Noiz sortua: 2020-06-06 00:30:00

Koronabirusa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahalko da astelehenetik aurrera

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzea onartu duela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izurritearen kudeaketaren kontrol osoa berreskuratuko dute
Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz.
Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko ekainak 6

Hego Euskal Herria hirugarren fasean egongo da astelehenetik aurrera. Hala jakinarazi zuen atzo Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak. Horrek hainbat aldaketa eragingo ditu. Nagusiak, bi: bata, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat; bestea, Hego Euskal Herriko gobernuentzat. Alde batetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek herrialde batetik bestera ibili ahal izango dute, inolako mugarik gabe; oraingoz, ezingo dira Nafarroara joan, ezta alderantziz ere. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19 izurritearen kudeaketaren ardura osoa hartuko dute, baita egoera berrira egokitzeko erabakiak hartzeko ere. Haiek erabaki dezakete noiz jo hirugarren fasea gainditutzat —baita berezko bi asteko epea baino lehen— eta noiz pasatu Espainiako Gobernuak «normaltasun berria» deitutakora. Hori bai: astearteko Ministroen Kontseiluan, Espainiako Gobernuak ziurrenik irizpide batzuk onartu eta ezarriko ditu, dekretu bidez, «normaltasun berrirako».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak atzo zehaztu zituen astelehenetik aurrera indarrean egongo diren aldaketak. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu onartu. Espainiako Gobernuari fase aldaketa eskatzeko egindako proposamenak publikoak dira, baina berrestea falta da. Zuhurtzia eskatu diete herritarrei.

Ibili ahalko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean?

Bai. Orain artean nagusiki lan kontuengatik mugitu ahal zen probintzia batetik bestera, baina astelehenetik aurrera kendu egingo dute hiru herrialde horien artean batetik bestera joateko baldintzak.

Eta Nafarroara? Eta Nafarroatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoara?

Ez. Horretarako, lau herrialdeek «normaltasun berria» deitutako egoeran egon beharko dute, eta bertako herritarren mugimenduak hitzartu beharko dituzte. Baita Hego Euskal Herritik Espainiako probintzietara joan ahal izateko ere.

Berez, hirugarren faseak bi aste irauten du, baina, astelehenetik aurrera autonomia erkidegoetako presidenteek eskumenak berreskuratuko dituztenez, epeak laburtzea erabaki dezakete, betiere, Espainiako Gobernuak ezarriko dituen irizpideak betetzen badituzte. Espainiako Gobernua astearteko Gobernu Kontseiluan onartzekoa da.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak asmoa du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Errioxako eta Aragoiko gobernuekin hitz egiteko, mugak zabaltzeko aukeraz eta moduaz.

Denda gehiago zabaldu ahalko dira?

Nafarroan denda eta lokal komertzial guztiak eta zerbitzu profesionalen jarduera guztiak zabaldu ahalko dira, salmentarako eta erakusketarako duten neurria edozein dela ere.

Jende gehiago joan ahalko da dendetara?

Bai. Eusko Jaurlaritzak %60ra handituko du saltoki, denda eta merkataritza guneetako edukiera, eremu komunak eta jolasteko espazioak barne. Nafarroan, dendetako gehienezko edukiera %50ekoa izango da, baita saltoki handietan ere. Horietako eremu komunetan eta jolastekoetan %40koa izango da.

Jende gehiago ibili ahal izango da garraio publikoan?

COVID-19 izurriteak asko jaitsi du garraio publikoaren erabilera. Eusko Jaurlaritzak, baina, garraio publikoa ohiko erritmora itzultzea nahi du: bidaien maiztasun guztiekin eta eraman ditzaketen bidaiari guztiekin. Neurri hori proposatu zuen hirugarren fasera pasatzeko sortaren barruan. Maskara jantzita bidaiatzen jarraituko beharko da, eta tarteka bidaiariei tenperatura kontrolatuko diete.

Jende gehiago sartu ahalko da tabernetara?

Bai. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da tabernetako, jatetxetako eta elkarte gastronomikoetako edukierarik mugatuko. Mahaien artean bi metroko tartea beharko da, bai barruan, bai kanpoan. Nafarroan, baina, gehienez terrazen %75 bete ahalko da; taberna barruan, edukieraren bi heren; eta ezingo da tabernetako barran kontsumitu. Nafarroako Gobernuak esan du gutxienez astebete atzeratuko duela aukera hori, pertsonen arteko segurtasun distantzia zaintzeko zailtasunagatik. Nafarroan peñak eta elkarte gastronomikoak zabaldu ahalko dira.

Eusko Jaurlaritzak tabernetako barran kontsumitzea baimenduko du, betiere bezeroen edo bezeroen taldeen artean bi metroko tartea badago. Taberna askok ezingo dute barrako zerbitzua eskaini, txikiak direlako eta segurtasun distantzia bermatu ezin dutelako.

Hotelek edukiera handituko dute?

Bezero guztientzako eremuak zabaldu ahalko dituzte: Nafarroan edukieraren bi herenak gainditu gabe; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erdia.

Zenbatekoa izango da kultur ekitaldietako gehienezko edukiera?

%50ekoa entzunaretoetan, zinemetan, antzokietan, zirkuetan eta antzeko ikuskizun lekuetan. Ikus-entzuleek aldez aurretik zehaztua izan beharko dute eserlekua. Nafarroan, kultur jarduerak egin ahalko dira liburutegietan eta museoetan, edukieraren erdia gainditu gabe. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan liburutegiek edukieraren erdia bete ahalko dute, liburuen mailegurako eta irakurketarako

Edukieraren %50eko muga izango dute hitzaldiek eta jardunaldiek, leku itxietan egiten badira. Gehienez laurogei pertsona sartu ahal izango dira.

Zenbat laguneko muga izango dute aire zabaleko ekitaldiek?

Berez, Espainiako Gobernuak zortziehun pertsonako muga gomendatu zuen, baina Nafarroako Gobernuak laurehunekoa ezarri du; Eusko Jaurlaritzak, berriz, edukieraren %50, eta gehienez mila lagun, eserita eta batetik bestera bi metroko distantziarekin.

Haur eta gazteentzako jarduerak antolatu ahalko dira udan?

Bai. Aisialdirako ekintza aire librean egiten bada, gehienez edukieraren erdia bete ahalko dute, eta ezingo dute 200 parte hartzaileren kopurua gainditu; leku itxietan, berriz, edukieraren heren bat Nafarroan eta erdia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehienez 80 parte hartzaile. Jaurlaritzak hamabi laguneko muga ezarri du jardueretarako. Nafarroako Gobernuak «gomendatu» du ekaineko azken astera atzera daitezela ludotekak, udako kanpalekuak eta antzekoak.

Apustu etxeak zabalduko dituzte?

Bai. Apustu etxeak, kasinoak, joko aretoak, tonbolak... Edukieraren erdia bete ahalko dute gehienez.

Udal igerilekuak zabalduko dituzte?

Nafarroako Gobernuak gomendatu du, zabaltzekotan, udako azken astean zabal ditzatela. Bilboko Udalak atzo bertan iragarri zuen astelehenetik aurrera pixkana-pixkana irekiko dituela. Artxandakoa izango da lehenengoa. Aurretik hitzordua hartu beharko da bertara joan ahal izateko.

Zenbat laguneko muga izango dute hiletek?

Nafarroan gehienez 50 pertsona joan ahalko dira aire zabalean egindako hil beiletara, eta 25 leku itxietan egindakoetara. Ehorzteko segiziora eta errausketetara, berriz, 50 pertsonak joan ahalko dute gehienez. Kultu lekuetako gehienezko edukiera %75ekoa izango da astelehenetik aurrera.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna