Gatazken konponbidea Frantziako Asanblean. Euskal Herria

Irtenbideen zidorrean Frantziako Asanblean

Nazioarteko gatazketako konponbide prozesuetatik atera daitezkeen irakaspenez jardun zuten atzo Frantziako Asanblean antolatutako jardunaldietan. Alde guziekin hitz egiteko eta gizarte zibila inplikatzeko beharra azpimarratu zuten, nazioarteko erakundeen rola aztertzearekin batera.

Frantziako Asanbleako mahai inguruan parte hartu zuten hizlarietako batzuk. Ezkerretik eskuinera: Jonathan Cohen, Monique Chemillier-Gendreau, Philippe Texier, Liv Torres eta Teresa Whitfield. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun

Nazioarteko gatazkak eta horien konponbide prozesuak izan dituzte hizpide bi egunez Frantziako Asanblean Etsaien artean hitz egin izenburupean. Euskal Herriko prozesua izan zuten mintzagai, besteak beste, herenegun egin zuten mahai inguruan, eta, atzo, solasaldietatik ateratako irakaspenez eta ondorioez eztabaidatu zuten nazioarteko zenbait adituren artean.

Ikusi gehiago atzoko saioez: Elkarrizketarako eta arriskuak hartzeko beharra Ipar Irlandan.

Hitza hartzen lehena izan zen Teresa Whitfield; NBE Nazio Batuen Erakundeko Bakegintza eta Politika Departamentuko Politika eta Mediazio Dibisioko zuzendaria da Whitfield, Henri Dunant zentroko aholkulari nagusia eta Euskal Herriko prozesuan aditua; hain justu, euskal bakegintza prozesua jarri zuen «eragileen engaiamendu sortzailearen» adibide, baita «inguruabar politikoek» aldebakarreko prozesu bat garatzera bultzatu zutenean ere.

[Youtube]https://youtu.be/wtsPha0BOjc[/Youtube]

Esplikatu zuen NBE mundu mailako gatazka anitzetan dela engaiatua, bakea atxikitzeko edo berrezartzeko helburuarekin. «Gatazka batean, kanpoan elkar elikatzeko gai diren etsaiek beren artean mintzatzeko gai izan behar dute. Gure rola da alde guziak laguntzea hitz egiteko baliabideak aurkitzen». Hori lortzeko bitartekaritzak martxan jartzen saiatzen dira, baina modu «informalean» ere aritzen direla erran zuen. Hirugarren alde bat dagoenean «arrakasta handiagoa» lortzeko aukera dagoela baieztatu zuen. «Borondate politikoa ezinbestekoa da, eta gogoan izan behar da bakera itzultzea luzerako afera dela».

Whitfielden hitzetan, alde guzien sinesgarritasuna eta konfiantza landu behar da. Hori nazioarteko erakundeek bideratu dezakete, baina baieztatu du badirela beste aktore anitz bitartekaritzan aritu daitezkeenak. «Badira beste pertsona batzuk ere biziki eraginkorrak izan daitezkeenak, rol definitua ez izan arren». Euskal Herria jarri zuen horren adibide.

NBEko adituaren hitzetan, bere erakundeak «denekin» hitz egin behar du, «baldintzarik gabe», baina bitartekarien segurtasuna zaintzea ere beharrezkoa dela erran zuen, eta ohartarazi gatazka batzuetan bitartekariak erasoak izan direla. «Elkarrizketak beste herrialde batean antolatzea ere interesgarria izan daiteke alde guzien segurtasuna bermatzeko gisan». Hala ere, argi utzi zuen: «Guk babesa eta sostengua ekar ditzakegu, baina aldeei dagokie gatazkari amaiera ematea».

Michael Keating Bakerako Europako Institutuaren zuzendari exekutibo eta NBEko idazkari nagusiaren Somaliarako ordezkari ohiak azaldu zuen zaila dela zehatz kalkulatzea, baina merkeagoa dela bakegintzan baliabide ekonomikoak jartzea segurtasunean baino: «Gatazkaren prebentzioa eta konponbidea oharkabean igarotzen dira; indarkeriak, berriz, arreta handia pizten du». Gatazka bortitzen kostua «izugarri handia» dela nabarmendu zuen: pertsonala. Psikologikoa, ekonomikoa eta finantza arlokoa. «Munduko eskualde anitzetan ikusten dugu hori. Ezin neurtua da zenbat aurreztuko genukeen gatazkak konpontzearekin».

Gatazkaren konponbideetan «krisi» bat dagoela argudiatu zuen Keatingek. «Biziki zaila da erakundeentzat babesa lortzea; haien ekintzekiko ulermen eta babes politikoa ez da aski indartsua». Galdera egin zuen, ea azken urteetan nola eragin duten Frantziak eta Europak gatazken konponbideetan. «Ez da beharrezkoa erratea bortizkeria gehiagoren perspektiba indartzen ari dela: estatuen eta muturreko taldeen artean. Munduko historiaren pasarte beldurgarri batera heltzen ari gara».

Gatazken konponbideak «eskala anitzetako esku hartzeak» behar dituela azpimarratu zuen, eta kritiko agertu zen estatuen lan diplomatikoarekin. «Anitzek erraten dute bitartekaritzan parte hartzen dutela. Bitartekaritza sexya da, ongi da, baina, iraganean egin dena kontuan hartu gabe egiten bada, instrumentalizatua bada beste helburu batzuk lortzeko, horrek kezkatzen nau».

Irakaspenak kontuan hartu eta alde anitzetako sostenguak plantan eman behar direla erran zuen, «gobernuetatik at», luzera begirako ikuspegi bat ukaiteko. «Plantan diren gobernuen esku gelditzen bada, ez da batere egonkorra, gobernuen arabera aldatzen delako».

Gizarte zibilaren beharra

Jonathan Cohen Conciliation Resources erakundeko zuzendari exekutiboaren esanetan, bake prozesuak ez dira elkarrizketa mahaian hasten eta amaitzen, eta beharrezko jo zuen «gizartean bakearen aldeko sostengua zabaltzea», argudiatuta bake negoziazioen arriskuetako bat dela «hierarkiak pribilegiatzea». Euskal Herriko kasua izan zuen hizpide hark ere, «berezia» izan dela nabarmenduta. «Bitartekariek bakea nahi zuten, horren publizitatea egiten zuten, eta maila lokalean lan eginez lortu dute babesa. Tokian tokiko militanteak askotan ez dira kontuan hartuak, barne hartuak, eta hori domaia da. Batzuetan norbanakoak produktiboagoak gara, eta estatuek lortzen ez dutena egitea lortzen dugu, malguagoak garelako, eta gure ekiteko moduak egokitu ditzakegu. Beste alde batzuek hartzen ahal ez dituzten arriskuak har ditzakegu».

Negoziatzaileen defentsa ere beharrezkotzat jo zuen: «Negoziatzaileak ere babestu behar dira, nahiz eta bakoitza bere aldearen defentsan ari den. Muga juridikoak jartzen zaizkienean, haien negoziazio gaitasunean oztopatuak dira».

Kezka agertu zuen Liv Torres Norvegiako Nobel Bakearen Zentroko zuzendari exekutibo ohiak: «Europako parte batek ez du gerra bizi izan, eta batzuetan ikusten ditugu gerra jokoak. Zabaldu behar dugu bakearen garrantzia, eta gerraren kostuak izugarriak direla». Horregatik, ohartarazi zuen galdetu behar dela zer nahiago den: «Gerra bat irabaztea edo bakea eraikitzea». Torresek ere adierazi zuen lan zailena bake akordio bat lortu ostean datorrela, eta negoziatzaileek babesa behar dutela: «Posizio arriskutsua da».

Euskal Herriko prozesua izan zuen hizpide Philippe Texierek ere. Frantziako Kasazio Auzitegiko ohorezko aholkularia da, eta nazioarteko erakunde anitzetan hartzen du parte. Euskal Herriko gatazkaren konponbidea sustatzeko Frantzian osatu zen jurista taldean ere parte hartu zuen. «Ipar Euskal Herrian zinezko borondate popular eta orokorra bada. Ezkerretik eskuinerako alderdi guziek, hautetsi guziek, gobernuz kanpoko erakunde guziek, bake borondate hori badute». Haatik, Frantziak eta Espainiak «ez dute borondaterik» erakutsi beren hitzetan. «Ez gara justizia trantsizionalaz ari. Preso diren ETAko kideei dagokienez, Frantziak ez du bere legea ere betetzen. Iduri du ez dituztela nehoiz askatuko, nahiz eta larriki eri izan edo baldintzapeko askatasunerako aukera izan».

Haren arabera, konponbide negoziatua da irabazteko aukera bakarra, baina, Kolonbia eta Salvadorreko adibideak aipatuta, behin bake akordioa lortuta nazioarteko bitartekaritzak segitu behar duela argudiatu zuen. «Ez da bukaera, hasiera baizik». Alde horretatik, negoziatzaileen eta gudari ohien defentsaz «kezka» agertu zuen. «Kolonbian erailketak daude egunero. Zigorgabetasun handia dago».

NBEren «porrota»

Monique Chemillier-Gendreau izan zen hitza hartzen azkena. Nazioarteko zuzenbidean aditua da, eta nazioarteko auzitegietan defentsa mintzaldiak egin izan ditu, besteak beste Hagan. Oso kritiko mintzatu zen Nazio Batuen Erakundeari buruz, gaur egun gatazken konponbidean duen parte hartzea «marjinala» dela ebatzita. «Gatazka horietako bakoitzaren tipologia ez da NBEren sorreran aurreikusten zenaren araberakoa; NBE pentsatua izan zen erakundeko kideen arteko gatazkak konpontzeko», adierazi zuen.

Nazioarteko zuzenbideak gatazka horiek konpontzeko balio lezakeela uste du, baina gaur egun «biziki ahula» dela ohartarazi zuen. NBEren sinesgarritasuna «jokoan» dagoelakoan, bere «porrota» esplikatzeko arrazoiak eman zituen: Segurtasun Kontseiluaren «izaera aristokratikoa», batetik, bost kide iraunkorrek «bere interesak defendatzeko» beto eskubidea erabil dezaketelako. Bestetik, NBEk ez duelako hasieran aurreikusi moduan «interbentzio indarrik».

Era berean, NBEko Segurtasun Kontseiluak armamentuak arautzeko bere betebeharrari «ez ikusiarena» egiten diola ebatzi zuen, eta deitoratu zuen ez duela jakin defentsa legitimoaren erabilpena «zorrozki» arautzen. «Estatuak utzi ditu aitzakia hori erabiltzen ekintza ilegaletarako, eta duda airean utzi du defentsa legitimo prebentiboari buruz». Funtsean, nazioartean estatuen subiranotasunari ematen zaien garrantziak, haren ustez, ez du modua eman gatazken konponbidean «rol erabakigarri bat» joka dezan. «NBEren erreforma bat ezinbestekoa da, baina ezinezkoa bost estatuen beto eskubideagatik. Instituzio berriak pentsatu behar dira, etsaien arteko elkarrizketak ahalbidetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.