Indarkeria matxista. Ekialde Hurbila

Isiltasunaren aurka borrokan

Kuwaiten eta Libanon, gizarte zibilak ekinaldiak abiatu ditu indarkeria matxista desagerrarazi eta emakumeak baztertzen dituzten legeak indargabetzeko

Emakumeen eskubideen aldeko protesta bat, Beiruten. LUJAIN JO.
Beirut
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Martxo amaieran Turkiak urrats bat atzera egin zuen emakumeen eskubideen alorrean, eta alde batera utzi zuen Istanbulgo Akordioa, zeinak indarkeria matxistaren aurkako neurriak biltzen dituen. Erabakiak protestak eragin zituen, baina Ankarak ez zuen amore eman. Emakumeen mobilizazioek, ordea, izan dute arrakastarik beste herrialde batzuetan, Kuwaiten eta Libanon kasurako.

«Aldaketa iraunkorrik ez dagoen bitartean, ez gaituzte isilaraziko». Halaxe aldarrikatu zuen Ascia Al-Faraj Kuwaiteko blogari entzutetsuak —bi milioi jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen—, eta emakumezko herrikideei galdegin zien jasandako sexu erasoak salatzeko. Eta haiek kasu egin zioten. Handik gutxira, Ez naute isilaraziko orrialdea agertu zen Instagramen (arabieraz, Lan Asket); orrialde horrek aukera eskaintzen zien emakumeei norberak jasandako erasoen berri eman eta besteen testigantzak irakurtzeko. «Ez dakit nola azaldu zer sentitzen nuen, baina egin beharra nuen». Hala adierazi dio BERRIA-ri Xaima Xamok, orrialdea ireki zuen 28 urteko medikuak. «Ikusiak nituen erasoak salatzen zituzten emakumeen bideoak, eta gauza bera egiteko garaia zela sentitu nuen. Orria ireki orduko hasi zitzaizkidan mezuak ailegatzen. Gau hartan, ez nuen lorik egin», kontatu du Xamok.

«Gizon batek jarraitu egin zidan igogailuraino. Barrenean sartu ginelarik, goitik behera begiratzen hasi zitzaidan, lizunkeriak esan eta, joan nendin eragozteko, botoia sakatzen zuen bitartean. Handik ateratzeko lasterka hasi nintzenean, halakoak oihukatzen segitu zuen, baina segurtasun agenteek ez zuten deus egin. Hijab bat eta arropa diskretua neramatzan. Beraz, modu arruntagoan jantziko bagina halakoak ez liratekeela gertatuko dioen jendeak ernatzen hasi beharko luke». Hori Kuwaiteko emakumeek atarian argitaratutako dozenaka testigantzetarik bat besterik ez da; izan ere, orriak 12.000 jarraitzaile lortu zituen berehala. Hainbat emakumek kontatu dute leku publikoetan ukituak egin izan dizkietela, eta ez dutela salaketarik paratu errepresalien beldur direlako.

Egitasmoak eragina izan du Kuwaiten: bi aste eskasen buruan, Kuwaiteko Parlamentuko zenbait kidek eraso matxistak geldiarazteko legeak proposatu zituzten. Kuwaiteko nahiz Ekialde Hurbileko hedabideek, berriz, proiektuaren berri eman zuten; izan ere, sare sozialetan abiaturiko egitasmo hori mundu guztian zabaltzen ari den aldarri baten parte da, emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea baitu helburu, baina baita emakumeak baztertzen dituzten legeak indargabetzea ere.

Herrialde txikia da Kuwait, lau milioi biztanlekoa, Irakeko lurren eta Persiar golkoko urek zedarrituriko lurraldea, eta, hango Zigor Kodean aurreikusitakoaren arabera, zigor murriztuak ezartzen zaizkie emakumeak erail dituzten gizonei, baldin eta emakumeak adulterio egiteaz salatuak izan badira aurrez. Kode horretako lege batzuek, gainera, alor hauetan ere diskriminatzen dituzte emakumeak: ezkontzan, dibortzioan, haurren zaintzan eta lanean. Kuwaiteko agintariak behin baino gehiagotan kritikatu izan dituzte ez aintzat hartzeagatik eraso salaketak, edota erasoak jasan dituzten emakumeak atzera beren erasotzaileengana itzularazteagatik. Iranen, ez dago indarkeria matxistaren kontrako neurririk, eta legeriak kriminal bihurtzen ditu hijaba janzteko betebeharraren kontra protesta egiten duten emakumeak, zenbait aktibista atxilotzeraino, hala nola Yasaman Ariayi eta Saba Kordafxari. Persiako herrialdean, zilegi da senarrak emazteari ukatzea atzerrira bidaiatzeko pasaportea; gainera, zilegi zaio familiaren bizilekua hautatzea, eta zer esana edukitzea emakumeek zein enplegutan lan egin behar duten. Saudi Arabian, agintariek erreformatu egin dute gizon tutoreen sistema, baina emakume aktibistek ohartarazia dute gizonek oraindik ere beto eskubidea balia dezaketela emakumeen askatasun eskuratu berrien inguruan. «Desobedientzia» esaten diote: gizonek zilegi dute horretara jotzea alaben eta emazteen kontrako salaketak aurkezteko, eta, horren eraginez, zilegi da emakumeak kartzelatzea eta tutorearen etxera itzularaztea.

«Baina legeak aldatu eta orain ditugunak bazterrean utzi aurretik, jendearen pertzepzioa aldatu beharra dago», Xamoren iritziz. «Legeria berri batek ez du ezertarako balioko baldin eta jendeak lehengo pentsaera bera badu». Hark azaldu duenez, Kuwaiten tabu da sexu erasoez hitz egitea, eta, era berean, tabu da emakumeek polizia etxera jotzea ere. Ez da inolako pedagogiarik egiten zer den sexu eraso bat: «Zenbait familiatan gai horietaz hitz egiten diete alabei, baina gehien-gehienetan zera esateko, 'gauez ezin zara irten', edo 'ezin zara horrela jantzi inork zuri erasotzerik nahi ez baduzu'».

Erantsi du, halaber, Kuwaiteko emakumeek «norbere eskarmentuz» ikasten dutela gai horri buruz: «Webguneko hainbat mezutan, eraso batzuk salatzen dira, 8-9 urteko neskato zirelarik jasandako erasoak», kontatu du Xamok, atsekabeturik. Honela dakar webgunean jarritako pasarteetako batek: «Eskolako txango batean nengoen, eta toki jendetsu batean gertatu zen. Gizon batek atzealdea estutu zidan eskuaz, eta mahai baten kontra bultzatu. Ez neukan ihesbiderik, hark segundo batzuetan gozamen hartzen zuen bitartean. Ez nion inori ezertxo ere kontatu, baina oraindik ere gogora datorkit tarteka». Ez naute isilaraziko atarian, berriz, badira infografia batzuk, azaltzen dutenak zer den eraso bat, eta zenbait aholku ere ematen dira holako erasoen zuribideak desegiten ikasteko.

Emakumeen eskubideak babesteko Kuwaiteko Parlamentuan sortutako batzorde berria albiste iturri izan zen joan den abenduan, kide guztiak gizonak direlako. Kalean, emakume kuwaitarrak eta emakume atzerritarrak batera borrokatzen ari dira andreak babestearen alde, autobus publikoak seguruagoak bihurtzeko zenbait proiektu garatuz. Kuwaiteko biztanleen bi herenak immigranteak dira, eta Indiatik, Filipinetatik eta Bangladeshtik iritsitako milaka eta milaka emakume etxeko lanetan aritzen dira, erdi esklabo. Haiek erabiltzen dute gehien garraio publikoa, eta autobusetan jasaten dituzten erasoengatik eta segurtasun faltagatik egin zuten protesta.

Lan egiten duten etxeetan, ordea, emakume immigrante horiek babesik gabe daude beren enplegatzaileen boterearen aurka. HRW Human Rights Watch taldeak, besteak beste, aldian-aldian salatzen du haietako askok sufritzen duten lan esplotazioa, eta baita sexu abusuak ere. Hala eta guztiz ere, etxeko langileek ezin dituzte beren enplegatzaileak utzi, enplegatzaileak berak baimenik ematen ez badie. Kafala sistemak lege babesa eskaintzen die emakume immigranteei beren enplegatzaileen ardurapean dauden bitartean; izan ere, enplegatzaileak haien babesle dira herrialde horretan. Langileak ihes egiten badu, linboan geratzen da, eta atxilotua izan daiteke.

Babeslekurik ez

Libanoko hegoaldeko Majdel Slim herriko biztanle eta irakasle Mona Hijazik ez du uste Ez naute isilaraziko orrialdeak funtzionatuko duenik bere bizilekuan: «Hemen, emakumeek oraindik ez daukate ausardia nahikorik beren gertukoei azaltzeko zer eraso jasaten dituzten. Emakumeen bizitza sozialari kalte handia egingo lioke horrek. Mundu guztiari axola zaio izen ona izatea», kontatu du Hijazik.

Irakasle horrek proiektu sozial batzuetan parte hartzen du: egitasmo horietan, emakumeen alde egiten saiatzen dira lurralde bereziki kontserbadoreetan. Esparru guztietan dagoen genero desberdintasuna salatu du Hijazik. «Pentsioak, adibidez, aitei bakarrik ematen zaizkie, eta ez amei. Haurrek, gainera, aitaren nazionalitatea hartzen dute, eta ez amena». Ezkontza goiztiarra ere aipatu du: «Libanoko eskualde batzuetan gertatzen da, zenbait arrazoirengatik, baina arrazoi nagusia pobrezia da. Familiek dirua aurrezteko ezkontzen dituzte alabak». Ziurtatu du herritar xumeek gero eta arma gehiago izatea ere etengabeko mehatxu bat dela hango emakumeentzat.

Emakumeen aurkako etsaitasuna areagotzen ari da Libanon, eta hala erakusten du ABAAD Genero Berdintasunerako Baliabide Zentroaren laguntzarako telefonoak. Emakumeen eskubideen aldeko erakunde horrek 4.127 dei jaso ditu 2020an, 2019an baino hiru aldiz gehiago. «Konfinamenduak eta krisi ekonomikoak areagotu egin dute emakumeen aurkako indarkeria, bai alderdi emozionalari eta bai fisikoari dagokienez, batez ere etxean», baieztatu du erakundeko kide Zeinab Mortadak. Bizirik atera diren emakumeek, Mortadak dioenez, ABAADi ondo sufrituta azaltzen diote zer esan nahi duen hainbat egunez erasotzailearekin giltzapetuta egoteak. Konfinamenduak «bakartiago sentiarazten ditu, laguntza sareetarako sarbiderik gabe, beste garai batean familia edo lagunak baitzituzten, eta orain ez». Horren ondorioz, erasotzaileek «oldartzeko motibazio handiagoa» dutela dio.

Abusuen beldur, halako egoerak pairatu behar izaten dituzten emakume askok estrategiak erabiltzen dituzte erasotzaileari ihes egiteko, baina, «zoritxarrez, askotan ezin izaten dute eragotzi indarkeria». Mortadak dioenez, azken hilabeteotan «emakume asko ari dira bikotekidearen erasoak salatzen, lehen aldiz». Arrisku sentsazioa indartuz doan heinean, emakumeen osasun mentalak «okerrera egiten du, eta arriskua izaten dute buruko nahasmenduak pairatzeko, hala nola antsietatea, depresioa eta beren buruaz beste egiteko edo substantzia gehiegi hartzeko arriskua».

Gizarte zibila antolatu egin da agintarien babes faltari aurre egiteko. ABAADen, behin-behineko aterpea eskaintzen diete «arriskuan dauden emakumeei», eta bizitza berri baterako prestatzen dituzte, euren kabuz eta bikotekide ohiarengandik urrun bizi ahal izateko.

«Gaitasun ekonomikorik ez izatea eragozpen bat da emakumeek euren erasotzaileak uzteko. Ondorioz, indarkeriaren zikloak gehiago irauten du, eta larriagotu egiten da», azaldu du Mortadak. Hala ere, gero eta emakume gehiagok eskatzen dute babes ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.