Koronabirusa

Maskara, txertoa iritsi arte

Madrilek «normaltasun berria» arautuko duen dekretua onartu du. Ekainaren 21etik aurrera biltzeko eta joan-etorriak egiteko askatasuna osoa izango da
Emakume bat, maskara jantzita, Zarauzko hondartzan.
Emakume bat, maskara jantzita, Zarauzko hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2020ko ekainak 10

COVID-19aren aurkako txerto bat aurkitu bitartean, herritarrek maskara erabiltzen jarraitu beharko dute Hego Euskal Herrian; jende pilaketak saihestu beharko dituzte, eta garbiketa neurriei garrantzi berezia ematen jarraitu ere bai. Hori bai, alarma egoera indargabetzen denean, nahi adina lagunekin bildu ahalko dira, eta, Hegoaldean eta Espainian bederen, mugitzeko erabateko askatasuna izango dute.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen «normaltasun berria» arautuko duen lege dekretua. Epe hori datorren ekainaren 21ean hasiko da —larrialdi egoera amaitzean—, eta legea ez da iraungiko txerto edo sendagai eraginkorren bat aurkitu artean. «Herritarrek birusarekin bizitzen ikasi beharko dute», Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren hitzetan.

Maria Jesus Montero gobernuaren bozeramaileak ere eman zuen abisua: «Txertorik ezean, birusa mehatxu izango da aurrerantzean ere». Helburu nagusia da kutsatzeek ez izatea gorakada nabarmenik jarduera ekonomiko eta soziala leheneratzen den heinean.

Horregatik, neurriak hartzen jarraitu beharko dute, besteak beste, enpresetan, ostalaritzan eta garraio publikoan: jende pilaketak saihestuz, sartu-irtenak kontrolatuz, eta langileen arteko distantziak bermatuz. Distantzia hori, aurrerantzean, metro eta erdikoa izango da bi metrokoa izan beharrean. Dekretuaren berrikuntza nagusietako bat da, eta bereziki ostalariek eta merkatariek eskertuko dute; hala, jende gehiago hartu ahal izango dute euren establezimenduetan.

Leku publikoetan metro eta erdiko distantzia errespetatu ezin eta maskara ez darabiltenentzat 100 eurorainoko isunak ezarri ditu dekretuak. Ez horientzat bakarrik: autoan ere maskara jantzita ibiltzen jarraitu beharko dute bertan doazenek, etxe berean bizi ez badira behintzat. Printzipioz, leku itxietan, Espainiako Gobernuak ez du gehienez egon daitekeen jende kopururik ezarri, baina gobernu autonomikoek ezar ditzakete mugak.

EAJren babesa

Gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdiena ez ezik, EAJren babesa ere izango du dekretuak, baita Ciudadanos eta ERCrena ere. Jeltzaleek herenegun jakinarazi zuten baiezkoa bozkatuko zutela, haien arabera araudi berriak «Euskadiren autogobernua bermatzen duelako eta konpetentzien zentralizazio posible baten inguruko zalantzak alboratzen dituelako». Idatziak ez du zehazten zer den Madrilekin adostutakoa, baina lege berriak ia botere guztia autonomia erkidegoen esku uzten du.

Illak aitortu du, beste taldeekin izandako negoziazioen ostean, aldatu egin behar izan zutela lege proiektuaren lehen bertsioa: «Ez genuen konpetentziak gure gain hartzeko asmorik, baina puntu hori indargabetu behar izan dugu, arazoak sortzen zituelako». Gobernuaren asmoa zen hainbat konpetentzia bere gain hartzea kutsatzeen gorakada nabarmen bat gertatuz gero.

Dena ez dute autonomien esku utzi, ordea. Adibidez, Espainiako Gobernuak jarraituko du trafikoari dagozkion arauak ezartzen, eta kirolari eta estadioetan zaleak sartzeari buruzko erabakiek ere haren kargu jarraituko dute. Zehazki, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak erabakiko du hori, eta, oraingoz, aurreratu duen bakarra da irizpide bera erabiliko duela autonomia erkidego guztientzat. Hau da, herritarrak Hegoaldeko eta Espainiako leku guztietan aldi berean joan ahalko dira norgehiagokak ikustera.

Pandemiaren jarraipenari dagokionez, autonomia erkidegoek Madrili beharrezkoak diren datu guztiak bidaltzen jarraituko dute «normaltasun berrian», eta, aurrerantzean, COVID-19a «derrigorrez eta berehala jakinarazi beharreko gaixotasun» bat izango da. Horregatik, kasu posible guztiei PCR probak «ahalik eta azkarrena» egin beharko zaizkie. Pandemiaren epizentro izan diren zahar etxeek ere prestatuta egon beharko dute alarma egoera indargabetutakoan: autonomia erkidegoetako baliabideekin koordinatutako kontingentzia planak izan beharko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ertzaintzaren autoak Donostian, atzo. ©Gorka Rubio / Foku

Ertzaintzak Donostiako Alde Zaharra hartu du berriz

Berria

Segurtasun Sailaren arabera, botilak jaurti dizkiete agenteei. Auzoko Gazte Asanbladak, ordea, ukatu egin du istilurik egon izana. Hamar lagun identifikatu dituzte. Pasaian, berriz, gazte bat atxilotu dute.

PCR proba bat joan den urtarrilaren 8an, Zaldibarren (Biziaia). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du berriro ere azken orduetan

Gotzon Hermosilla

Positibo kopurua apur bat apaldu den arren, 1.400 kutsatuen langatik gora jarraitzen du. Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman dute

Peon, Oiarbide, Otondo eta Salaberria, atzo Donostian egindako mahai inguruan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Arnasguneek arnasa hartzen segi dezaten

Irati Urdalleta Lete

Politika publikoek arnasguneetan nolako eragina duten aztertu dute 'Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak' mahai inguruan. Orain arteko lorpenak goraipatzearekin batera, etorkizunerako erronkak ere zehaztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.