Koronabirusa munduan

Normaltasunetik urrun

Wuhanen gaur amaitu dute urtarrilean hasitako berrogeialdia. Azken egunetan ez da hildakorik izan hirian. Txinan eskariak nabarmen murriztu zaizkie osasun alorrean lan egiten ez duten enpresei

Eskolak ere zabaldu dituzte hainbat probintziatan. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Wuhanen, COVID-19a lehen aldiz agertu zen Txinako eskualdean, gauerdian amaitu dute berrogeialdia. Urtarrilaren 23tik itxita dagoen hiriak ateak zabalduko ditu gaur, eta herritarrak kanpora atera ahal izango dira. Izan ere, azken bi asteetan soilik bi kasu agertu dira hirian. Joan den astelehenetik, gainera, ez da hildakorik izan hirian. Txinako gainontzeko eskualdeetan, berriz, hasiak dira normaltasunerako lehen urratsak egiten, nahiz eta hura oraindik urrun egon.

Tangen kasuak frogatzen du zein zaila izango den Txinan normaltasuna berreskuratzea, behin koronabirusa erabat gainditu ostean. Joan den hilaren 17an Hubeitik —epidemiaren epizentrotik— Huizhoura joan, eta LED argiak egiten dituen Adayo enpresako bere lanpostura itzultzeko baimen bat jaso zuen gizon bat da Tang. 30 urteko gazte honek autoan egin zituen bi hiriak banatzen dituen ia mila kilometroko bidea, emazte, seme eta gurasoekin. Arriskurik ez zuela frogatzen duen gobernuak emandako kode berdearekin joan zen. 22an lanera itzuli zen, eta, hiru egun geroago, auzokoen batzordeak koronabirusaren proba egiteko eskatu zion: positibo eman zuen.

Antza denez, sintomarik gabeko milaka kutsatuetako bat da Tang. Eta horrek eragin du harekin kontaktuan egondako 70 pertsona inguru berrogeialdian jarri behar izatea, nahiz eta haren senideek proban positiborik eman ez. Ez dago argi sintomarik garatzen ez duten pertsona hauek infekziosoak ote diren, baina, Tangena bezalako kasuek eragiten duten alarmaren ondorioz, halakoak ere kasu ofizialetan sartzen hasia da gobernua joan den asteazkenetik.

Enpresa guztiek Tangi gertatutakoaren modukoak saihestu nahi dituzte, kostu handia eragiten dutelako une bereziki delikatu batean. Gainera, egun bizi duten zalantzaz beteriko egoera ekonomikoan, konpainia gehienak jendea kaleratzen ari dira. Asko beldur dira egoerak ez ote dien Hubeiko herritarrei egingo kalterik handiena, eta sindikatuek gogorarazi behar izan dute probintzia horretakoa izatea ez dela arrazoi aski inor kaleratzeko. «Inork ez ditu kontratatu nahi, kutsatzeko beldur direlako. Guri galdetu digute ea lanerako hartuko ote genituzkeen, eta nik ez dut oztoporik ikusten, betiere osasuntsu baldin badaude. Kontua da orain ez dugula langilerik behar», azaldu du Asier Bidegurenek, Kataluniako Ponsa enpresak Dongguanen duen plantako arduradunak. Enpresak galera handiak izan ditu nazioarteko merkatuak erabat itxi ostean.

Lehenengo segurtasuna

Produktu manufakturatuen enpresak kolokan daude. Fabrika gehienek lortu dute makinak martxan jartzea, baina aurrez segurtasun neurri zorrotzak bete behar izan dituzte: besteak beste, langile guztientzako maskara eta eskularru nahikoak dituztela bermatuz eta lanpostu guztien arteko segurtasun tarteak ezarriz. «Ikuskaritza zorrotz bat igaro beharra dago irekitzeko baimena jaso ahal izateko», azaldu du Antxon San Miguelek, Tucaik Ningbon duen plantako arduradunak.

Une horretatik aurrera, edozein langile kutsatuz gero, enpresak baimena galduko luke eta kolpe gogorra jasoko. Guangzhoun, otsailaren 9an, lanera itzuli zen bulego batean ere gertatu zen. Astebete geroago, langileetako bati COVID-19aren sintomak atzeman zizkioten, eta lantalde osoa jarri behar izan zuten berrogeialdian. Milioika euroren galerak izan dituzte.

Horiek hala, gero eta gehiago dira lanera itzultzeko adina langile dituzten enpresak, baina eskarien zerrenda hutsik dago. Horixe gertatu zaio Leftpocketi. Espainian eta Malaysian ordezkaritzak dituen animaziozko ekoiztetxe honek itxi egin behar izan zuen mundua oraindik martxan zenean, eta, orain, lanera itzul daitekeenean, ez dauka zerekin hasi. «Langileen %90 lanean dira, baina proiektuetako asko epemugarik gabe atzeratu dituzte, eta beste batzuk bertan behera geratu dira», dio arduradunak, Yu Xinek.

Elikagai izoztuak ekoizten ditu Haisuk, eta esan du horien kontsumoak hondoa jo duela, eta osasun krisiari jarraituko dion krisi ekonomikoa ez dela saihesten erraza izango. «Gure bezeroak hotelak eta hegazkin konpainiak dira, galerarik handiena izan duten sektoreetatik bi. Mundu globalizatu batean, inor ez da gai besteek jasaten duten kaltea erabat saihesteko. Horregatik, espero dugu gainerako herrialdeek ahalik eta azkarrena gainditzea koronabirusa», esan du Cao Zhehuik, enpresako zuzendariak. Fabrikan, bulego gehienak hutsik daude, eta hogei bat langile soilik daude beren lanpostuetan.

Txinako kaleak bizitzara itzultzen ari dira, baina, arnasari ere eusten diote koronabirus osteko egoera honetan. «Egia da Txinan dena berriz irekitzen ari direla. Baina ixten ere ari dira. Zehazki fabrikak ixten ari dira birusarengatik. Mendebaldeko birusarengatik. Maskarak edo haiekin lotutako gaiak edo birusarekin lotutakoak egiten ez dituzten Txinako fabrikentzako eskariak bertan behera geratzen ari dira, eta haietako batzuk itxi egin behar izan dituzte», azaldu du Luis Galanek, Txinako merkataritza elektronikoan espezializatutako 2Open aholkularitza bulegoaren sortzaileak. Ikerketa baten arabera, Txinan bakarrik 200 milioi lanpostu desager daitezke aurten.

Zinemak dira beste adibide bat. Bi hilabetez itxita egon ostean, joan den larunbatean Shanghain pelikulak ematen hasteko asmoa zuten. «Eserlekuak antolatu genituen, agintariek eskatu bezala, bi ikusleren artean beti bat libre egon zedin, kutsatzeak eragozteko, eta butaka horiek blokeatu ere egin genituen, behin pelikula hasita jendea tokiz alda ez zedin», esan du Lik, Wanda kateak Shanghain duen areto bateko langileak.

Baina ateak irekitzeko zorian zeudenean, eta sarrera gehienak salduak zituztenean, agintariek kasu bat aurkitu zuten Zheijiang probintziako areto batean, eta baimenak erretiratu zituzten. Beraz, zinemek itxita jarraitzen dute, jendetza bil daitekeen aisialdiko gainontzeko gune guztiek bezala. «Gobernuak iragarri badu ere milaka sarrera erosiko dituela eta laguntzak emango dituela, industriak kolpe gogorra jaso du», baieztatu du Lik.

Pauso bat atzera

Txinak ez du arriskurik nahi, eta kontu handiz dabil. Koronabirus kasuak ia erabat desagerraraztea lortu ostean, Alderdi Komunista neurriak hartzen ari da jarduerak abian jartzeko baina, aldi berean, piztaldi berriak eragozteko. Zientzialariek ohartarazi dute gerta daitekeela, eta horregatik, normaltasunera itzultzeko prozesua mailakatua izaten ari da.

Eskolak zabaltzen

Eskolak irekitzeko erabakian ez dirudi atzera egiteko asmorik dagoenik. Qinghain, Txinako ipar-mendebaldean, martxoaren 9an zabaldu zituzten hezkuntza zentroak. Astebete geroago, tokian tokiko azken kasua agertu zenetik 35 egun igaro ostean, Xinjiangek eta Guizhouk bide berari jarraitu zioten, eta adin guztietako ikasleak eskolara itzuli ziren. Orain kasu berriak ez dituzten guztiek egingo dute gauza bera datozen egunetan.

Hala ere, ohartu direnez 300 milioi ikaslek ikasturtea ez galtzeko balio izan duten Internet bidezko klaseek ez dutela aurrez aurrekoen intentsitate bera, gobernuak iragarri du unibertsitatera sartzeko proba hilabetez atzeratuko duela: selektibitatea, munduko azterketa gogorrenetariko bat, uztailaren 7 eta 8an egingo dute herrialde osoan, Hubein izan ezik; han, epidemiaren epizentroan, bertako agintariek erabakiko dute azterketaren data.

Txinaren adibideak balio dezake jakiteko noiz itzuliko diren klasera munduko gainontzeko txokoetan. Eta jakiteko zein baldintzatan zabalduko dituzten eskolak, segurtasun tartea ikasmahaien artean ere ezarri dutelako: lehen bi ikasle esertzen ziren tokian, orain bakarra esertzen da, eta mahaien artean metro eta erdiko tarteak egon beharko du. Horrez gainera, ikasgelak egunean behin baino gehiagotan garbitzen dituzte.

Eskolak zabaldu bitartean, gainontzeko ikasleak gailu mugikorren bitartez ikasten jarraitzen dute. Irakaslearen azalpenak jasotzeko aplikaziorik erabiliena Ding Talk da. Merkataritza elektronikoaren erraldoiak, Alibabak, diseinatutakoa, eta gehienek goratu egiten dute. «Erabiltzeko oso erraza da, eta ez du sare oso azkarrik eskatzen», baieztatu du Liao Weilinek, Shanghaiko Lehen Hezkuntzako irakasle batek. Hori bai, berak ere aitortu du online klaseak ez zaizkiela guztiei berdin iristen. «Hiri handietan ez dira arazo, baina eremu txiroenetan desberdintasunak handitu ditzakete, denek ez baitute Internetik. Beraz, hoberena, aurrez aurreko klaseetara itzultzea da», amaitu du. Bigarren pandemia bat saihestea da Asiako erraldoiaren lehentasun nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.