Koronabirusa

«Koma» eragozteko milioiak

Jaurlaritzak 841 milioi bideratuko ditu koronabirusari aurre egiteko; erditik gora, ehun ekonomikoari laguntzeko. Frantziako Kontseilu Zientifikoak proposatu du konfinamendua sei astera luzatzea

Gasteizen, Lakuako pilotalekua prestatu dute etxegabeentzako aterpetxe gisara. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasuna herritarren osasunean, osasun sisteman eta egoera ekonomikoan uzten ari den arrasto gordina lausotzeko, sektore ugaritan esku hartzeko neurriak hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du 841 milioiko diru sail bat bideratuko dutela zenbait erabaki hartzera. Diru horren parterik handiena COVID-19 programara joango da: enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei finantza arloko laguntza emateko.

Osasun sailburu Nekane Murga alboan zuela egin zuen Urkulluk agerraldia atzo, gobernu kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Azaldu zuenez, hiru lehentasun ezarriak ditu Jaurlaritzak, eta horren arabera zehaztu dituzte ildo ekonomikoak: «Osasun sistemaren gaitasuna bermatzea, beharrizanik handienak dituzten kolektiboak babestea eta ehun ekonomiko eta produktiboari laguntzea».

Ralenti ekonomikoa errealitatea da jada, eta, diru sailaren erdia baino gehiago enpresak laguntzera bideratuta, «koma ekonomikoa» eragotzi nahi du Urkulluk. Horregatik, «baldintza hauetan», langileen osasunarekin «bateragarriak» diren jarduera ekonomikoetan jarraitu beharra dagoela uste du, «oso nekeza» litzatekeelako lantegiak «hutsetik» zabaltzea. Urkulluk argudiatu du ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko oro eteteko erabakia «estatu mailan» hartu beharko litzatekeela, eta jarduera ekonomiko horrek sostengatzen dituela oinarrizko zerbitzu publikoak: «Muturreko neurri bat izango litzateke». «Uztartu beharko genituzke pertsonen osasun segurtasuna eta ekimen ekonomikoa», gaineratu du.

Koronabirusaren eraginak eta haren ondorio ekonomikoek sektore askori erasango die datozen aste eta hilabeteetan; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia 9.000 enpresatan aurkeztu dituzte enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenak —2.705 Nafarroan—, eta horrek etxebizitza pagatzeko zailtasunak ekarriko dizkie herritar askori. Espainiako Gobernuak hartuak zituen hipoteka geroratzeko neurri batzuk, baina baziren eskariak alokairuan zeudenekin ere malguago jokatzeko. Atzo, Urkulluk jakinarazi zuen babes ofizialeko etxeetan alokairuan daudenek eta langabezian geratu direnek ez dituztela ordaindu beharko apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitate gastua.

Horiez gain, 200 milioi osasun sistema indartzeko erabiliko ditu gobernuak; esaterako, materiala erosteko, telefono bidezko arreta indartzeko eta kutsatuak artatzeko gune berriak zabaltzeko. Familiei emandako beste laguntza batzuen artean, Jaurlaritzak jantokietako bekei eutsiko die, haur eskoletako fakturazioa etengo du, eta gizarte larrialdiko laguntzak handituko ditu. Atal horretarako, 54 milioi euro jarriko ditu.

Funtserako dirua nondik aterako den galdetuta, Urkulluk azaldu du iazko etekinak baliatuko dituztela eta Jaurlaritzak zorpetzeko gaitasuna duela. 2020ko aurrekontuak ere egokitu daitezkeela esan du. Espainiako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoekiko «osagarria» da Jaurlaritzarena: «Epe laburrean ezarri beharreko ekintza plan bati buruz ari gara».

Urkulluk berak azalpenak emango ditu Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, EH Bilduk hala eskatuta. Diputazio Iraunkorreko Mahaiak onartu du Urkulluren agerraldia, baina oraindik ez du egunik zehaztu. Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiaren iritziz, «lehendakariaren agerraldiak auzolana sustatzeko balio behar du, hots, Jaurlaritzak hartutako neurriak kontrastatu, bestelako proposamenak egin eta aurrerantzean egin beharreko urratsak denon artean adosteko».

EAJ konforme agertu da Urkulluren agerraldiarekin, eta «batasuna» eskatu die indar politikoei; zehazki, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak galdegin die «ulertzeko oraingo larrialdi egoera». Elkarrekin Podemosek, berriz, uste du Euskal Autonomia Erkidegoa «koma politikoan» dagoela, eta eskatu du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak Jaurlaritzarekiko «kontrol jarduna» izan dezala. Era berean, Carlos Iturgaiz PPko lehendakarigaiak ere pozez hartu du Urkulluren agerraldi iragarpena, «parlamentuarekiko begirunerik eza» erakutsi eta gero.

Konfinamendua luzatzeko

Ipar Euskal Herrian, berriz, konfinamendua luzatzeko jitea hartzen ari da. Frantziako Kontseilu Zientifikoak «ezinbestekotzat» jo du herritarren mugimenduak mugatzeko agindua luzatzea, eta proposatu du «gutxienez» sei astekoa izatea. Halaber, uste du beharrezkoa dela konfinamenduaren baldintzak gogortzea, baina ez du neurri zehatzik proposatu. Frantziako Gobernuak gaur zortzi jarri zuen neurri hori indarrean, bi asterako, eta hari dagokio orain erabaki bat hartzea. Espainiako Gobernuak ere atzo onartu zuen formalki alarma egoera beste bi astez luzatzeko dekretua, eta gaur arratsaldean jasoko du Espainiako Kongresuaren oniritzia. Horren arabera, apirilaren 11ra arte egongo da indarrean alarma egoera.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak ere agerraldia egin zuen atzo, baina ez zuen aparteko neurririk iragarri, koronabirusari buruzko datu eguneratuak emateaz aparte. Nolanahi ere, Jesus Maria Rodriguez Tokiko Administrazioko zuzendariak jakinarazi zuen gobernua datozen egunetan hasiko dela epidemiaren herriz herriko datuak zabaltzen —hala egiten ari da Eusko Jaurlaritza azken egunetan—. Gizarteko sektore zaurgarrienei laguntzeko orain tokiko administrazioak jokatzen ari diren «ezinbesteko rola» txalotu zuen Rodriguezek, eta gomendatu zien neurriak hartzeko udalbatzarrak telematikoki egin ditzaten, betiere «segurtasun teknologikoa, berdintasun baldintzetan kide guztien parte hartzea eta eztabaiden eta akordioen baliozkotasuna bermatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.