Migrazio krisia. Kanariak

Miseriatik ihes egin ezinda

Kanarietan dauden etorkinak lekualdatzeko gune berriak prestatzen ari da Madril. Europako Batzordeko Barne komisarioa Marokon izan da, migrazioaz eztabaidatzeko

Migratzaileak Arguineguineko portura iristen, Kanarietan. ELVIRA URQUIJO A. / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
Las Palmas
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Migrazio krisia lehertu da Kanarietan. Urtea hasi zenetik, Afrikatik 20.000 lagun baino gehiago iritsi dira bertara, jatorriko herrialdeko egoerak ihes egitera behartuta, eta gehienak azken hilabeteetan heldu dira: urrian eta azaroan 12.000 etorkin erregistratu dituzte —beste 68 migratzaile iritsi ziren atzo, bi pateratan—. Itsasoko bide horri ekitea ez da erabaki makala; izan ere, zeharkaldi hori migrazio ibilbiderik hilgarrienetako bat da. Asteotan ere jazo dira ezbeharrak: joan den asteko asteartean zortzi pertsona hil ziren Lanzaroten izandako hondoratze batean. Baina amesgaiztoa ez da amaitzen lurra zapaldutakoan, ezta gutxiagorik ere.

Jokaleku horretan, kezka eragin du Kanarietako egoerak. Arguineguineko portuan etorkinek pairatutako tratuak agerian utzi du tragediaren tamaina. Lotsaren kanpalekua ere deitu diote han eraikitako kanpalekuari. Hasiera batean, 400 etorkin hartzeko diseinatu zuten, baina 2.600 lagun ere pilatu dira kaiko lurretan gauak pasatzen. Kopuru horrek behera egin du egunotan, migratzaileak jasotzeko gune gehiago atondu baitituzte. Batzuk militarrek kudeatutako Barranco Seco kanpalekura eraman dituzte, eta beste batzuk eraikin turistikoetan kokatu, besteak beste. Hala, igandean lekualdatu zituzten Arguineguinen geratzen ziren 27 migratzaileak, eta gunea desegitea lortu dute hiru hilabete pasatu ondoren. Erakundeek etorkinak atxikita izandako tokiaren «baldintza lazgarriak» salatu dituzte.

Espainiako Gobernuaren kudeaketa puntu beltzez betea dago, eta portuko kolapsoa da horren erakusle. Herriaren Defendatzaileak ere agindu zuen kanpalekua «berehala ixteko», funtsezko giza eskubideak urratzen ari direlakoan. Gurutze Gorria erakundekoek aitortu zuten egoera «konplikatua» dela. Horiek horrela, gobernuak hoteletan hartuta dauden 7.000 etorkin lekualdatzeko plana abiatu zuen, eta horretarako espazio berriak prestatzen ari da.

Hainbatek Greziako Lesbos uhartearekin ere alderatu dute egoera, Moriako muturreko baldintzak gogoan. Eta plan eta ekintza egoki baten hutsuneak eta berandu emandako erantzunek krisia okertu baino ez dute egin.Espainiako Gobernuren eta Kanarietakoaren arteko desadostasunek tentsioa sortu dute, baita koalizio gobernuko ikuspuntu desberdinek ere.

Angel Victor Torres Kanarietako presidenteak esan zuen ez dutela onartuko uharteak «kartzela bat» edo Europako «horma» bilakatzea. «Kanariak muga batzuk ditu. Ezin gara izan sarrera lekua eta amaierako puntua». Europarengana ere zuzendu zen, esanez ezin dutela «beste aldera begira egon».

Migratzaileak Iberiar penintsulara lekualdatzeko eskatzen dute Kanarietako agintariek, harrera baldintzak hobetzeko, baina Madrilek baztertu egin du aukera hori. Adierazi zuen «egoera zaurgarrian» dauden horiek lekualdatuko dituztela. Eusko Jaurlaritzak hirurogei etorkin hartzeko proposamena egin du.

Krisiak bultzatuta,Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa Marokora joan zen atzo. Gobernuko ministroekin bilduko da han, eta hainbat kontu jorratuko dituzte: besteak beste, deportazioen eta Marokoko kostako mugako kontrola sendotzeko neurriak. Izan ere, azkenaldian igo egin da Kanarietara iritsi diren marokoarren ehunekoa. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ere azaroan bidaiatu zuen Rabatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.