Karabakh Garaia

Zibilak bonbardatzea egotzi diote elkarri Armeniak eta Azerbaijanek

Erevanek ohartarazi du Armenia eta Karabakh Garaia direla Turkiak iparralderantz hedatzeko duen «azken oztopoa». Berrehundik gora pertsona hil dituzte duela astebete borrokak hasi zirenetik

Armeniako Stepanakert hiria, bonbardatua izan ostean. DAVID GHAHRAMANYAN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Karabakh Garaiko mugak gainditu ditu Azerbaijanen eta Armeniaren arteko gatazkak. Duela astebete piztu ziren borrokak, irailaren 27an: Azerbaijanek, bi hilabete lehenago izandako istiluak aitzakiatzat hartuta, Armeniak Karabakh Garaian dituen indarrei eraso zien. Geroztik, berrehundik gora lagun hil dira, haietako asko zibilak, bi aldeen salaketak ontzat emanez gero. Azken orduetan, gainera, herritarrak bonbardatzea egotzi diote biek elkarri.

Armeniako Gobernuaren gertuko informazio iturrien arabera, igande iluntzean Azerbaijango soldaduek Stepanakert hiria bonbardatu zuten, eta hainbat zibil hil zituzten. Hirian zeuden kazetariak ere handik aterarazi zituzten segurtasun indarrek. Defentsa Ministerioaren arabera, Shushi hiriari ere eraso zioten. Antzeko salaketa bat egin du Azerbaijango Gobernuak, eta Armeniari leporatu dio Ganca eta Mingaçevir hiriei Beylagan, Barda, eta Terter herriei erasotzea. Atzerri Ministerioak ustezko erasoaldiaren irudiak ere zabaldu ditu sare sozialetan, non lehertu gabeko suziri bat ageri den lurrean sartuta, Mingaçevirreko zentral elektrikoaren parean zentral elektriko horrek herrialde osorako argindarra sortzen du. Bestalde, Bakuren esanetan, Azerbaijango armadak armeniarren esku zeuden zazpi herriren kontrola eskuratu du, Karabakh Garaiko mugatik gertu. Aurrez, larunbatean, beste herri bat bereganatu zuten azerbaijandarrek.

Bien bitartean, nazioarteak su-etenerako deiak egiten jarraitzen du. Azerbaijango presidente Ilham Alievek, ordea, ohartarazi du ez dela elkarrizketarik izango Armeniak «okupatutako lurrak» itzultzen ez dituen bitartean: «Ez ditugu hitzak nahi, ekintzak baizik».

Karabakh Garaiko Gobernuak erantzun dio Azerbaijani esanez haien herrialde osoaren aurkako erasoaldia egingo dutela bonbardaketak eten ezean. Izan ere, eta nazioartearentzat Karabakh Garaiak Azerbaijanen menpeko eskualde izaten jarraitzen duen arren, hark 1994ko bake akordioen ostean aldarrikatu zuen independentzia, eta modu autonomoan kudeatzen du lurraldea, Armeniaren laguntzarekin, armeniarrak baitira eskualdeko herritar gehienak. Hori da oraindik ere Nikol Paxinian lehen ministroaren jarrera. Estatuburuak Azerbaijani egozten dio Karabakh Garaiaren aurka jo izana, eta argudiatzen du «armeniarrak babesteko» erantzun diola Armeniak suari. Aldiz, Alievek leporatzen dio Erevani «bake prozesu guztia hondatu» eta «handinahi baten gisan» jokatzea, nazioartearen jarrera ere aintzat hartu gabe. «Armeniak ez du nahi bakerik; gatazka amaigabe hau luzatu nahi du. Hark nazioarteko erakundeek eskatutakoa bete izan balu, gatazka aspaldian amaitua legoke», adierazi du Alievek Al-Jazeera telebista kateari emandako elkarrizketa batean.

Oharra Europari

Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gerrak Turkiaren arreta erakarri du. Hasieratik, Azerbaijanen aldeko jarrera argia hartu du Ankarak, eta haren alde egin du. Recep Tayyip Erdoganen adierazpenen atzean bestelako asmoak daudela ohartarazi du, ordea, Paxinian gobernuburuak. «Nazioarteko komunitateak okerreko jarrera hartzen badu gatazka honetan, Turkia Viena ondoraino zabaldu da ohartuko da hemendik gutxira», lehen ministroak esan duenez, eta nabarmendu gaur-gaurkoz Karabakh Garaiak eta Armeniak oztopatzen diotela Ankarari iparralderako eta ekialderako bidea: «Turkiaren politika inperialista Kaukasotik harago doa».

Paxinianek adierazi du egun bizi duten gatazka 2016an izandakoa baino okerragoa dela, eta Armeniako genozidioarekin parekatu du: «Turkiako estatua beste genozidio baterantz doa. Munduak jakin behar du zer gertatzen ari den Karabakh Garaian. Siriatik terroristak eraman ditu Karabakh Garaiaren eta Armeniaren aurka borrokatzeko. Otomandar Inperioa berreraikitzea dute helburu».

Gatazkari buruz orain arte hitzik esan ez duena Donald Trumpen administrazioa izan da, zeinak, Frantzia eta Errusiarekin batera, Minskeko Taldea osatzen duen su-etena ahalbidetzeko elkarrizketak bideratu zituena. AEBetako Gobernuarentzat, baina, «barne gatazka bat» da Armenia eta Azerbaijanen arteko gerra eta, beraz, ez litzateke hura «nazioartekotu» behar. Mike Pompeo Estatu idazkariaren esanetan, nazioarteak ez luke gatazka horretan esku hartu behar: «Bi estatu horiei dagokie atzera egin eta elkarrizketetara itzultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.