Koronabirusa

«Larriki mugatutako» bizitzak

Bizkaiko Bioetika Batzordeak txosten bat egin du salatzeko pandemian zahar etxeetako egoiliarren eskubide eta askatasunak ez direla behar bezala errespetatu. Neurriak leundu ditzatela eskatu du

Egoiliar baten eskua, langile batenari helduta. BRAIS LORENZO /EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Birusaren datuek argi utzi dute kutsatu eta hildako gehien adinekoen artean izan direla, eta adinekoen egoitzak izan direla, hain zuzen ere, tokirik zaurgarrienetakoak. Pandemia hasi zenetik,1.400 egoiliar inguru hil dira Hegoaldean COVID-19aren ondorioz, eta atzo, Gipuzkoako egoitzetan hildako 332 egoiliarren omenez, plaka bat jarri eta lore eskaintza bat egin zuen Gipuzkoako Diputazioak Zarautzen (Gipuzkoa). Birusa hesitzeko asmoz, prebentzio protokolo zorrotzak ezarri dira egoitzetan, eta horrek, ezinbestean, egoiliarrei ere eragin die. Eragin horren ondorioak salatu ditu Bizkaiko Gizartean Esku Hartzeko Bioetika Batzordeak;izurri honetan egoiliarren askatasunak eta eskubideak «larriki mugatu» dituztela ondorioztatu du txosten batean. Eta protokoloak leuntzeko eskatu du, gehiago ezin dela «itxaron». Txertoaren onurak sumatu ahala, aldaketak ikusi behar direla esan du.

Hain zuzen ere, hirugarren olatuaren joera beheranzkoa da jada Hego Euskal Herrian; motel bada ere beherantz doa. Eta egoitzetan ere agerikoa da hobekuntza: apenas zenbatu duten kasu berririk azken astean. Bizkaian eta Gipuzkoan, pandemiaren bilakaera osoan ikusi gabeko datuak izan dituzte: ez dute kasu berririk zenbatu asteon. Hori horrela, 22 kasu baino ez daude Hego Euskal Herriko egoitzetan, abuztutik hona izan den daturik onena. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila prebentzio neurriak leuntzearen aurka agertu da; egoitzetako bilakaera «oso ona» bada ere kalean hain ona ez dela uste baitute.

Kontrara iritzi dio aipatu bioetika batzordeak. Egoiliarren bizitzaren normalizaziorantz txertoak jaso eta gero izenez kaleratu duen txostenean, neurriak leuntzea proposatu du. Alde batetik, egoiliarren bisitak ugaritzeko eta luzatzeko eskatu dute, eta bisita horietan kontaktu fisikoa baimentzeko. Baita egoiliarren irtenaldiak luzatzeko eta mugitzeko askatasun handiagoa emateko ere. Beste alde batetik, egoiliarren arteko harremanak leheneratzeko asmoz, bizikidetza taldeak handitu eta eremu komunen erabilera bultzatzea gomendatu du. Azpimarratu dute egoiliarren bakartzeak ez direla «behar baino gehiago» luzatu behar; gainontzeko herritar guztiek egiten dituztenen parekoak izan behar dutela, alegia. Neurriak leundu arte egoiliarrak «gehiegi babestea» saihestea gomendatu dute, kalterako izan daitekeelako.

Malguago

Bizkaiko Foru Aldundiak esana du martxoaren 1etik aurrera bisiten araudia malgutuko duela. Hori horrela, hiru lagunen bisitak jaso ahalko dituzte egoiliarrek, eta astean birritan irten ahalko dira. Nafarroako Gobernuak jakinarazitakoaren arabera, egoiliarrek baimena izango dute gainontzeko herritar guztiek egin ditzaketen gauzak egiteko: esaterako, jatetxeetara joateko.

Bioetika arloko adituek esan dute halakoak sustatu behar direla. Izan ere, azaldu dute ezarritako protokoloek «bakardade eta askatasun falta» ekarri dietela egoiliarrei, eta horrek «eragin psikoemozional» oso handia izan duela haiengan. «Osasuna lehenetsi dute, bizi kalitatearen eta bizi on eta betearen sentsazioaren kaltetan», gehitu dute. Txostenean azaldu dute egoitzetatik kanpoko harremanei kalte egiteaz gain egoiliarren arteko harremanei ere eragin diela egoerak. Beren errutinak aldatzera «behartu» dituztela eta, ondorioz, eguneroko ekintzak «nabarmen» gutxitu dizkietela. Halaber, salatu dute, egoiliarrek ez dutela izan aukerarik «zuzenean eragiten dieten» erabakietan parte hartzeko, ezta neurriak bete nahi dituzten edo ez erabakitzeko ere, «behaketa eta kontrola» oso handiak izan direlako.

Bizkaiko zenbait egoitzatako egoiliarren senideek ozenduak dituzte arta desegokiaren inguruko kexuak. Eta salaketa larriak egon dira. Esaterako, Ermuko (Bizkaia) Abeletxe egoitzako senideek salatu dute 2020ko martxoaren eta maiatzaren artean 50 egoiliar hil zirela «kalkulatu» dutela. Kalkulatu aditza azpimarratu dute haien adierazpenetan, zehaztu baitute egoitzaren zuzendaritzaren partetik informazio falta izan dutela. Egoiliarrak ospitalera egoera «penagarrian» heltzen zirela ere kontatu dute, deshidratazio egoeran euretako asko: «Gehienak egoera tamalgarrian eramaten zituzten Osakidetzako ospitaleetara; gehienek ez zuten bizirik iraun», adierazi zuen Marije Beitia egoitzako egoiliarren senideak BERRIAn elkarrizketa batean.Ermuan bezala, Barakaldon ere salaketa larriak egin dituzte senitartekoek. Vitalitas enpresako egoitzan dauden 138 egoiliarren osasun egoerak okerrera egin duela adierazi dute asteon bertan; «pisu galera eta deshidratazioa» orokorrak direla esan dute.

Bi egoitzetako familiek jarri dituzte kexak; Bizkaiko Batzar Nagusietan lehenak, zentroan bigarrenak. Egoiliarren egoera hobetzeko eskea egin dute, eta jazotakoaren erantzukizuna norena den argitzea ere nahi dute. Ikerketa bat egingo da Ermukoaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.