Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Gatazken konponbidea Frantziako Asanblean. Euskal Herria

Josu Urrutikoetxea: «Elkarrenganako bortizkeria zurrunbiloak sorgortu egin gaitu»

Euskal Herriko gatazkaren konponbideko alde bakarreko bidea «ahitua» dela erran du Josu Urrutikoetxeak, gatazkaren konponbideez Frantziako Asanblean antolatutako jardunaldietan. Nazioartearen eta gizarte zibilaren garrantzia azpimarratu dute Currinek, Dudouetek eta Guibet-Lafayek.

Goitik eta ezkerretik hasita, Josu Urrutikoetxea, Veronique Dodouet, Frederigue Espagnac, Brian Currin eta Caroline Guibet-Lafaye.
Goitik eta ezkerretik hasita, Josu Urrutikoetxea, Veronique Dodouet, Frederigue Espagnac, Brian Currin eta Caroline Guibet-Lafaye. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko maiatzak 26

Nazioarteko gatazken konponbideei buruz jardunaldiak egiten ari dira atzo eta gaur Frantziako Asanblean, Etsaien artean hitz egin izenburupean. Sebastien Nadot diputatuak eta Michel Wievorka soziologoak antolatu dituzte mahai inguruak, La Bande Passante elkartearekin batera, eta, besteak beste, Israel eta Palestinako, Kolonbiako, Ipar Irlandako eta Kongoko egoerak aipatuko dituzte. Atzo arratsaldean, Euskal Herriaren kasua izan zuten hizpide, eta negoziazio faseetan izandako gorabeherez aritu ziren Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historiko eta bitartekaria, Brian Currin nazioarteko bitartekaria, Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendaria eta Caroline Guibet Lafaye filosofo eta soziologoa, Frederique Espagnac senatariaren gidaritzapean. Judyta Wasowska HD zentroko kidea ere aurreikusia zen, baina azkenean ez zuen parte hartu.

Gaur egun, Urrutikoetxearen kontrako bi prozedura irekiak ditu Frantziako Justiziak, 2005-2007 eta 2011-2013 urteetako negoziazio faseetan ETAren ordezkari izatea leporatuta, eta hura Espainiaratzeko lau eskaera egin ditu Espainiak —bi baztertuak izan dira jadaneko—. Sinbolikoki indartsua zen, beraz, atzoko argazkia, nazioarteko gainerako bitartekari eta adituen artean beste bat gehiago bezala agertu baitzen Urrutikoetxea. Irudi hori, baina, ez da denen gustukoa, eta hizlarietako batzuek ez parte hartzeko «presioak» jasan dituztela kontatu zuen Guibet Lafayek, xehetasun gehiago eman gabe.

Urrutikoetxeak berak hartu zuen hitza lehenik, eta Euskal Herriko gatazkaren iturburuak azaldu zituen, historikoki kokatuz. Nafarroaren konkista, Espainiako eta Frantziako estatu nazioen sorrera, karlistadak eta diktadura frankista. «Frankismoaren kontra gerla galdu zutenen seme-alaben belaunaldiak sortu zuen Euskadi Ta Askatasuna». Frankismo garaian iritsi zen «bortizkeriaren zurrunbiloa», haren hitzetan. «Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren lehen helburua gatazka bortitzari amaiera ematea eta gatazka konpontzea izan da. Dolu dut, eta samina eragiten dit, gatazka bortitzaren amaiera beranduegi iritsi izana. Indarkeriak, zeina ez baita berez inoiz helburu izan, zoritxarrez galera itzulezinak eta bi aldeetako biktimak eragin ditu, eta ezinbestekoa da denak aitortzea», adierazi zuen. «Indarkeriaren amaiera gogoeta politikoen emaitza da, baina etikaren arloa da hemen lehentasuna. Tamalez, luzaroegi ez zaio behar bezalako arretarik jarri alderdi horri, etengabe larriagotu den elkarrenganako bortizkeria zurrunbiloaren ondorio gaiztoengatik. Zurrunbilo horrek sorgortu egin gaitu, alde batekoak zein bestekoak, besteak bizi zuen sufrimenduaren aurrean».

Nazioartea eta gizartea

Negoziazioak posible izan zitezen, zubiak eraikitzeko bitartekariak eta elementuak bilatzea izan da nagusiki Urrutikoetxearen lana, haren erranetan. Nazioarteak emandako babesa aipatu zuen hor, 1989an Aljeriako Gobernuak jarritako azpiegitura eta 2000. urtetik aitzina HD zentroak egindako lana azpimarratuta.

Brian Currinek kontatu zuen 2004an Euskal Herriko ezker independentistako kideak bera ikustera joan zirela Hegoafrikara, rol definitu bat jokatzeko prest al zegoen galdetuta. «Helburua zen euskal presoen askatasuna lortzea negoziazioen amaieran». Garai hartan ETAk su-eten iraunkor bat abiatua zuela oroitarazi zuen Currinek, «baina atentatu batek bukaera eman zion prozesu horri». Bi aldeetakoek hitz egiteko engaiamendua atxikitzea izan zen haien rola, haren hitzetan. «2007-2008 artean, etengabeko harremana genuen ezker abertzalearekin; bortizkeria baztertzea eta bakea negoziatzeko politika bat abiatzea erabaki zuten».

Baina nazioarteko babesa«falta» zuen Euskal Herriko prozesuak, eta horren bila joan ziren. «ETA gaizkile talde baten gisan ikusia zen, eta Espainiak konpondu beharreko barne arazo bat zen». Bruselako Adierazpenera eta handik Aieteko Nazioarteko Konferentzia antolatzera nola iritsi ziren esplikatu zuen. «Ondorengo bitartekari talde guziak unilateralki osatu dira, Espainiak eta Frantziak ez dutelako parte hartu nahi izan, nahiz eta 2007 inguruan bestelako engaiamenduak hartu».

Veronique Dudouet Berghof fundazioko kideak aipatu zuen Euskal Herrikoa ez dela prozesu «konbentzionala» izan, eta gizarte zibilak izandako parte hartzea goraipatu zuen. «Baina etsaien arteko elkarrizketarik ez izateak gainerako elementuak konpontzea oztopatu zuen: bai presoen eta biktimen gaia, bai Euskal Herriaren etorkizun politiko eta instituzionala».

Barne dinamikak ere aipatu nahi izan zituen. «Nire esperientziek erakusten dute bortizkeria buka daitekeela erakundeetako kideek paradigma aldaketa bat erabakitzen dutelarik. Horretarako, barne lanketa bat behar da, gainerako kideek aldaketa hori onar dezaten. Euskal Herrian, mugimendu independentistako kideek bortizkeria baztertzea erabaki zuten, aldaketa eskatzen zieten euskal gizarteko ahotsak entzunez. Estrategia hau ez zen posible izanen mugimenduaren bihotzean engaiatutako nukleo indartsu bat egon ez balitz». ETAk gogoeta eta eztabaida fase «luze eta sakon bat» abiatu zuela erran zuen, kide guziei hitza emanez: sasian, kartzelan, atzerrian... 3.000tik gora kidek parte hartu zutela erran zuen Dudouetek.

1980ko hamarkadatik bakearen alde sortutako erakunde zibilak ere gogoan izan zituen: Elkarri, Lokarri eta Bake Bidea. «Proposamen konkretuak egin zituzten, karrika itsutik ateratzeko». Esplikatu zuenez, 2010etik aitzina egin diren jardunaldi eta foroen bidez publikoak bere egin zuen bake prozesua, eta, horren ondorio gisa, «herritarrak erdigunean» jarri dituen Bakegileak sortu ziren. Aipamen berezia egin zion Luhusoko operazioari, «militante ausart haiek» egindakoa goraipatuta. «Modelo horrek behatzaile zibilen parte hartzea ahalbidetu du, baita 20.000 herritarren babesa eskuratzea ere. Gatazkaren desmilitarizaziorako, gizarte zibilaren inplikazioa ezinbestekoa da».

Gatazkaren ondorioak konpontzeko aldebakarreko bidea «ahitua» dela uste du, bestalde, Urrutikoetxeak. Biktima guzien aitortza, erreparazioak, preso eta iheslarien gaia konpontzea, eta justizia trantsizionalaren printzipioei jarraitzea aipatu zituen baldintza gisa.«Etsaiarekin bakea egiteak ez du gatazkaren erabateko konponbidea erran nahi; bereziki, gatazkaren muina eta ondorioak ez badira konponduak». Azken hilabeteetan presoen gaian aurrerapausoak izan direla onartu bazuen ere, gatazkaren ondorio guziak konpontzetik «urrun gaude», haren ustez. Horretara iristeko, nazioartearen bitartekaritza eta gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkoak izanen direla erran zuen. Halako prozesuek izaten duten iraupen luzea nabarmendu zuen Currinek. «Gaur egun, Hegoafrikako gatazkaren ondorio guziak ez dira konponduak izan, eta horren ondorioak bizitzen ari gara oraindik, 25 urte berantago».

Etsaiak aurkari bilakatzea

Guibet Lafayek «etsai izateari utzi eta aurkari bihurtzeko prozesu» gisa aurkeztu zuen gatazkaren konponbidea, eta beharrezkotzat jo zuen bi aldeen artean nolabaiteko «konfiantza» giroa sortzea: «Batzuen eta besteen jarrerak horretan eragiten du». Negoziazio fase bakoitzean izandako gorabeherak aipatu zituen, Aljerreko negoziazioen ondotik Espainiak «hitza jan» zuela, ETAren Barajasko atentatua eta mugimendu politikoen kontra Espainiako Gobernuak hartutako ekinbideak zerrendatuta.

Aieteko Konferentziaren ondotik ETAk armak utzi eta gaur arte Espainiak emandako erantzuna nabarmendu zuen, «etsai bat eraikitzeko estrategia» izan dutela argudiatuta. Ezkor agertu zen hemendik aitzina har dezakeen bilakaeraz, eta, besteak beste, aipatu zuen unibertsitatean badela korronte bat biktimen elkarteek eta Alderdi Popularrak babestua, Euskal Herrian gatazkarik egon ez den ideia sustatzen duena.

Azkenaldian Europara ez dela etorri erran zuen Currinek, eta interesez entzun zituen batzuen eta besteen erranak. Lorgarriagoa izan daitekeelakoan, Frantziaren jarrera aldaketarako aukerarik ote dagoen galdetu zuen. Urrutikoetxeak eta Espagnacek erantzun zioten: «Gaur-gaurkoz, ez».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EAJren burukideak, BECeko Batzar Nagusian ©Monika del Valle / Foku

«Entzute aktiboko» prozesu bat abian jarriko du EAJk datozen hilabeteetan

Gotzon Hermosilla

Jeltzaleak VIII. Batzar Nagusia egiten ari dira Barakaldoko BECen.

Igandean egin ziren kontzejuetako hauteskundeak. Irudian, Añuako herritarrak botoa ematen. ©ARABAKO KONTZEJUEN ELKARTEA

Arabako kontzejuen %24k izango dute emakume bat lehendakari

Edurne Begiristain

Kontzejuetako administrazio batzarretako ordezkariak aukeratu dituzte. Finantzaketa, digitalizazioa, emakumeen parte hartzea eta despopulazioa izango dituzte erronka nagusi

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Aukera bat» aurrekontuei

Jon O. Urain

EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik jarri Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, «elkarrizketarako borondate zintzoa» erakusteko. Eskertuta erantzun du Urkulluk: «Bide berri bat irekitzen da»

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua ©Raul Bogajo / FOKU

Garamendik ez du parte hartuko Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentzian

Oihane Puertas Ramirez

Adierazi du Espainiako Gobernua hitzartutako «aldebiko akordioak behin eta berriz ukatzen» ari dela, eta Sanchezen Gobernuari eskatu dio bete dezala Eusko Jaurlaritzarekin «hitzartutakoa». Garamendik nabarmendu du ez dutela onartuko «Eusko Jaurlaritza gutxiestea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria