batean. Adicae kontsumitzaileen elkarteak ere txalotu du erabakia.

ETA ZER DIOTE BANKUEK?

IREB eta CEAC patronalek nabarmendu dute auzitegia arrazoia eman diela, indizea ez duelako baliogabetu, eta lasaitua hartu dute kasuan-kasuan aztertu beharko direlako salaketak. Osorik baliogabetuz gero, milaka milioi zeuden jokoan; Goldman Sachsen arabera, 7.000-44.000 milioi bitarte. Espainiako Ekonomia Gaietako Ministerioak azpimarratu du balizko ordainei aurre egiteko kaudimena dutela bankuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.